Maria Elorza, liburuei eta emakumeei kantuz

  • Maria Elorza, liburuei eta emakumeei kantuz

A los libros y a las mujeres canto Maria Elorzaren lehen film luzea da, dozena erdi film laburren ondoren; literaturari eskainitako maitasun-eskutitz bat da, eta protagonistek literaturara gerturatzeko dituzten moduen bidez memoriaren eta kulturaren balioa erreibindikatu nahi ditu. Dokumentalaren giltzarri batzuk eman dizkigu Mariak.


Virgiliok Eneidaren hasieran adierazi zuen "armei eta gizonari" abestu behar ziela. Zuk liburuei eta emakumeei abestea erabaki duzu. Zergatik? Zein dira filmak planteatzen dituen galdera eta erreibindikazio handiak?

Gure eguneroko bizitzan literaturak eta irudimenak duten egitekoaz galdetzen du filmak. Etxetik abiatzen da, lau emakume protagonisten etxeetatik, eta maite dituzten liburuak gordetzen dituzten apalategietatik. Gero beste eskualde batzuetara hedatzen da: erleek eztia pilatzen duten erlauntzetara; liburu madarikatuak erre diren suetara; Herkulanoren aurrietara, non gaur egun oraindik ere bizi den Papiroen hiribildua; emakumezko langileek ahots ozenez irakurtzen zuten tabako-lantegi zaharretara; Historiara; zinemara bertara. Horrekin guztiarekin memoriak eta kulturak guri hobeto, osoago eta askeago bizitzen laguntzeko duten garrantzia erreibindikatu nahi izan dut.


Liburutegiak lorategiekin lotzen dituzu, zergatik? Zentzu horretan, lau protagonista nagusiak funtsean lorezainak ere badirela esan dezakegu? Dokumentala bera lorategi bat da?

Bai, noski. Protagonistak lorezainak dira, lore-zaleek loreak bezala lantzen eta zaintzen baitute beren liburutegia: osatzen duten paisaiaz gozatzen dute, liburuak usaindu, batzuetan gutxiegi inausi eta besteetan gehiegi ureztatu. Dokumentala bera zale ez jakintsu baten herbario baten antzekoa da, izen misteriotsuz, harmonia gehiago edo gutxiagoko konposizioz eta horiztatutako paperez betea.


Zertan dira berdinak Tonina, Loreto, Viki eta Wal? Eta zeren eredu da bakoitza? Zertan oinarrituta hautatu ziren?

Protagonista bakoitzak literaturara gerturatzeko modu propioa du, baina denek praxitik heltzen diote: haren bidez bizi dira eta egiten dituzten irakurketek ondorio zehatz eta materialak dituzte beren egunerokoan. Batzuk ludikotik, festatik eta mozorrotik gerturatzen dira literaturara; beste batzuk, ekintza politikotik edo nor bere baitan biltzetik. Egileekin elkarrizketan aritzea eta etengabe topo egitea da beraientzat irakurtzea.


Emakume horiek erretratatzea beren bizitzetako irudien izaera ikertzea ere bada. Zein elementu uztartu dira muntaketan eta nolakoa izan da material horiek bilatzeko prozesua?

"Beren bizitzetako irudien izaera ikertzeak" esan nahi du, oro har, irudien izaera ikertzea. Horretarako, neure esperientzia pertsonaletik abiatu naiz, zinemak oso iragazitako esperientzia horretatik. Hori dela eta, protagonisten kontaketen ondorioz antzinako filmen (batzuk mutuak) sekuentzietara joan naiz, nire haurtzaroan edo ikasten ari nintzen urteetan lagun izan ditudanetara. Are gehiago, nire familiako artxiboko grabazioak ere erreskatatu ditut filmean, liburuen ilustrazioak, publizitate-irudiak, filmazio etnografikoak, figurak eta herri-irudiak... Bilaketa handia izan da, narrazioa collage moduan ehunduz joan naiz.


Film osoan protagonistekin konplizitate handia nabaritzen da, batez ere zure amarekin, eta behin baino gehiagotan esan izan duzu prozesu honetan funtsezko zeregina izan duela. Nola lortu duzu gertutasun hori guztiekin? Eta, zure ustez, zer ekarri dio azken emaitzari?

Protagonista guztiak haurtzarotik ezagutzen ditut eta abiapuntu egokia da hori. Gainera, ahalik eta modurik intimoenean filmatzen saiatu naiz, talde handirik gabe, ni bakarrik amaren laguntzarekin. Saiatu naiz protagonistak beraiek izaten ni gidatuko nindutenak beren etxeetan, presarik gabe, gauzak behartu gabe eta aurreiritzirik gabe, elkarrizketa bakoitzak eskatzen zuen denbora errespetatuz. Amaierako emaitzan ikusten da nolabaiteko inperfekzio teknikoa, baina uste dut askoz garrantzitsuagoa den beste zerbait irabazi dudala: bizitza islatzea.


Zure amak dio literaturarekin izan zuen lehen harremana sehaska-kanten bidez izan zela, jaioterrian, Sardinian. Ez da kasualitatea, beraz, dokumentalaren narrazio nagusia italieraz izatea. Zuri non sortu zitzaizun literatura eta zinemarekiko interesa? Zer esan nahi dute zuretzat?

Etxean sortu zen, jakina, eta nire gertueneko pertsonekin nuen harremanetik sortu ere; protagonistak ere hala dira. Eskolan ere bai: irakasleek gure sentsibilitatea behin betiko marka dezakete. Udazkenean nire garai bateko institutuan aurkeztu nuen filma, Usandizagan, eta esker onez beteta gogoratu nituen Batxilergoko literatura-eskola zoragarriak.

Film osoa zeharkatzen duen ideia da oso garrantzitsua dela literatura ahoz eta gertutik transmititzea, inolako elitismorik gabe. Azpimarratu nahi zenuen ideietako bat zen? Adibidez, bereziki goxoa eta esanguratsua da zigarrogileez esaten dena.

Bai horixe. Nire birraitona eta birramonetako batzuek ez zekiten irakurtzen eta idazten. Ahozko transmisioari esker gozatu zuten gure arbasoek poesiaz eta kulturaz, edo pertsonaletik harago zihoan memoria izan zuten horri esker. Zinema egiten dudanean, norbaiti zerbaitetarako balioko dion itxaropenarekin egiten dut: ikasteko, kontsolatzeko, ongi pasatzeko, hausnartzeko... Eta norbait hori edonor izatea espero dut, eta ez soilik erraztasun guztiak eskura dituena.


Iraganeko gauzak berraragiztatu eta adierazteko borondatea ere film osoan nabari da, adibidez, zure ama hitz egiten duen bitartean arropa lisatzen ari denean. Zer lortu nahi zenuen horrekin?

Irakurketari esker beste garai batzuetako egileei eta pertsonaiei aurpegira begiratzeko aukera duzu, berriro bizitzekoa. Filmean literaturaren botere ia magiko hori adierazi nahi nuen. Iragana berriro bizi, baina egungo begiekin, epaitu eta irakaspenak lortzen saiatu, geure burua hobeto ulertzeko eta zer mundu mota nahi dugun irudikatzen hasteko modua da.


A los libros y a las mujeres canto zure lehen film luzea da, dozena erdi film laburren ondoren; horietako asko Maider Fernándezekin batera egin dituzu, Las chicas de Pasaik izenarekin. Nolako esperientzia izan da?

Proiektuaren abiapuntua eta filmatzeko zein muntaketa planteatzeko modua film laburren oso antzekoak izan dira. Aurreko proiektuetan probatutako gai eta esperimentu formal ugari garatu dut. Sakontze-mailan dago aldea: film luzearekin egiaz murgildu naiz aztertu nahi nituen gaietan eta lan-metodologiak askoz gehiago findu behar izan ditut. Elkarrizketa eta irudi oso desberdinen 70 minutu egituratu behar izan ditut, ez ohiko forman eta linealki, baizik eta filma irekita utziz, ikusleak bere irakurketak egin eta ondorioak atera ditzan, baina hipotesi argiak planteatzen ere saiatu naiz edo niretzat garrantzitsuak diren gaiei buruz jarrera hartu dut, eta horrek guztiak lan sakona eskatu dit, urteetan luzatu den lana.


Dokumentala zinema-aretoetara iritsi da jaialdietan ibilbide luze eta saritua egin ondoren. Eta pixkanaka egin du. Nolakoa ari da izaten jendearen erantzuna? Etorkizunean zer proiektu berriri heldu nahi diezun pentsatzeko denborarik izan duzu?

Gustatu egiten zait ikustea jendeak barre egiten duela edo hunkitu egiten dela, eta kredituen ondoren filmari buruz hitz egiteko gogoz jarraitzen dutela. Hunkigarria izan da ikustea atzerrian filmaren tonua eta espiritua hauteman dituztela, hemengo kulturari eta historiari oso lotutako elementuak egon arren. Ondorengo proiektuetan ildo honetan jarraitu nahi nuke lanean, nahiz eta fikzioarekin probatzeko gogoa ere izan.


(2023ko maiatzaren 9an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana