Tarzan ikuskizunarekin arrakasta handia lortu eta gero, Mar-Mar Teatrok Arrainak bihotzean estreinatu zuen urtarrilaren bukaeran. Lan berria Leire Bilbao idazlearekin batera sortu dute, eta haur txikiagoei zuzenduta dago. Konpainiari eta bi antzezlanei buruz galdetu diegu Mar-Mar Teatroko kideei.
Mar-Mar Teatro 2021ean sortu zenuten. Une ez oso apropos batean; izan ere, artean normaltasunera itzuli gabeak ginen. Zerk piztu zizuen konpainia berri bat martxan jartzeko gogoa? Eta zergatik une jakin horretan?
Pandemiak mundu guztia geldiarazi zuen, eta gu ere gelditu egin behar izan ginen. Horrek hausnarketarako denbora eman zigun, eta 10 urtez biran ibilitako taldearekin zerbait berria gure kabuz sortzea erabaki genuen. Gure etorkizun hurbila lanik gabe ikusten genuelako ere sortu zen beharrizan hori.
Urte berean, Tarzan estreinatu zenuten, zuen lehen lana, arrakasta handiz estreinatu ere. Zer-nolako ikuskizuna zen hura?
Tarzan oraindik biran dagoen ikuskizuna da. Publikoaren aldetik harrera ona izan du, bai Euskadin, bai estatu mailan, eta, besteak beste, Mostra Igualada, FETEN 2022 eta Max 2022 sariak lortzeko hautagai izan zen. Tarzan egiterakoan argi genuen gure beharrizan artistikoak ase nahi genituela. Taldearen lehen ikuskizuna izanda, oso harro gaude sortu genuen lanarekin.
Aurten aurkeztu duzue bigarren antzezlana: Arrainak bihotzean. Zer ezberdintasun dago aurrekoarekin alderatuta? Nola jaio zen ideia? Eta nolakoa izan da ikuskizuna sortzeko prozesua?
Arrainak bihotzean antzezlanak formatu txikiagoa dauka lantalde aldetik. Ikusleen adina ere aurreko kasuan baino txikiagoa da: Arrainak bihotzean 3 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago; Tarzan, berriz, 6 urtetik gorakoentzat da. Beste alde batetik, Tarzanen erabiltzen den hizkuntza "performatiboagoa" dela esango genuke, eta, dramaturgia aldetik, gidoiak denbora salto asko ditu. Arrainak bihotzean ikuskizunean, aldiz, dramaturgia linealagoa da, eta erabiltzen diren baliabideak aproposagoak dira publiko guztientzat.
Argi geneukan umeei interesatzen zitzaien gai bat jorratu nahi genuela, eta beldurren gaia lantzea erabaki genuen. Horretarako, Leire Bilbao idazlearekin jarri ginen harremanetan. Leire aditua da haur literaturan, eta hainbat ideia partekatu genituen elkarrekin, Arrainak bihotzean sortzeko. Prozesu aberasgarria izan da oso, eta elkarrengandik asko ikasi dugu sortzeko modu ezberdin honetan.
Nork osatzen du antzezlanaren lantaldea? Nola banatu dituzue zereginak?
Ikuskizunaren biran, Irene Hernando, Aritza Rodriguez eta Maitane Serrano daude taula gainean, eta Igor Iglesias teknikari lanetan. Gure lan egiteko modua kolektiboa da, eta denon artean sortzen ditugu ikuskizunak. Partaide orok edozein arlotan har dezake parte.
Zer kontatzen du, zehazki, Arrainak bihotzean ikuskizunak?
Bere beldurrak kudeatzen ikasi beharko duen ume baten hasierako bidaia da.
Zer baliabide erabili dituzue Martiren istorioa kontatzeko? Zertan jarri duzue arreta, bereziki?
Aktoreen eta panpinen lana dago, eta arreta berezia jarri dugu antzerki obrak behar dituen arlo guztietan, hau da, interpretazioan, dramaturgian, eszenografian...
Urtarrilaren 27an Berrizen estreinatu zenutenetik, ez duzue atseden hartzeko astirik izan. Eta aurrera begira ere, emanaldi ugari dituzue programatuta. Nolakoa ari da izaten jendearen harrera? Zer nabarmentzen dute ikusleek?
Publikoaren harrera ezin hobea izaten ari da; antzoki gehienak betetzen hari gara. Helduek zein txikiek familia arteko esperientzia bizi dute, bakoitzak bere interpretazioa eginez.
Oihanean ibili zineten, lehenengo; eta itsasoan murgildu zarete orain. Hurrengo abenturak pentsatzen hasi al zarete jada?
Arrainak bihotzean antzezlanak utzitako arrakasta dastatzen ari gara une honetan, eta, oraindik ikuskizuna gaztelaniara itzulita ez dagoenez, horretan ari gara buru-belarri.
(2023ko martxoaren 20an argitaratutako Berezia)