Gernikako LEKUEK, herritarrek herriarentzat antolatzen duten musika jaialdia

  • Gernikako LEKUEK, herritarrek herriarentzat antolatzen duten musika jaialdia

Martxoaren 17tik 25era egingo da Gernikako LEKUEK musika jaialdiaren 10. edizioa, adin guztietako jendearentzako ekitaldiekin herriko espazioak eta kaleak betetzeko helburuarekin. Jaialdiaren sorrerari, lan egiteko moduari, aurtengo egitarauari eta orain arteko bideari buruzko xehetasunak eman dizkigute antolakuntza taldetik.


Nola jaio zen Gernikako LEKUEK jaialdia? Zer helbururekin sortu zen?

Gernika eta Urdaibai inguruan identifikatu zen musika ekitaldien beharrizanari erantzuteko asmoz sortu zen LEKUEK orain 10 urte. Hasiera-hasieratik bertako kultur espazio esanguratsuenek parte hartu izan dute: ASTRAk, IPARRAGIRRE ROCK ELKARTEAk, TRINKETE ANTITXOKOAk (gaur egun KULT PARNASOA) eta herriko beste hainbat espaziok, kalek eta tabernak, esate baterako. Era berean, azpimarratu behar da azken urteetan Gernikako Kultur Etxeak ere bere lekua hartu duela.

Azken finean, herritarrek herriarentzat egiten dugun festibal bat da LEKUEK; beraz, bertan parte hartu nahi duen orok bere lekua izango du.

(Artxiboko irudia)


Zelako jaialdia da? Zer berezitasun dauka?

Modu guztiz autogestionatuan antolatzen den festibala da gurea, eta esan daiteke, urteen poderioz, egitura sendo bat osatzeaz gain, erreferentziazko ekitaldi bilakatu garela. Betiere boluntariotzan eta espazio kolaboratibo batean oinarrituta, eta ideia askatasuna eta feminismoa ardatz hartuta.

Espazio ezberdinez osaturik gaudenez, harro diogu musika estilo askotako festibala garela. Azkenean, kartel berean sartzen ditugu rocka, metala, bluesa, soula, reggaea, musika esperimentala, rapa, trapa edota elektronika. Gure helburuetako bat euskal artistei aukera ematea da, eta horiek estatu mailako eta nazioarteko artistekin nahastea ere gustatzen zaigu, publikoaren artean eta artisten artean sinergiak sortzen laguntzen baitu horrek.


Egitaraua antolatzerakoan, zer izaten duzue kontuan?

Hasiera batean gure gustuko artistak lortzen ahalegintzen gara; puntu horretan jada nahiko egitarau heterogeneoa osatzen dugu. Betiere gure festibalaren ideologiari jarraikiz (autogestionatua, independentea, askea, feminista...).

Behin nahi ditugun taldeen zerrenda dugunean hasten da arazoa, agenda arazoak alegia; imajina daitekeen moduan, hori nahiko erabakigarria izaten da egitaraua osatzerakoan.

Horretaz gain, esan beharra dago parekidetasuna mantentzen –edo hobeto esanda, errespetatzen– ahalegintzen garela, nahiz eta batzuetan ez den hain erraza izaten.

(Artxiboko irudia)


Nork osatzen du antolakuntza taldea? Nolakoa da lan egiteko modua?

Denok gara boluntarioak, profil askotako herritarrak. Egitura finko bat daukagu antolakuntzan, egiturazko lanak banatuta (produkzioa, prentsa, logistika, diruzaintza). Horrek ez du esan nahi pertsona berberak garenik urtetik urtera; jende asko pasatzen da antolakuntzatik, ardura eta konpromiso maila ezberdinekin, noski. Bakoitzak al duen neurrian, denak dira ongi etorriak.

Normalean urte amaieran (azaro hasieran) batzen gara lehenengoz, eta, aurreko urteko ondorioekin, edizio berriaren ideia nagusiak lantzen hasten gara. Pixkanaka, festibala forma hartzen joaten da, eta, behin kartel orokorra itxita, kontzertu nagusiak alegia, beste ekitaldi guztiak antolatzen hasten gara: kaleko emanaldiak, azoka, hitzaldiak, tailerrak...

(2023ko egitaraua)


10. edizioa da aurtengoa. Zer antolatu duzue zenbaki biribil horretara iritsi izana ospatzeko? Zer nabarmenduko zenukete?

Esan genezake, ezer berezia antolatzea baino gehiago, erreparorik gabe antolatzeko "luxua" eskaini diogula geure buruari. Normalean, edozein ekitaldi autogestionatu bezala, zuhurtasun puntu bat jartzen diogu geure buruari, baina, aurten, konplexu barik, nahasketa eta apustu guztiak jarri ditugu mahai gainean.

Esate baterako, KIKO VENENOren kontzertua ausardia ekintza bat izan da, bai aurrekontu aldetik, baita eskaintza musikal aldetik ere, ez genekielako zer-nolako erantzuna izango zuen. Baina, oso pozik gaude, sarrera guztiak saldu ditugu-eta. Egoera berberean gaude DENIS ALCAPONE (Backed by PAGASARRI SKA ALL STARS) bezalako artistekin.

10. edizio honetan ahal bezainbeste indartu nahi izan dugun puntua Gernikako kaleak hartzea izan da, adin tarte ahalik eta zabalenarekin. Hau da, Gernikako Kantagunek, Swingtxakuk, Kalapitaka akademiak, Segundo Olaeta musika eskolak, TrakaMatrakak, kaleko ekintzek eta beste hainbat eragileek Gernikako kaleak beteko dituzte astebetez.

(Kiko Veneno Lizeo Antzokian izango da martxoaren 17an. Sarrerak agortuta daude)


Maurizia Aldeiturriaga omendu nahi izan duzue aurtengo kartelean. Zergatik?

Kasualitate polit batengatik erabaki genuen Maurizia omentzea. Ramon Zabalegi "Zumitrenko" artistarekin elkarlanean ari ginela suertatu zen ideia, eta oso aproposa iruditu zitzaigun orokorrean. Oso pozik gaude kartelak jendearen aldetik izan duen erantzunarekin, Maurizia bezalako pertsonaia batek giro oso ona sortzen baitu.

(Artxiboko irudia)


Hamar urtek askorako ematen dute; are gehiago, pandemia bat tarteko denean. Nola baloratzen duzue orain arteko bidea? Epe horretan izan al da aldaketarik hasierako planteamenduetan?

Ba bai, gauza asko gertatu dira 10 urte hauetan, nahiz eta, zalantzarik gabe, gogorrena pandemia izan den. Orokorrean ez dugu aldaketarik igarri, gure planteamenduan behintzat, baina, egia esan, urteen poderioz konturatu gara festibalak bere indarra eta izena lortu dituela. Izatez, beti jasan izan dugu festibal txikiaren sindromea, ez baikenuen gure ingurutik kanpo LEKUEKek duen sonaren berri, eta 10 urteren ostean oraindik harritu egiten gaitu gure festibala Urdaibaitik kanpo ezagutzen dela jakiteak.

(Olaia Inziartek martxoaren 25ean abestuko du, Astran)


Musikazaleentzat funtsezko hitzordu bihurtu da Gernikako LEKUEK. Zer asmo duzue etorkizunera begira? Non jarri behar da arreta zuen ustez?

Onartu beharra daukagu gure funtzionamendua, boluntarioz osaturik gaudelako gehien bat, urtez urtekoa dela. Hau da, momentu honetan, gure idealak haizeratzeaz gain, ez dugu epe luzera begiratzen. Hala ere, zerbait aipatzekotan, belaunaldi aldaketan jarriko genuke begirada.

Urtetik urtera oso zaila egiten zaigu antolatzaile gazte berriak topatzea; ekitaldietan edo artista moduan parte hartzeko ez dugu arazo larririk topatzen, baina bai antolakuntzari begira. Beste eragile eta elkarte batzuekin komentatu izan dugu kontu hori, eta haiek ere arazo bera dute.

Gora Lekuek!!


(2023ko martxoaren 16an argitaratutako Berezia)