Bizkaiko hiriburuan arte eszenikoen erreferentziazko espazio bihurtuta, Pabellón 6k hamarkada bat baino gehiago darama gertuko antzerkia babesten, eta, 2015az geroztik, gazteei maila profesionalean garatzeko laguntza ematen, Gazte Konpainiaren bidez. Talde arduradunarekin hitz egin dugu proiektuaren hastapenei, orain arte egindako bideari, euskara hutsean ekoitzitako lehen lanari eta etorkizuneko erronkei buruz, besteak beste.
Zer da Pabellón 6 eta nola sortu zen?
Pabellón 6 arte eszenikoetarako espazio bat da, Bilbon kokatua. 2011n abiarazi zen, antzerkia sortu eta egiteko espazio propio bat edukitzeko beharretik. Hasieran, 13 pertsonak jarri zuten proiektua martxan, 200 bazkideren babesarekin (alegiazko eserleku bat erosi zuten proiektua abiarazten laguntzeko).
2021eko abuztuaren 22an 6 urte bete zituen Pabellón 6k. Martxan egindako lehen hamarkada honen zein balorazio egiten duzue? Zein mugarri nabarmenduko zenukete?
Balorazioa positiboa da.
Nabarmendu beharreko mugarrien artean lehena IKUSLEAK lirateke. Hasieran inork ez zuen uste jendea Bilboko erdigunetik hain urrun dagoen leku batera joango zenik, baina ez da hala izan. Guri hauxe esatea gustatzen zaigu: "Pabellón 6 ez da existitzen; ikusleek asmatu dute”.
GERTUKO ANTZERKIA egiten dugu, kontzeptu horren hainbat adieratan (ikusleak interpreteengandik oso gertu daude; eta egiten diren ekoizpenak oso gertuko interpreteek garatzen dituzte, Bilbo, Bizkaia eta ingurukoek). Beraz, ikusleen eta interpreteen arteko harreman oso hurbil hori ere bada mugarri.
Beste mugarrietako bat urteotan aurrera atera diren EKOIZPEN PROPIOEN kopurua litzateke: hogeita hamar ekoizpen inguru atera dira Pabellón 6ko Antzerki Laborategitik, Pabellón 6ko Gazte Konpainiaren ekoizpenak kontatu gabe.
Zalantzarik gabe, azpimarratu beharreko beste elementuetako bat Pabellón 6ko GAZTE KONPAINIA da. 2015ean sortu zen, eskoletatik irteten diren gazteei aukera emateko maila profesionalean garatu eta beren prestakuntzarekin jarraitu ahal izateko, profesionalen eskutik. Era berean, kezkatzen dituzten gaiei buruzko beren proposamenak sortzeko (beren hizkuntza propioekin eta beren ikuspegitik) espazio bat ematen zaie, etorkizuneko profesional artistiko eta teknikoak sortzen eta ikusle gazteak antzerkira sartzen lagundu ahala. Izan ere, gazteek, antzerkiaren arloan prestakuntza sendoa izan arren, beren ibilbide profesional laburraren ondorioz zailtasunak izaten dituzte EAEn lan egiteko. Beraz, Gazte Konpainiaren bidez, hutsune hori bete nahi da.
Eta, azkenik, ANTZERKI ARINEKO JARDUNALDIAK nabarmendu beharko lirateke. 2023an, zehazki, 10 urte beteko dituzte.
2022ko irailean, Pabellón 6k Fair Saturday 2022 sarietako bat jaso zuen. Sari horiek kulturaren bidez sortzen duten eragin sozialagatik nabarmentzen diren nazioarteko erakunde eta pertsonak aintzatesteko dira. Nola jaso zenuten? Era honetako aintzatespenak lan egiten jarraitzeko bultzada bat dira?
Harritu egin gintuen, baina oso pozik jaso genuen aitortza.
Iragan urrian Love & Money estreinatu zen, Pabellón 6ko Antzerki Laborategiak euskara hutsean egindako lehen ekoizpena. Zer dela eta hartu zenuten erabaki hori? Etorkizunean euskarazko antzezlan gehiago egongo dira?
Noiz edo noiz egin izan ditugu antzezlan baterako bi bertsio: gaztelaniaz eta euskaraz. Baina, kasu honetan, urrats bat gehiago eman eta euskara hutsean egitea erabaki zen. Eta, garrantzitsuena, ez zen asteburu jakin baterako izango, baizik eta hilabeterako, gainerako ekoizpenekin egiten dugun bezala. Emaitza positiboa izan da eta lantzean behin euskara hutseko lanak sortzen jarraitzea espero dugu.
Antzerki Arineko Jardunaldietara proposamenak aurkezteko epea zabaldu zenuten abenduan. Jardunaldiok 2023ko martxoaren 17tik apirilaren 16ra bitartean izango dira. Argi dago Pabellón 6ren nortasunaren parte bihurtu direla. Nola sortu ziren eta zein bilakaera izan dute urteotan zehar?
Aktoreei, zuzendariei, egileei... beren lanak sortzeko bultzada bat emateko sortu ziren batez ere. Laburrak izanik, ohiko ekoizpenek baino arrisku txikiagoa zutela pentsatu genuen. Urteotan bultzada eta aitorpen handia lortu da (bai ikusleen aldetik, bai parte hartzen duten proposamenen aldetik). Gainera, beste herri batzuetan ere zirkuitu bat sortu da, aurkezten diren lanek beren ibilbidea izan dezaten.
Pabellón 6k hainbat denboraldi daramatza eskoletan ere emanaldiak egiten. Zelako esperientziak eskaintzen dizkiezue ikasleei?
Lehenik eta behin, antzerkira hurbiltzeko aukera eskaintzen diegu. Horrez gain, antzerkiaren garrantzia ikusten dute; eszenan gaurkotasuneko gaiei buruz hitz egin daitekeela ikusten dute. Eta, azkenik, topaketa bat sortzen dugu, ikusi duten horri buruz hitz egin dezaten proposamenaren zuzendaritzarekin eta antzezleekin.
2021eko azarotik, Bilboko Udala Garabia guztiz birgaitzeko lanak egiten ari da. Lan horiek amaitzean, Pabellón 6 berritzeko lanei ekingo zaie. Zelan doaz lanak? Zein onura ekarriko die arte eszenikoen profesionalei eta bertaratzen diren ikusleei?
Lanak astiro doaz, baina emaitza bi aldeentzat onuragarria izatea espero dugu, bai arte eszenikoen profesionalentzat, bai ikusleentzat.
Pabellón 6k non jarri behar du arreta aurrera egiten jarraitu eta etorkizunean sortzen diren erronkak gainditzeko?
Arte eszenikoen sektorean lan garrantzitsu bat egiten ari garela ikusten dugun bitartean jarraitzeko asmoa dugu. Sortzen diren aldaketen, iristen diren ikusle berrien, auzokide berrien... arabera egokitzen joan beharko gara. Hizkuntza, genero-berdintasuna, gazteria, jasangarritasuna eta lanbide honen duintasuna (baliabide eta eskubide gehiagorekin) aldarrikatzen jarraituko dugu.
(2023ko otsailaren 6an argitaratutako Berezia)