"Igualdad de Género en la Industria de la Música. Una visión del sector desde una perspectiva de género"

Kontakturik eza, informazio eskasa eta soldata txikiagoa emakume izateagatik; horiek dira musika-industriako langileek oraindik ere dituzten oztopo nagusietako batzuk, MIM elkarteak bigarren urtez jarraian egin duen sektoreko II. genero-azterketaren arabera.

2021ean aurkeztutako analisiak adierazten zuen diskriminazioa, prekarietatea eta gainkualifikazioa zirela emakumeen funtsezko arazo industrian, baina bigarren azterlan honek erakusten du— YouGov merkatuak ikertzeko eta datuak aztertzeko nazioarteko enpresarekin lankidetzan egindakoa—  oztopo horiek mantentzeaz gain, pandemiaren osteko erronka berriak gehitzen direla eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakalak % 20tik gora jarraitzen duela (8.000 euroko aldea).

Helburu profesionalak lortzeko orduan, emakumeen % 81ek esan du aurreko bizitzako alderdiei uko egin behar izan dietela sektorean lan egiteagatik, maila pertsonalean eta sozialean, zehazki, aisiaren eta harreman sentimentalen esparruan. Zifra hori, bai gizonezko lankideena, bai Espainiako biztanleria osoarena baino askoz ere handiagoa da.

Bizitza pribatua eta bizitza profesionala uztartzeko zailtasun horrek, pertsona egokiak ez ezagutzeak, hautaketa-prozesuei buruzko informaziorik ezak eta emakume izate hutsak eragindako trabekin batera, murriztu egiten ditu langileek industrian lan-jarraitutasuna izateko eta kargu jakin batzuk betetzeko dituzten aukerak. Galdetutakoen % 14k baino ez du kontrataziorako inolako oztoporik izan.

Desberdintasun horien aurka borrokatzeko enpresek hartutako neurriei dagokienez, inkesta egin zaien gehienek adierazi dute neurri horiek ez direla nahikoak, eta nabarmendu dute % 30ean soilik hartu direla, eta haietako askok salatu dute beren enpresek ez dutela aintzat hartu ekintza horiek praktikan jartzeko aukera ere.

Pertzepzio hori ez dator bat industriako gizonen ikuspegi askoz baikorragoarekin; izan ere, gizonek «egokitzat» jotzen dituzte beren inguruan hartutako neurriak, eta neurri horiek kualitatiboki betetzen ari direla ziurtatzen dute, eta ez soilik parekotasun-kupoak estaltzeko.

MIM Musikaren Industriako Emakumeen Elkartea da, 2016ko irailean sortua, eta 400 bazkide baino gehiago ditu Espainia osoan.

Azterlanaren txostena osorik irakur daiteke esteka honetan.

Euskadi, auzolana