Erritmo eta exijentzia artistiko altuko bira baten emaitza da, euskal orkestrak sendotasun handiz eta kalitate estandar altuekin gainditu duena.
Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusi Oriol Rochen hitzetan, “etorkizunean itzultzeko aukera zigilatu dugu”.
Euskadiko Orkestrak DNAn darama nazioarteko bokazioa duela 41 urte abian jarri zenetik. Denbora honetan guztian Europako herrialde ugari bisitatu ditu, baita Hego Amerikakoak ere, baina irteera europar berri hau, historiako hogeita bigarrena, inflesio-puntua izan da bere nazioarteko ibilbidean. Polonia ikaragarrizko musika-tradizioa duen herrialdea da, artista eta musikagile handien eta ehun urte baino gehiagoko orkestren sorterria, eta Beethoven Jaialdia, Robert Treviño titularrarekin duen harremanari esker Euskadiko Orkestra gonbidatu duena, Poloniako jaialdi garrantzitsuenetako batean bilakatu da bere fundatzaile Krzysztof Pendereckiren eskutik. Basque National Orchestrari ongietorria emateko prest zeuden Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice hirietan, sarrera guztiak bukatuta, guztira 5.400. Horrela, bada, Euskadiko Orkestrak ezin zuen huts egin, eta programa exijentea eta maila altukoa eraman du, eta indarrez egin dio aurre.