Martxoaren 17tik irailaren 3ra arte egongo da Bilboko museoan "Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea" austriar artistari eskainitako erakusketa.
Bilboko Guggenheim museoak "Oskar Kokoschka: Vienako errebeldea" austriar artistari buruzko atzera begirako erakusketa aurkeztu du, Parisko Musée d'Art Modernerekin batera. Irailaren 3ra arte egongo da ikusgai Bilboko museoan.
120 pintura paratu dituzte Bilboko espazioaren 2. solairuan, Oskar Kokoschka (1886–1980) austriar artistaren ibilbide oso-osoaren ikusgarri. "Time, Gentlemen Please" pintatu zuen azken koadroa ere dago bertan.
Kokoschkaren aurrenetako obrak Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan Europak bizi zuen giro sutsuak inspiratu zituen, eta, museotik azaldu dutenez, "zeharo erradikalak dira erakusten dituzten diseinu, lerro eta esperimentazio kromatikoengatik". Artistaren marrazkiek erronka jo zieten konbentzionalismo artistikoei eta planteamendu burges tradizionalei.