EAEko zinema-aretoek "Gabi, 8 urtetik 13 urtera" filma estreinatuko dute, Zinema Euskaraz programaren barruan

  • EAEko zinema-aretoek

Bihar iritsiko da zinema-aretoetara, Zinema Euskaraz programaren barruan, ‘Gabi, 8 urtetik 13 urtera’ filma. Engeli Broberg zuzendariaren film suediarra da, eta nerabezaroaurreko etapa kontatzen du, oso ohikoa ez den gaia.

Zineuskadik sustatzen duen Zinema Euskaraz programaren zortzigarren estreinaldia izango da,  ‘Ilargirantz’, ‘Ainbo: Amazoniako gerraria’, ‘Barraskiloa eta balea, eta itsasoko beste ipuin batzuk’, ‘Ama mu’, ‘DC Supermaskoten Liga’, ‘Unicorn wars’ eta ‘Hopper oilaskoerbia’ filmen ostean. Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. 

Sinopsia

Gabik Gabi izan nahi du. Desira horrek erraza dirudi, baina ez da. Gabi desberdin sentitzen da, nahiz eta bere bizitzako 8 urteetan gauzak argi esateak ez dion inoiz arazorik ekarri. Familia herri txiki batera joan eta pubertarora iristen denean, gauzak aldatzen hasten dira.

Filma bihartik aurrera proiektatuko da Niessen zineman (Errenteria) eta, abenduko lehen asteburuan Oñatin eta Areria zinemetan (Lazkao) estreinatuko da.

Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, beste film batzuk ere izango ditugu. Horien artean, datorren abenduaren 2an ‘Yoko oporretan’ pelikula iritsiko da zine-aretoetara, Juanjo Elordik zuzendua eta Dibulitoonek ekoitzia; urtarrilaren 27an ‘Yuku y la flor del Himalaya’, eta otsailaren 24an ‘Momias’.

 

zineuskadi.eu

  • Gaia Ikus-entzunezkoa
Euskadi, auzolana