Alaitz Eskudero Unanue, Amets Ormaetxea Ezpeleta, Eneritz Aulestia Mutiozabal, Garazi Otaegi Lasarte, Irati Gutierrez Artetxe, Leire Etxezarreta Learreta eta Maria Lasa Hilario dira Neomak. Trikitixa txapelketetatik elkar ezagutzen zuten arren, 2021eko urtarrilean igo ziren aurrenekoz oholtzara talde moduan, tradizioa eta berritasuna uztartuz. Taldearen sorreraz, atera berri duten lehen diskoaz, zuzenekoez... hitz egin digute.
Musikaren munduan gazte-gazterik hasi zineten arren, gehienok Kepa Junkeraren ondoan ezagutu zintuztegun. Nola sortu zen harekin lan egiteko aukera? Nolako esperientzia izan zen?
Kepa Junkerarekin hasi aurretik, guk denok trikitixa txapelketetatik ezagutzen genuen elkar. Bikote gisa nahiz aurkari aritu ginen zenbaitetan; garai horren bueltan, Kepak proiektu berri bati hasiera eman nahi ziola eta horretarako pandero jotzaileen bila zebilela komentatu ziguten. Egun batez, berarekin elkartu, eta berak bere proiektuaren berri eman zigun. Harrezkero, entseguekin eta kontzertuekin hasi ginen. Beti esan ohi dugu musikaren arloan profesionalki sekulako aukera izan zela hura guretzat, gauza asko ikasi baikenituen. Baina, era berean, pertsonalki ere gauza asko eman zizkigun, bai bakarka eta baita taldean ere, tartean, gaur egungo laguntasuna.
(Argazkiaren egilea: Antonio Murillo)
Zerk eraman zintuzten Neomak taldea sortzera? Noiz eta nola sortu zen?
Bi urtez geldirik egon ondoren, konfinamendua pasa ostean, Arrasateko jaialdi batetik deitu ziguten zerbait puntuala egiteko asmoz, eta hala egin genuen, erromeria moduko zerbait. Handik nahiko gutxira, VII. Nafarroako Trikitixa Jaialditik dei egin ziguten hiru pieza jotzeko proposatuz, eta pixka bat gehixeago prestatzea pentsatu genuen. Horrela, pieza berriekin, aurreko etapa amaitutzat eman, eta berri bat zabaltzea erabaki genuen. Entseguetan sumatzen genuen egiten ari ginen hori gustura egiten genuela eta jarraitu nahi genuela horretan. Beraz, 2021eko urtarrilean lehen aldiz Neomak bezala igo ginen oholtzara.
Horrela, kolaboratzaile izateari utzi eta erabateko protagonismoa hartu zenuten. Aldaketa handia izango zen, ezta? Ahalduntzeko eta askeago izateko ere balio izan dizue?
Bai, esango genuke pixkanaka egin dugun eta egiten ari garen zerbait dela. Taldean bi urte egingo ditugu aurki, eta hasi ginenetik hona uste dugu egon dela nolabaiteko eraldaketa bat ere, bai taldeko garapen bat eta, noski, bakoitzaren eboluzio bat ere bai. Hasieratik argi izan dugu tradizioa eta berrikuntza uztartu nahi genituela, baina proiektuari gure ukitu freskoa, elegantea baina indartsua ematen ahalegindu gara, eta prozesu horretan ahalduntze bat egon da, noski.
(Argazkiaren egileak: Iurgi Inda, Miguel Angel Puente, Agustin Arregi eta Antonio Murillo)
Baina proiektu berri honetan tradizioa oso presente dago. Tradiziorik gabe ez dago berritasunik? Nola definituko zenukete zuen musika estiloa?
Gure kasuan esan dezakegu bietatik edaten dugula, tradiziotik eta baita berritasunetik ere, eta beraz, gure proiektuan biek dutela garrantzia. Egoera musikala gizartearekin batera aldatzen eta transformatzen doa. Guk barruan ditugu betiko trikiti eta pandero doinuak; horrez gain, guztiok musika mota desberdina entzuten dugu, eta, honenbestez, biak elkartzen ahalegindu gara. Gaur egun baliabide teknologikoek ahalbidetzen dituzten aukerekin jolasteko gogoa eta aukera izan dugu proiektu honetan, eta orain arte egin izan dugun musika organikoa oinarri hartuta, musika elektronikoarekin esperimentatu eta biak uztartu nahi izan ditugu.
Berriki, beste urrats bat egin eta lehen diskoa argitaratu duzue. Zer jaso duzue bertan? Nolakoa izan da lan egiteko modua?
Aurrez esan bezala, lehen diskoko kantuetan gure estiloa pixkanaka finkatzen joan gara, zaharra berriarekin lotzen eta elkarren arteko fusioak egiten. Horretarako, sorkuntza prozesuan murgildu ginen, eta, zazpi izanik, bakoitzak taldera bere ideiak ekarri zituen: melodien zirriborroak, letren zatiak, hitz egitea gustatuko litzaigukeen gaiak... Honela, hasiera-hasierako lehen zirriborro horietatik pixkanaka abestien lehen ideia sendoagoak eraikitzen joan ginen eta kantu bakoitzari nolabaiteko forma ematen, sartu nahi genizkien efektuekin nahiz baliabide desberdinekin jolasten, alegia. Prozesu horretan aurrera egin ahala, diskoaren ekoizlea izan den "Jimbo" Paezekin elkarlanean hasi ginen, eta, azkenik, gaur egun entzun ahal ditugun abestiak grabatu genituen Haritz Harreguyren estudioan.
(Argazkiaren egilea: Antonio Murillo)
Behin diskoa kalean dela, hura aurkeztea izango da asmoa, ezta? Nolakoak dira Neomak taldearen zuzenekoak? Zer topatuko du publikoak?
Beti esan ohi dugu entzuteko kontzertu bat izateaz gain, ikuskizun bat ere badela. Gaur egun, zuzenekoetan diskoko kantuak eta gure erreferente izan direnen bertsioren bat ere egin ohi dugu. Trikitixa eta panderoa oinarrian ditugu, baina horiek lagun hartuta beste proposamen ezberdin bat egin nahi izan dugu, baliabide elektronikoak aintzat hartuta. Zazpi emakumeon ahotsek nahiz irrintziek ahalmen eta presentzia handia dute zuzenekoetan, baina, horrez gain, aurrez aipatutako trikiti nahiz pandero hotsik ez da falta, ezta erritmo dantzagarriz jositako abesti elektronikorik ere. Era berean, estetikari dagokionez, musikalki egin bezala, tradiziotik jasotako elementuak gaur egungoekin ere uztartzen ahalegintzen gara, mahoizko galtzak edo alpargatak orrazkera deigarri nahiz urrezko bitxi ezberdinekin, esate baterako.
Zorionez, azken urteetan emakumeok gero eta leku nabarmenagoa hartzen ari zarete arte esparru askotan: bertsolaritza, musika, literatura, zinema... Zer balorazio egiten duzue, oro har? Eta musikaren sektoreari dagokionez, zehazki?
Bai, beharbada oraindik ere ez da ohikoena, eta sarritan atentzioa ematen du zazpi emakume aldi berean oholtza gainean ikusteak. Badirudi pixkanaka egoera aldatzen ari dela eta geroz eta ohikoagoa dela emakumeak taula gainean ikustea, baina horretarako ere ezinbestekoa da aukerak ematea eta ateak irekitzen ez badizkigute guk geuk irekitzea. Hala ere, oraindik uste dugu bide luzea dagoela, eta horretan ari gara; oholtza emakumeona ere badelako.
(Argazkiaren egilea: Gaizka Peñafiel)
Neomak oraindik proiektu berria den arren, jada izango dituzue ideia berriak buruan. Etorkizunera begira, zer erronka duzue?
Burua beti dabil martxan, eta momentuz zuzenekoetan fokua jarrita dugun arren, atzeko lanean ere ari gara pixkanaka. Beraz horixe, etorkizun laburrera begira, intentzioa zuzenekoak ematea eta horietan guk geuk gozatzen dugun bezala publikoak gozatzea da helburua, leku bakoitzak kontzertu bakoitza egiten baitu berezi. Aldi berean, sortzen eta ikasten jarraitzeko gogoz gaude, eta horretan ari gara lanean.
(2022ko azaroaren 16an argitaratutako Berezia)