Karmele Igartua, hitzez eta orbainez egindako poesia

  • Karmele Igartua, hitzez eta orbainez egindako poesia

Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da kaleratu du Pamiela argitaletxeak, Karmele Igartuak liburu moduan argitaratu nahi izan zuen poesia guztiaren bilduma (Hitzak orbainetan, Denbora enaren hegaletan eta Itsaso kontra bat). Edizioaz eta sarrerako hitzez Tere Irastortza arduratu da, eta berarekin hitz egin dugu liburuaz, Karmeleren poesiagintzaz, hark euskal kulturan utzitako arrastoaz eta Karmele Igartua Sorkuntza Bekaz, besteak beste.


Nola sortu zitzaizuen Karmele Igartuaren poesia lan osoa liburu bakarrean batzeko ideia? Zergatik orain?

UNED-Bergarako Idazle Eskolak eta Aretxabaletako Udalak hitzarmen bat dute Karmele Igartuaren lana hedatzeko, eta horren harira KARMELE IGARTUA SORKUNTZA BEKAn elkarlanean dihardute.

2020an, Karmele Igartuaren heriotzaren hamargarren urteurrenean tratatu genuen gaia, baina orain arte ez da burutu, 2020ak nolabaiteko geraldi bat ekarri baitzuen proiektu batzuetara.

Edozein momentu izan zitekeen egokia proiektu honi ekiteko, baina orain egokitu da.


Karmeleren laguna izan zinen, eta zeu arduratu zara liburuaren edizioaz eta sarrerako hitzez. Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da jarri diozue izenburu. Hala ulertzen al zuen Karmelek poesia?

Bai. Idazle Eskolan ezagutu nuen Karmele Igartua. Aurrena ikasle gisara eta azken momentura arte eragile. Eta bere hiru poema liburuen sor lanaren ezagule ere banaiz, eta azken liburuaren hitzaurrea ere neuk egin nuen.

Eta bai, bizitza eta poesia elkarrekin goritu ziren, idazlearen azken urteetan behinik behin. Karmele Igartuak Felipe Arrese Beitia sariketarako lana prestatu zuenean izenpe bezala erabili zuen, zegoeneko, esaldi hori. Bere lehen liburuaren izenburua ere ondo lotzen zaio bere sorkuntzari: Hitzak orbainetan. Esan beharreko hitzek zerbaiten lekuko egiten gaituzte, eta bai, halaxe ulertzen zuen Karmelek poesia, eta bere hurrengo liburuetan ere hitzaren eta poesiaren bidez edertasunean eragiten duen orekari arreta berezia eskaini zion.


40 urte baino gehiago zituen Karmele Igartuak argitaratzen hasi zenean, eta, bost urteko epean, hiru liburu oso idatzi zituen. Hori ez dago edonoren esku, ezta?

Esango nuke, orokorrean, gehiago direla gaztetan poesia argitaratzen hasten direnak heldutasunean hasten direnak baino. Izan liteke poesiari buruz dugun ikuspegi sasi-erromantiko batek halako lotsakizun bat eragiten duelako.

Baina zaila dena da horren tarte laburrean, bost urte gehienez, horrelako hiru liburu idatzi eta argitaratzea. Karmele Igartuak bazuen zer esana eta poesia izan zen bere espresabidea, beste genero batzuk ere erabili zituen arren (umeentzako antzerkia, iritzi artikuluak, ipuinak...).

Poesia idazteaz gain, hiru poema liburu burutu zituen, eta liburu bakoitzean formalki koskak estutzen eta korapiloak askatzen asmatu zuela esango nuke, liburu bakoitzerako forma berezietan saiatu zenez, bere estiloa definituz.

Ez da erraza, ezta bizitza osoan ere, hiru  poesia liburu taxutzea eta ezta honen ibilbide sendoa burutzea ere.


Oso tarte laburrean idatzi zituen arren, oso ezberdinak dira haren hiru liburuak. Nola laburbilduko zenuke bakoitza? Zer berezitasun antzeman daiteke batetik bestera? Eta, aldiz, zer da guztietan konstante mantentzen dena?

Lehen liburuan, Hitzak orbainetan, hitzean zizelkatzen dira poemak. Hitzak dira izenburuaren subjektu, baina baita liburua egituratzen duten kontzeptuak ere. Nolabait definitu eta aurkeztu behar bat adierazten dute. "Egon", "gelditu", "pausatu", "esan", "fereka" eta "larrua" dira hitz horiek. Lehen hirurak aditzak, beste biak amodioarekin lotuak.

Liburu honetako poema gehienak laburrak badira ere, bada poema luze bat, hurrengo liburuetako poemen hasiera dena eta koloreak eta amodioa lotzen dituena.

Bigarren eta hirugarren poema liburuetan ez dira hitzak poemategiaren egituratzaile, liburuaren funtsa mamitzen duten metaforak baizik. Denboraren kontzeptuak eta enara beltzaren metaforak eusten diote bizitzaren eta sormenaren hegan egin beharrari, eta Itsaso kontra batek heriotzaren enbatari aurre egiteko bizitzan jartzen den indar orekatzaileari.

Denetan konstante mantentzen direnak dira amodioa eta sormena, eta libertate gogoa, eta orbaina eta gaixotasuna igurtziz bizitzari eusteko kemenaren adierazpena. Baita gauzak norbaiti, bat horri, irakurleari, adierazteko beharra ere, ziurrenera, libertate horren aldarri garrantzizkoena dena. Eta libertate horren adierazle, hitzak mina sorgortzeko erabili izanaren esperientziaren lekukotasun gisara adierazteko modua ere konstantea da.


Ezagun egin baino lehen, jada irabaziak zituen Karmelek Bergarako Idazle Eskolako Sorkuntza Beka eta Felipe Arrese Beitia Saria. Orain, Bergarako Idazle Eskolako Sorkuntza Bekak Karmele Igartuaren izena darama. Zer bultzatu nahi duzue beka horren bidez?

Idazle Eskolak sortu zenetik urtero eman ohi zuen beka bat, baina hainbat urtez ez zuen diru saririk. Karmele Igartua bera izan zen Idazle Eskola Sorkuntza Beka horren lehen irabazle horietako bat.

UNED-Bergarako Idazle Eskolaren eta Aretxabaletako Udalaren elkarlanak berriro doikuntza ekonomikoa ekarri du. Irabazleak 2.500 euroko saria jasotzen du, Idazle Eskolako webgunean argitaratzeko aukeraz bat (www.idazten.com).

Baina beka hau berezia da hainbat arlotan. Alde batetik, ez da beti literatura genero bererako deitzen. Aurtengoan poesia izan da hautatutako generoa, baina gidoia, haurrentzako antzerkia eta ipuinak ere landu dira.

Bigarrenik, idazle berrientzako moldagarri izan daitekeen neurri bat hautatzen da, idazle berriak ausartu daitezen.

Hirugarrenik, irabazleak eta aipamena jasotzen dutenek aukera dute epaimahaikide batek, epaimahaiak bere lana nola baloratu duen eta zer iradokizun egiten dion adierazteko. Hau, nik dakidala, gure beka honetan bakarrik gertatzen da.

Gainera, irabazleak eta aipamena jasotzen dutenek aukera dute Idazle Eskolaren saioetara doan joateko ikasturte horretan eta hurrengoan.


Hitzak orbainetan lehen libururako zera idatzi zuen Karmelek: «Zer eta nola galderen erantzunak ditut bizi ardatz, horregatik, zeresana izan edo esateko moduan asmatzea dira idaztearen oinarri eta idazlearen erronka». Lortu al zuen helburu hori betetzea?

Bai, inolaz ere. Hitzaren eta poesiaren bidez giza kondizioaz hitz egiteko hautua egin zuen alde batetik, Karmelek, eta, horrekin batera, erantzunetan adina galderen gaitasun eraldatzailean oinarritu zuen bere bidea. Gauzak esateko moduak, forma egokitu arte ezin baita sarri ezer berritzailerik eta eraldatzailerik esan, eta poesiak eta metaforek indar eraldatzaile hori bultzatzen zuten. Karmeleren kasuan maitasunaz, bizitzan, gaixotasunean eta heriotzaren atarian, sormenaren indarrari eustea izan zen erronka. 


Batez ere poeta gisa da ezaguna Karmele, baina beste hainbat arlo ere jorratu zituen. Nor izan zen –eta da– Karmele Igartua euskal kulturaren munduan? Zer-nolako arrastoa utzi du bere belaunaldiko jendearengan eta ondorengoengan?

Alde batetik, Karmele Igartua irakasle izan zen. Kurtzebarri Eskolan egin zuen ibilbidea oso lotua egon zen ahozko tradizioaren transmisioan antzerkia, kantua eta ahozkotasuna bermatzearekin eta Aretxabaleta euskalduntzearekin, bertako hainbat kultur elkarte eta beste talde batzuetan ere parte hartuz.

Idazle Eskolan egindako urteetan, ikasketak amaitu ostean ere, bera zen. Antolatzaile aparteko baten arrastoa utzi zuen, eta Idazle Eskolako ekintza askoren eragile beste ikaskide eta Idazle Eskolako lagunekin (aldizkaria, Mugalari eta Eganeko kolaborazio koordinatzailea, ilunabar literarioen bultzatzailea, zuzentzeko mintegien koordinatzailea...). Idazle Eskolak eragiten zituen bulkaden antolatzaile handia eta beti talde lanean aritzen zekiena.

Bere poesiak arreta eman zuen, eta poeta, musikari eta beste artista batzuen artean ere ezagun egin da. Orain gure aldia da, bere ekintzailetasunaz gain bere poesia zabaltzen jarraitzeko.


Poesia bizitzeko eta sentitzeko modua da liburuak zer bide egitea gustatuko litzaizueke? Zer topatuko du bertan Karmele Igartua ezagutzen ez duenak? Eta jada haren obra irakurrita duenak zergatik itzuli beharko luke hartara?

Liburu hau Karmele Igartuak liburu moduan argitaratu nahi izan zuen poesia guztiaren bilduma da. Bada beste poesiarik, www.idazten.com orrian argitaraturik, baina hau berak liburuotan argitaratzeko espresuki prestatua da.

Horrelako poesia bildumek hainbat eginkizun betetzen dute. Alde batetik, urteen poderioz apalategietan isildu daitezkeen liburuei arreta eskaintzea. Ez da ahaztu behar, oraingoan, Karmele Igartuaren lehen poema liburua Bilbao-Bizkaia Fundazioak eta Euskaltzaindiak argitaratu zutela eta azken bi liburuak Pamielak, baina dagoeneko ez dira topatzen errazak.

Beste alde batetik, bilduma honek errazago aurkezten du Karmele Igartuaren ibilbidearen osotasuna eta oparotasuna. Irakurri ez duenak lehen kolpetik igarriko du egilearen lanaren dimentsioa, eta haren libururen bat duen edozeini eta baita bere liburu guztiak dituenari, eskuragarri gertatuko zaio osorik ikusi eta aipatutako osotasun horren bila abiatzea, liburuan barrena ageri diren metafora, irudi eta galderei segida eman, eta Karmelek bere lehen liburuaren atarian aipatzen zuen "bat hori" izatea.


KARMELE IGARTUAREN POEMA BATZUK

HITZAK ORBAINETAN liburutik

Konta iezadazu           paperetan bizi den
                                                pasioaz
                          maitemindu zinenekoa;

konta,            eguneroko denboran iraun,
                      eta, ez denbora guztietan
                                  sentitzen zenuen
                       harenganako erakarpena
                             dastatu zenuenekoa;

konta iezadazu, berriz,             eroaldiak
                                         bizirik zinela
                                  bermatu zueneko
                                            pasadizoa;

eta konta,                          zure barruak
                        gainezka egin zuenekoa,
                     inon idatzitakoaren aldean
                ederra zena eman zenuenean,
                                                   guzia
                                               isil-isilik
                                        isildu zeneko
                                     egun hartakoa.

*******

Poesia da laburpena. Bizitzarena.

Pentsamendu oso bat zehatza, zehaztua.
Hitz bakoitzak aukeratua behar du,
koma bakoitzak hausnartua.

Eta, hitz egiten duten isiluneak.

            zer eta nola
Poesia da laburpena: izana esanetan
eta batzuetan
                                 orbainak hitzetan.

DENBORA ENAREN HEGALETAN liburutik

      Bada enara bat, beltza,
hegazean bizi dena, biziko bada

–joanean datorren denbora bezala–

             eta geratu
 sortzeko bakarrik geratzen da
   eta orduan bakar-bakarrik
    kabitzen da enara beltza
         denbora geldian

nola denbora, hego beltzotan.

ITSASO KONTRA BAT liburutik

Urgentzietan
                   bizitzeko urgentzia,
                   maitatzeko,
                   hegan egiteko
edo bestela
urgentziarik ez urgentzietan.
Medikuek badakite
hiltzen garela
urgentzietako itxarongeletan,
                   bizitzeko
                   maitatzeko
                   hegan egiteko urgentzian.
Medikuek badakite
presarik ez dagoela urgentzietan,
bizitzeko;
urgentziarik ez,
hiltzeko.

Eta iristuak zeruetan –zuri distirant gorriak–.     iristua mezularia. Iluna
                                                                     iragartzera datorren argi urgentea.

*******

Ezertarako ez zirelakoan,
koadernotik
borratu zenituen berbak
entzun ditut
abesti batean.

Agian     bihar     barkatu
balitz     bai     han     itsasoa
libre     goazen...

Idatz itzazu ametsok, berriz,
izan daitezen        –itsas-argi–.     itsas-argia keinutxo bat
                                                  ariman –jarraitzeko bizitzen–.

 

(2023ko martxoaren 2an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana