Izaro Ieregik "Yegua, manca y zurda" erakusketa aurkeztu du Montehermoso Kulturunean

  • Izaro Ieregik

Erakusketa martxoaren 17tik maiatzaren 14ra arte egongo da ikusgai lehen solairuko aretoan

Gasteizko Montehermoso Kulturunean aurkeztu dute Izaro Ieregiren ‘Yegua, manca y zurda’ erakusketa, eta bihartik, martxoaren 17tik, aurrera egongo da ikusgai maiatzaren 14ra arte lehen solairuko aretoan. Prentsaurrekoan Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura zinegotziak eta erakusketaren egileak hartu dute parte. 2022ko deialdian hautatutako proiektu artistikoetako bigarrena da.

“Artistak, ‘Yegua, manca y zurda’ lanarekin, aretoa grabazio-set bihurtuko duen ikusizko eta soinudun instalazio gisa planteatu du. Ikuslea entsegu eta akatsen lekuko izango da han. Beste hainbat lanen artean, formatu handiko ikus-entzunezko 6 proiekzio daude. Areto osoan zehar hedatzen dira eta aldi berean erreproduzitzen dira, hala espazio osoa egituratuz”. Cantoren hitzetan, “Modu poetikoan maitasuna, desioa eta porrota ardatz hartuta gogoeta egiten duen erakusketa da”.

Gorputza, keinua, testua, ahots-teknikak eta teknika somatikoak lantzen dituzten ikus-entzunezko lan horien bidez, hizkuntzari mundu berri bat egituratzeko gaitasuna ematen zaio.

Erakusketaren inaugurazioa bihar, ostirala, arratsaldeko 19:00etan izango da.

Egilea

Izaro Ieregi Arte Ederretan lizentziatua da EHUn eta artearen sorkuntza eta ikerketako masterra du. Gainera, Mondragon Unibertsitateak emandako Euskal Kulturaren Transmisioan graduondokoa eta Dutch Art Institutek emandako masterra du Art Praxisean. Bestalde, Bilboko OKELA espazioko (arte independenteko gunea) bazkide sortzailea ere bada.

Horrez gain, askotan jaso du Eusko Jaurlaritzaren eta BilboArte Fundazioaren beka eta erakusketak, performanceak eta proiekzioak egin ditu toki hauetan, besteak beste: Artium, RKE aretoa (Getxo), Cultural San Martín (Buenos Aires), Xiameneko (Txina) Chinese European Art Center.

Izaro Ieregik performancearen mundua ikuspegi koreografikotik lantzen du, betiere nozio eskultorikoarekin, egitura sozialen eta historiaren moduko gaiak jorratuz. Bereziki sentsiblea da zaurgarritasunarekiko, prekarietatearekiko eta bertan bizi diren gorputzen potentzialtasunarekiko.

Hori guztia eskulturaren eta dantzaren, zinemaren eta instalazioaren, somatikaren eta poesiaren artean adierazten da. “Tarteko” horiek lantzeak modu askean lan egiteko aukera ematen dio.

Bere ustez, jardunbide artistiko garaikideek subjektuaren krisia eta garai zailak bizi dituzte gaur egun.

“Gasteiztarrak animatu nahi ditugu Izaro Ieregi artistak proposatzen duen ‘Yegua, manca y zurda’ erakusketa bisitatzera. Horretarako aukera izango dugu martxoaren 17tik maiatzaren 14ra arte Montehermoso Kulturunean”, adierazi du Cantok.


  • DataMartxoak 16
  • Gaia Ikusizko arteak
Euskadi, auzolana