Nerea Torrijos figuringileak (Bilbo, 1985) azken urteetako euskal film txalotuenetako batzuetan parte hartu du. Jantzien diseinu onenaren Goya saria jaso zuen 2021ean Pablo Agüeroren Akelarre filmagatik; berriz izan da hautagai kategoria horretan, Paul Urkijoren Irati filmagatik, eta oraintsuago, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmean parte hartu du. Film labur bat ere zuzendu du, Influencer, eta prestakuntza-ikastaroak ematen ditu. Nerearekin hitz egin dugu bere lanbidearen nondik norakoak ezagutzeko.
Jakin dugunez, istripu bat izan zenuen oso gaztetan eta horrek zure haurtzaroa baldintzatu zuen. Une zail haietan, berebiziko garrantzia izan omen zuten aititak egindako zenbait oparik, zure geroko bilakaera artistikoa nolabait markatu zutelako. Nola gogoratzen duzu hori guztia?
Sentsazio nahasiak dira, pixka bat tristeak, eta, egia esan, aspergarriak ere bai. Izan ere, ez zen garai erraza izan, ez dizuet gezurrik esango. Urte asko eman nituen 8/10/12 urteko neskato batentzat normala ez zen egoera batera moldatu nahian. Oso prozesu luzea izan zen, ia nire haurtzaro osoa hartu baitzuen, 4 eta 17 urte bitartean.
Baina maitasunez ere gogoratzen dut. Grazia egiten dit aititarengan pentsatzeak; gogorra zen izaeraz, baina modernoa ere bai. Harrigarria iruditzen zait, atzera begiratu eta harengan pentsatzen dudanean, 90eko hamarkadan, 60 urtetik gorako zela, bere garairako zein aurreratua zen; etorkizun-ikuspegia zeukan: bateko bideo-kamerak, besteko ordenagailuak... Nahiz eta ni eskolara joan ez, edota zenbait gauza egin ahal izan ez, aititak nahi zuen ni atzean ez geratzea eta, batez ere, ni ez aspertzea, eta horretarako erremintak jartzen zizkidan eskura. Ez zen atzean gelditzekoa. Ezin dut, beraz, egoera hura sentimendu bakar batekin definitu. Egia esan, irabiagailu baten antza du, non osagai asko nahasten dituzun.
(Akelarreren fotograma)
Nola sortu zen zinema eta moda bateratzeko aukera? Nolakoak izan ziren lanbideko lehen urteak?
Lehenengo urteak oso arraroak izan ziren. Honelako lan batean hasten zarenean (ni, modaren munduan hasi nintzen), ni nengoen bezala, oso galduta sentitzen zara, asko kostatzen da ezagutua izatea. Behin, baina, nire ogibide bera zeukan lankide batek iragarki bat egitea proposatu zidan. Modu naturalean sortu zen. Berak uste zuen ona nintzela lan horretarako. Alabaina, lehen urteak konplikatuak izan ziren; dena eman nuen, gustukoa duen horretan lan egin nahi duen edozein gaztek bezala.
(Iratiren filmaketa. Argazkiaren egilea: David Herranz)
Zertan datza zehazki figuringilearen lana? Jantziak narrazioaren osagarri dira ala haratago joan behar dute?
Figuringilearen lana zabala da: pertsonaia zuzendariarekin batera sortzea, buruan duena gauzatzea, ideiak proposatzea, talde bat kudeatzea, aurrekontu bat kudeatzea... eta, jakina, narrazioa sostengatzea.
Beti esaten dut: nire lana ez da aktore bat dotore jartzea, aktore horrek interpretatzen duen pertsonaiaz hitz egitea da, eta horrek, batzuetan, beste gauza batzuk eskatzen ditu. Batzuetan dotore egotea da, beste batzuetan itsusi egotea, edota aktore hori ez ezagutzea... Nolanahi ere, funtsezko zeregina da narrazioari laguntzea, eta hori film bat egiteko elkartzen diren sail guztien zeregina ere bada. Eta hori gainditu eta ikonoak sortu ahal badituzu, zure zuzendariari nahi duena eman edo, are gehiago, hura hobetu..., hori haratago joatea da. Baina funtsezkoa pertsonaia bati buruz bere jantzien bidez hitz egitea da, hura deskubritzen joatea eta horrek narrazio zentzua izan dezala.
Zure lan egiteko modua sakonago ezagutu nahi genuke. Pantailan ikusten dugun emaitzara iritsi arte, zeintzuk dira prozesuaren faseak? Dokumentazioak nolako pisua du prozesu horretan?
Dokumentazioa oso garrantzitsua da edozein pelikula edo telesailetan, dela antzinako garaiei buruzkoa, dela gaur egunean girotua. Beti ari gara gai desberdinak jorratzen, eta jantziko dituzun pertsonaiei zentzua emateko uste dut zein testuingurutan garatuko den ulertu egin behar duzula. Niretzat, beraz, funtsezkoa da. Prozesuak antzekoak dira, baina oso desberdinak film bakoitzean: dokumentatzetik hasi eta arropak girotzera arte doaz, eta hori proiektu bakoitzaren beharren araberakoa izango da.
(Iratiren filmaketa. Argazkiaren egilea: David Herranz)
2021ean jantzien diseinu onenaren Goya saria jaso zenuen Pablo Agüeroren Akelarre filmean egindako lanagatik. Bi urte geroago, kategoria berean hautagai izan zara Paul Urkijoren Irati filmagatik. Zelan daramatzazu aintzatespen horiek?
Ondo, eta, batez ere, eskertu egiten ditut. Eskertu egiten dut nire lana eta nire lantaldeena baloratzea. Poztu egiten nau, eta haiek ere poztu egiten dira. Zure lana besteek aitortzea beti da polita, eta hobetzen jarraitzeko motibatu egiten zaitu. Baina bai uste dut momentu puntualak direla, karreran aurrera egin behar dela eta gero eta hobeagoa izan.
Berriki, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas-en lan egin duzu, kritikarien eta publikoaren artean oso harrera ona izaten ari den filmean. Akelarre, Irati eta 20.000 especies de abejas hiru film oso desberdin dira. Nolakoa izan zen zure lana proiektu horietako bakoitzean? Zer eskatzen zuen bakoitzak?
Bada, egia esan, hori da nire lanetik gustatzen zaidana, proiektuak beren artean oso desberdinak direla. Irati edo Akelarre bezalako pelikula bat filmatzen duzunean, neke fisikoa eta mentala oso handia da, antzinako garaietan girotuak direlako, figurazio handikoak, eta ahalegin handiagoa eskatzen dute, hainbat arrazoirengatik. Horrela bada, 20.000 especies de abejas bezalako perla bat jasotzea aire-ahokada bat izaten da. Izan ere, zure exijentzia berbera den arren, proiektu errazagoak edo erosoagoak dira egiteko. Gozatzeko beste era bat da, prozesu osoa gehiago dastatzen duzu, ez bakarrik azken emaitza. 20.000 especies de abejas bezalako proiektu bat amaitzean pozik bukatzen baduzu, energia berrituak dituzu beste Irati... bati aurre egiteko. Ez dakit ondo azaldu dudan. [Barreak]. Egia esan, oso zorionekoa naiz hain film politak egiteko aukera izan dudalako.
(20.000 especies de abejas filmerako bozetoak)
Bitartean, kameraren atzean ipini eta Influencer, zure lehen film laburra, zuzentzeko astirik ere izan duzu. Zerk bultzatu zintuen? Zer kontatzen du?
Influencer mota batzuei buruz dudan ikuskera kontatzen du, funtsean, Influencer-ek. Sareek jendearengan duten eragina, gizartea nola ari den hondatzen, pertsonek batak besteari begiratzeko duten modua, pertsona bakoitzak bere buruari begiratzeko modua, artifiziala dena... baina hori guztia neurriz gorako ikuspuntu batetik, zientzia-fikzioaren ikuspegitik; Black Mirror da pixka bat. Ideia originala iruditu zitzaidan.
(Influencer-en fotograma)
Prestakuntza-ikastaroak ere ematen dituzu. Martxoan, adibidez, figuringile lanbideari buruzko eskola magistrala eman zenuen Bilbon, (H)emen elkarteak antolatuta. Horrek esan nahi du lanbidearekiko interesa gero eta handiagoa dela? Zer esango zenieke arlo horretan lehen urratsak orain ematen ari direnei edo oraindik horretara ausartu ez direnei?
Bai, nire ustez industria bera hazten ari da, eta horrekin batera interesa ere bai. Jende horri esango nioke DENA emateko, berdin diola erokeria badirudi ere, lanbide honetan gogor lan egin behar dela eta ez dela erraza izango, baina merezi duela eta, hori bada egin nahi dutena, ez dezatela zalantzarik izan.
(Luciaren, 20.000 especies de abejas filmeko protagonista gaztearen, irudia. Argazkilaria: Laila Lluch)
Zertan ari zara orain? Etorkizunean, zer erronka berriri egin nahi zenioke aurre?
Orain AEBetako film batekin hastear nago, eta beste bi proiektu ditut urte amaierarako.
Etorkizunera begira, jendearengana iristen diren film hain "ederrak" egiten jarraitu nahi nuke, nolabait markatzen eta arrastoa uzten duten film horien parte izan. Eta, jakina, gero eta film handiagoak egin eta... infinitura iritsi!!
(2023ko maiatzaren 5ean argitaratutako Berezia)