Sara Azurza: «Bizitzako ziklo emozionalaren isla da "Hemen berriro" diskoa»

  • Sara Azurza: «Bizitzako ziklo emozionalaren isla da "Hemen berriro" diskoa»

2018an Theorein EPa argitaratu ondoren, iraupen luzeko lehen diskoarekin dator Sara Azurza. Hemen berriro laneko abestiei, diskoa sortzeko prozesuari, Donostian bere jaioterrian− egindako aurkezpen kontzertuari eta beste hainbat konturi buruz hitz egin dugu berarekin.


Oso gazterik igo zinen oholtzara aurreneko aldiz. Harrezkero, kolaborazio ugari egin dituzu, EP bat argitaratu duzu eta Gaztea maketa lehiaketan parte hartu duzu, besteak beste. Nola bizi izan dituzu orain arteko esperientzia horiek guztiak?

Ongi! Azken finean, nire bizitzaren zati garrantzitsu bat izan da gaztetatik gaur egun arte egindako ibilbidea, eta oraindik hasi besterik ez da egin. Asko ikasi dut, eta asko gelditzen zait ikasteko esperientzia hauetan. Egia esan, txikitatik daramadan gauza bat da; beti izan naiz urtebetetzeak animatzen zituena bere abesti eta koreografiekin. Gurasoek beti esan izan didate ez direla nirekin inoiz aspertu! Suposatzen dut horregatik hasi nintzela gazterik, eta bidean ezagutu ditudan pertsonek eragina izan zutelako ere bai.

(Argazkiaren egilea: Cecilia Álvarez-Hevia)


2018an, Theorein argitaratu zenuen, zure lehen EPa. Singleek, abesti solteek gero eta pisu handiagoa duten garai honetan, zerk eraman zaitu zure lehen disko luzea argitaratzera? Zergatik orain?

Singleek edo abesti solteek badute gaur egun garrantzia, baina nire nahia lan luze bat egitea zen. Hasieran ez nintzen kontziente, baina abestiak egiten joan ahala ikusi nuen disko oso bat egin nahi nuela. Nire iritziz, abesti solteak ondo daude momentu konkretu batzuetarako, baina diskoetan ulertzen da artistaren atzean dagoena edo artistak transmititu nahi duena. Zergatik orain? Orain zelako momenturik egokiena niretzat, bai musikaren aldetik, bai baliabideen aldetik.


Zer kontatzen du Hemen berriro-k? Zein da kantak lotzen dituen haria?

Hemen berriro bizitzako ziklo emozionalaren isla da. Pertsona batek igaro ditzakeen fase emozional desberdinak aurki ditzakegu bertan, letra eta musika entzuten baditugu. Kanta guztiek zerbaiti abesten diote, emozio bati. Hala ere, niretzat esanahi konkretu bat duten arren, besteentzat beste bat izango da, eta hori da gauzarik politena, norberak abesti bakoitzarekin emozioen inguruan hausnarketa desberdinak egitea.


Nolakoa izan da diskoa sortzeko prozesua? Nor izan duzu ondoan? Zuzenekoetan ere talde bere izango al duzu aldamenean?

Prozesu oso polita izan da, asko ikasi dut eta, gainera, zorte handia dut musikari ezin hobeak nire proiektuan sartuta egoteagatik. Prozesu honetan Eñaut Gaztañaga, Iker Lauroba, Haritz Lauroba, Julen Barandiaran, Andoni Etxebeste eta Gartxot aipatu behar ditut. Zuzenekoan, Iker, Haritz eta Txiki (Julen) ditut inguruan (hoberenak zarete <3).

(Argazkiaren egilea: Cecilia Álvarez-Hevia)


Estilo aldetik, zer-nolako abestiak dira diskoan jaso dituzunak? Ba al du zentzurik, garai hauetan, etiketak jartzen tematzeak?

Estilo anitza duen diskoa dela esango nuke, ez da batean bakarrik zentratzen. Denen oinarrian soula edo musika beltza dago, poparekin nahastua askotan. Baina abesti bakoitzak bere izaera du eta besteekin bizirauten du. Etiketak etiketak dira, eta ez diet gehiegi erreparatzen.


Lan honetan, estiloari dagokionez ez ezik, hizkuntzari dagokionez ere bada aniztasuna. Kantek eurek eskatzen al dute hizkuntza jakin bat?, modu naturalean gertatzen den zerbait al da?, ala jolaserako eta esploraziorako bide bat?

Jolasteko espazio bat da, noski. Beti gustatu izan zait hizkuntzak ikastea eta haiekin jolastea. Hala ere, euskararen aldeko apustua egiten ari naiz. Lehen, abesti gehienak ingelesez ateratzen zitzaizkidan, entzuten dudan musika estiloak eraginda. Gaur egun, euskara geroz eta gehiago erabiltzen dut abestiak egiteko garaian.

(Argazkiaren egilea: Cecilia Álvarez-Hevia)


Otsailaren 10ean egin zenuen aurkezpen kontzertua, Donostian, Imanol Larzabal Aretoan, Lugaritzen; alegia, zeure jaioterrian, zeure auzoan. Nolako esperientzia izan zen? Hurrengo emanaldiak prestatzen hasita al zaude jada?

Oso esperientzia polita, hunkigarria. Aretoa goraino bete zen, eta ez nuen espero! Aitak harro esan zidan: «Aizu, Sara, Donostiakoa ez den jendea ere etorri dela entzun dut!». Hori seinale ona da. Geroz eta gehiago disfrutatzen ari naiz oholtza gainean, eta hala jarraitzea espero dut. Hurrengo emanaldiak udaberritik aurrera etorriko dira; bitartean lanean jarraituko dugu, noski!


Izaro, Idoia, Olatz Salvador, Esti Markez, Sara Azurza... Zorionez, gero eta emakume gehiago ari zarete musikaren munduan zeuen lekua egiten. Euskal musikaren oraina eta geroa esku onetan daude. Nola baloratzen duzu zu ere talde horren parte izatea?

Egia da azken urteetan geroz eta emakume bakarlari gehiago hasi garela gure proiektuekin oholtzara igotzen, eta ni talde horren parte izateak zoriontsu egiten nau, asko miresten baititut aipatutako emakume eta kide horiek, eta baita bakarka aritzen diren emakume guztiak ere. Emakume musikarien profesionalizazioa beharrezkoa zen, eta bisibilizazio maila honetara iristeak harro sentiarazten nau. Hala ere, oraindik, lan handia dago egiteko.


(2023ko martxoaren 9an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana