Gasteizko Liburutegien Udal Sareak irakurketako animazioko 66 jarduera proposatu ditu otsailetik maiatzera bitartean

  • Gasteizko Liburutegien Udal Sareak irakurketako animazioko 66 jarduera proposatu ditu otsailetik maiatzera bitartean

Programazioak idazleekin topaketak, monologoak, errezitaldiak, hitzaldiak eta tailerrak biltzen ditu beste hainbat proposamenen artean

Gasteizko Liburutegien Udal Sareak irakurketa-animazioko jardueren egitarau oparoa antolatu du otsailetik maiatzera bitartean. Ekitaldiak hiriko gizarte-etxeetan egingo dira.

“2023an, 66 jarduera proposatu ditugu gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez: haietako 33 gazteei eta helduei zuzendutakoak dira, eta 33 haurrei eta familiei bideratutakoak”, iragarri du Hezkuntzaren eta Kulturaren zinegotziak, Estibaliz Cantok, gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Horren helburuak dira irakurketaren alderdi ludikoa eta atsegina sustatzea, seme-alabek irakurketako ohiturak eskura ditzaten eta ikasketetan laguntzeko gurasoak eta tutoreak inplikatzea, gazteak eta helduak antolatutako jardueretara joan daitezen ohiturak sortzea eta euskarazko irakurketa sustatzea.

“Programa honen bidez, Liburutegien Udal Sarearen guneak eta zerbitzuak herritarrei gerturatu nahi dizkiegu, irakurketa-ohiturak eskuratzeko eta sendotzeko garaian Sarea elementu dinamizatzailea eta bultzatzailea izan dadin”, gehitu du Cantok.

Gazteek eta helduek idazleekin egingo dituzten topaketetan, hitzaldietan, tailerretan, musika-emanaldietan, monologoetan eta errezitaldietan parte hartzeko aukera izango dute. Aldiz, Gasteizko neska-mutilek ipuin-kontaketak, antzerkia, txotxongiloak, musika eta tailerrak izango dituzte.

Jarduera aipagarrienak

Proposatutako programazioa askotarikoa da eta horien artean nabarmendu beharrekoak dira honako hauek: ‘Topaketak idazleekin’, euskal eta euskarazko literaturaz hizketan aritzeko gunea, Patxi Zubizarreta idazleak dinamizatutakoa. Gainera, martxoaren 15ean ‘Anari, gitarratik lumara’ hitzordua izango da Aldaben 19:00etan, eta ‘Angel Erro, Poema liburu bat irakurtzeko jarraibideak’ maiatzaren 10ean, 19:00etan, El Pilar gizarte-etxean.

Era askotako emanaldiak eta errezitaldiak ere izango dira egitarauaren barruan. Jorge Lozak ‘Confieso que he leído’ (Irakurri dudala aitortzen dut) monologoa eskainiko du “síndrome del Quijote” (Kixoteren sindromea) izenekoaren inguruan.  Asko irakurtzen duten pertsonen inguruko argi-ilunak landuko ditu Lakua gizarte-etxean, martxoaren 14an, 19:00etan. Ciro Dirok, bestalde, Zabalganako liburutegian ‘Soy un fraude’ (Iruzurra naiz) monologo dibertigarria eskainiko du martxoaren 30ean, 19:00etan, eta Carles Garcíak antzerki-monologoa egingo du Iparraldeko liburutegian ‘Un viaje peligroso’ (Bidaia arriskutsu bat) izenburupean, Endurancek Antartikara egindako espedizioan inspiratuta. Martxoaren 16an izango da, 19:00etan. Bestalde, Jony Morenok, The Soulbreaker Company eta Ben Pantera taldeetako abeslariak, kontzertua eskainiko du Aldaben bere zein bere banden abestiekin eta argitaragabeekin, bertsio akustikoan. Maiatzaren 26ko 19:00etan izango da emanaldia.

Tailerrek eta hitzaldiek interes sozialeko era askotako gaiak jorratuko dituzte: glutenari edo laktosari buruzko elikadura-mitoak, mendiko ibilbide bat nola planifikatu ondo edo buru-osasunean autoestimuak duen garrantzia, besteak beste.

Horrez gain, generoarekin lotutako beste gai batzuk ere jorratuko dituzte: elikadura menopausian, ondarearen eta arkeologiaren azterketa generoaren ikuspegitik, Bissauko Loreak (Ginea Bissauko emakumeen errealitatea erakusteko proiektua) edo Euskal Herriko matriarkatuaren mitoa, besteak beste.

Gasteizko gazteek haientzat bereziki prestatutako hitzaldiak ere izango dituzte. Horietako bat izango da Kloy MC rap-kantariak abestiak idazteak bizitza nola salbatu zion zehatz-mehatz azalduko duen ‘El rap, una herramienta para salir de la mierda’ hitzaldia (Rapa, gorotzetik ateratzeko tresna). Hegoalde gizarte-etxean izango da, otsailaren 24an.

Horrez gain, Gazteentzako Nanoipuin Lehiaketaren zortzigarren edizioa eta gai ugariren inguruko irakurketa-kluben eskaintza zabala ere egongo da: ‘Komikia eta eleberri grafikoa’, ‘Eleberri beltza’, ‘Literatura latinoamerikarra’, ‘Irakurri, pentsatu eta partekatu’, ‘Irakurketa familian’ (familientzat eta euskaraz) eta ‘Irakurketa erraza’.

Eta, horren guztiaren osagarri gisa, bertako produktuen bi dastatze egingo dira: txakolinaren dastaketa maiatzaren 17an Judimendin, eta Idiazabal gaztaren beste bat, maiatzaren 18an, Ibaiondon.

Informazio gehiago

Haurrentzat antolatutako ekitaldien programa (pdf)

Helduentzat antolatutako ekitaldien programa (pdf)

 


  • DataUrtarrilak 24
  • Gaia Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak
Euskadi, auzolana