Topa!, Gasteizko bizitza kulturala indartzea helburu duen lankidetza-proiektua

  • Topa!, Gasteizko bizitza kulturala indartzea helburu duen lankidetza-proiektua

Baratza aretoko egoitza nagusitik, Topa!-k sorkuntza garaikidea, publikoekiko lana eta kulturaren kudeaketa ditu lantegi. Unai Lopez de Armentiarekin izan gara.


Zer da Topa!? Nork bultzatzen du eta zer helburu ditu?

Topa! Gasteizko zenbait kultura-erakunderen lotune moduko bat da. Bost dira erakundeak: TeklakPez LimboKalakalabParasite Kolektiboa eta Arrakala. Proiektu jakin batzuk eta ezaguerak elkarrekin lantzeko batzen eta nahasten dira, Baratza aretoan elkar hartuta -baita unibertso digitalean ere-.

Nahasleku moduko bat sortu nahi genuen arte eszeniko, zinema, kultura-kudeaketa, bitartekaritza, publikoekiko lana, sorkuntza-lantegiak edo komunikazioa bezalako diziplinetarako; eta gogo horretatik ernatu zen Topa! Ernamuin hartatik dator diziplinarteko gure lankidetza eta kogobernantza-ereduen esperimentazioa.

Sektore honetan, batzuetan, bakardade gorrian ez ote zauden irudipena izaten duzu, eta guk babesa nahi genuen, hortik jaio zen Topa! Hortaz, berezkoa du elkar zaintzeko eta laguntzeko balioa.

Parte hartzen duten erakundeentzat, Topa! sustrai-sare aberasgarria da, baina, aldi berean, lantzen dituzten ikergaiak eta lan-metodologiak kultura-sektorearen eta hiriko erkidegoaren esku geratzen dira, gorabidean datozen artistak eta egitura profesionalak bitarteko.

Topa!-ren helburu nagusia Gasteizko bizitza kulturala indartzea da, eta hirian kultura-komunitate aberatsa eta askotarikoa sortzea.

(Aurkezpenaren argazkia. 2023ko urtarrilaren 26a. Iturria: Gasteizko Udala)


Topa!-ren ideia lehenagotik dator. Zer lan-arlo jorratzen ditu? Eta zer nahi du atera arlo bakoitzetik?

Lan-arloak asko eta askotarikoak dira, erakunde bakoitzak berea baitu kulturgintzaren barruan; edonola ere, azken urte hauetan, egitura horien arteko lankidetzak oso oparoak izan dira. Horregatik, 2020. urtearen amaieran, lankidetza horiei itxura bat ematea pentsatu genuen, elkarrekin jardute hori urrats bat haratago eramatea.

Topa!-ren lanak hiru ardatz edo ildo ditu.

Lehenik, sorkuntza garaikidea dugu. Funtsean, lau dira helburuak: adierazpen artistiko desberdinak elkartzea; esperimentazio sortzailerako laborategi bat izatea; artista berriei edo gazteei bidea erraztea; eta prozesu sortzaileetan laguntasuna eskaintzea.

Bigarrenik, publikoekiko lana dator. Hemen, kontua da gure Baratza inguruan dabiltzan publikoekin elkarguneak sortzea eta sendotzea; publikoari bidea erraztea proiektuan eta espazioan joan-etorrian ibiltzeko, eta haien artean komunikazio-zubiak eraikitzea; eta, azkenik, esperientziatik abiatuta, ezagutza sortzea, gure proiektua erreferente izan dadin kultura-arloko ikus-entzuleentzat.

Amaitzeko, hirugarren ardatza: kulturaren kudeaketa. Hemen, helburua hirukoitza da: lehenik, topagune atsegina nahi dugu izan, goxoa eta balio-anitza; bigarrenik, laborategi bat sortu, nahi beste saiakera egiteko kooperatiba eta erkidego izate bidean; eta, azkenik, beste kultura-egitura batzuei ere horrelako proiektuak sortzen laguntzea, kulturari garatzen laguntzeko, jardun-sektore izan dadin.


Proiektuaren barruan, mentoring zerbitzua ere eskaintzen duzue: Buró izena du. Norentzat da, eta nola dabil?

Bai, badugu mentoring zerbitzua ere, gorabidean diren kultura-eragileei beren ideiak edo proiektuak garatzen laguntzeko. Buró izena du. Gure mentoringa kudeaketarako eta/edo zeregin artistikoetarako da. Topa! bera bezalaxe, nahas-ontzia da, hibridoa: hainbat erakunde eta lagun, denak ere gogoz eta asmoz berdintsu, gurutzaketak lantzen: zuzeneko kulturaren eta publikoen artean, antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen artean, dantzaren eta hezkuntzaren artean, performancearen eta hibridotasunaren artean; eta, beti, hurbiletik hurbilera.

Gure Buróa norentzat den? Sortzaileak edo kudeatzaileak hartzen ditugu, gorabidean datozenak, Gasteizekin eta Arabarekin lotura dutenak eta kanpoko begirada baten beharra dutenak proposamen artistiko edo proiektu kultural bat aktibatzeko.

Parte hartzeko hiru modalitate daude.

Lehenengoa, banako saio bat da, 60 eta 90 minutu artekoa. Beste aukera bat laguntasun jarraitua da. Banakako 5-7 saio izaten dira, 60 minutukoak. Bi kasuetan, saioak aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke; eta edukiak aldez aurretik adosten dituzte pertsona edo kolektibo eskatzaileak eta Topa!-k, haien beharren arabera.

Bi modalitate horietan, mentoring zerbitzua urteko edozein momentutan eska daiteke; nahikoa da topaegin@gmail.com helbidera idaztea, edo Topa! web-orrira sartzea eta galdetegia betetzea. Informazio hori heltzen zaigunean, eta gehienez astebeteko epean, Topa! harremanetan jarriko da pertsona edo kolektibo eskatzailearekin.

Hirugarren modalitatea Agora izenekoa da. 3 talde-saio dira, bakoitza 3 ordukoa. Saioak taldeka izaten dira, mistoak, alegia, laguntzen ari garen beste proiektu batzuekin nahastuta. Dinamika horietan, kulturgintzaren egunerokoak dakartzan gaiak jorratuko dira, iritziak erkatuz. Topa! taldeko norbaitek dinamizatuko ditu, baina oinarria trukea da, elkarlana (kasu honetan, datak aldez aurretik finkatuta egongo dira, eta 3 saioetan parte hartzeko konpromisoa eskatzen da). Deialdi espezifiko bat egoten da, eta onarpen-inprimaki bat bete behar da, hots, informazio apur bat gehiago eskatzen dugu. Hiru datak aldi berean argitaratzen ditugu, izena emateko epearekin batera.


Lehen Hezkuntzako irakasleentzako prestakuntza ere eskaintzen du Topa!-k. Nolako saioak egiten dituzue?

4 prestakuntza-tailer dira, tresna jakin batzuk lantzeko antolatuak. Tresnok antzerkigintzatik, dantzatik eta ikus-entzunezkoetatik ateratzen ditugu, Lehen Hezkuntzako geletako egunerokotasuna aberasteko.

Tailerrek hiru ordu irauten dute, eta honako arlo hauek lantzen dira: Taldeak kohesionatzeko antzerki-dinamikak; Dantza eta mugimendua tresna gisa ikasgeletan; Kontakizunak taldean sortzea eta bizitzea; Ikusimenaren mundu batean, nola ikasten dugu behatzen?

Irakasle-jendearekin elkarlanean diseinatu genituen. Tutoreak, espezialistak, zuzendaritza-taldeak eta abar ziren, denak ere postu ezberdinetakoak.


Arte eta Komunitate Topaketak ere antolatzen dituzue. Zer dira?

Topaketak dira (topo egiteko saioak): alde batetik, gure kideak, eta, bestetik, erkidegoa gogoan harturik lan egiten duten eragile zenbait. Laborategi honen helburua mintza-bideak sortzea da, sinergia berriak topatzea, praktika artistikoaren eta erkidegoa eta auzoa zaintzeko egiten den lanaren artean. Laborategi honetako dinamikak proposamen bat dira, gogoeta egin nahi bat, artearen, auzoaren, erkidegoaren eta lurraldearen artean dauden loturei buruz. Baina hari horiek ez ditugu kontzeptu modura hartzen; aitzitik, parte-hartzaileen bizipenetan nola josten diren nahi dugu ikusi. Horretarako, Parasite-k eta Teklak-ek mapaketa bat egin zuten, han agertu ziren eragileekin harremanetan jarri ginen, eta gure kideekin eleka ipini genituen; elkarrizketa horiek izan dira laborategiaren oinarria.

Topaketa horietan errazagoa da elkarri entzutea, hartara ea beste ereduren bat aurkitzen dugun artearen eta erkidegoaren arteko bitartekari izateko.


Eta etorkizuna? Nora begira dituzue begiak? Zeintzuk izango dira Topa!-ren hurrengo urratsak?

Topa! erakunde batzuekin topo egiteko eta haiekin lankidetzan aritzeko interesetik eta pandemian hautemandako premietatik sortu zen. Espazio bat da, batak bestea zaintzeko, eta elkarrekin hazteko. Beraz, miatzen jarraituko dugu, hibridazio- eta kogobernantza-ereduetan sakontzen, lankidetzan hazten ikasteko eta ezagutza horiek inguruko komunitatearekin partekatzeko. Komunitate bai artistikoa, bai auzokoa.

2022an sortu ziren bost laborategietatik hirutan jarraituko dugu lanean, eta, azkenean, "Labea" bihurtuko dira (hala deitzen diegu gure artean). Norberak dakiena bereizi, sistematizatu eta auzoan zabaldu; horretarako lekuak dira laborategiak. Leku-denborazko espazioak dira, esperimentatzeko eta hibridatzeko. Gutxienez bi begirada ezberdin izango dira batera, gauzak analizatzeko, jakintzak bahetzeko eta metodologiak elkarrekin erabiltzeko. Hasierako urrats hori egin ondoren, esperientzia bere bidea urratzen hasten da -jada praktikoagoa, ez hain esperimentala-, eta "Labea" izatera igaroko da. 2023an, hortxe jarraitzen dugu, Artea eta Komunitatea, Buróa eta Irakasleen prestakuntza arteetatik lantzen.

Baliteke laborategi gehiago ere zabaltzea, baina, bestela ere, gure proiektuak geroz eta hobeto finkatuko eta sendotuko ditugu: esate baterako, Buró, publikoekiko lana, eta co-working lekua eta metodologia.


(2023ko otsailaren 28an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana