Minimap, 10 urte Euskal Herriko bideojokoak biltzen eta ezagutzera ematen

  • Minimap, 10 urte Euskal Herriko bideojokoak biltzen eta ezagutzera ematen

Orain hamarkada bat jarri zuen martxan Donostiako Tabakalerako Ubikek Minimap proiektua, 1985etik aurrera gurean sortutako edo euskaratutako bideojokoen mapa osatzeko asmoz. Gaur egun, 490 bideojoko biltzen ditu datu-baseak. Leire Mitxelena Ericek eman digu egitasmoaren nondik norakoen berri.


Zer da Minimap?

Euskal Herrian sortuak edo euskaratuak izan diren bideojokoen mapa da Minimap. Plataforma honen helburua da bideojokoak biltzea, haietara sarbidea ematea eta haiek ikusteko aukera eskaintzea. Minimap egitasmoak mota guztietako bideojokoak biltzen ditu: ezagunak, komertzialak, independenteak, artistikoak... Era horretan, sortzaile guztiek, bai amateurrek, bai profesionalek, beraien lanak gehitzeko aukera dute.

Datu-basean bideojokoen informazioa hiru hizkuntzatan kontsulta daiteke eta, sortzaileek aukera ematen duten kasuetan, baita jolastu ere.


Nolakoak izan ziren hastapenak? Nola garatu zenuten proiektua?

Minimap proiektuaren oinarriak 2013an hasi ziren lantzen. Donostiako Tabakalerako Ubikek bultzatutako lankidetza-proiektu baten bidez, Euskadin eta Nafarroan garatutako bideojokoak identifikatzeko eta kokatzeko plana hasi zen.

Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan bideojokoaren sektorearekin lotutako enpresa-elkarteak egon informazio horren zati bat jasotzen zutenak, zaila zen produkzioaren benetako egoera ulertzea. Ezinezkoa zen jakitea zer gertatzen ari zen gure inguruan, zer sortzen zen eta lanak nondik zetozen.

Horretarako, Minimap izeneko datu-basea jarri zen martxan, 1985az geroztik egindako euskal sorkuntza guztiak geolokalizatzeko eta biltzeko helburuarekin.

U-Tadeko irakasle eta bideojoko-sortzaile Carlos González Tardónek, Tabakaleraren ikuskaritzapean, hiru euskal lurraldeetako garatzaile-talde bat bildu zuen, eta Nafarroako ordezkari bat batu zitzaion. Elkarrekin, webgune bat egitea proposatu zuten, bideojokoen tokiko ekoizpena biltzeko eta ikusteko helburua izango zuena.

Mapeo haren bidez bildu nahi ziren bideojokoak ez ziren bideojoko komertzialak bakarrik; pixkana-pixkana, indie deitzen direnak ere hasi ziren jasotzen, alegia, partikularrek eginak, oso aurrekontu murritzekin edo batere aurrekonturik gabekoak.

Minimapen jasotzen ditugu bai zirkuitu komertzialetan sartzen diren bideojokoak, helburu artistikoz sorturikoak, hala nola ikasleek eta zaleek sorturikoak...


Zenbat bideojokok osatzen dute une honetan datu-basea? Zein dira MINIMAPen egoteko jokoek bete behar dituzten baldintzak?

Momentu honetan datu-baseak 490 bideojoko jasotzen ditu, eta horiek betetzen dituzten baldintza nagusiak Euskal Herrian sortuak izatea edo euskaratuak egotea dira. Horrez gain, bideojokotzat hartzen ditugu honako lau irizpide hauek betetzen dituztenak: programa informatikoa izatea, jolas-egitura edukitzea, interaktiboa izatea eta bukatuta eta argitaratuta egotea. Premisa horiek jarraituz mapan gehitu daitezkeen jolasak komertzialak, independenteak zein artistikoak izan daitezke.


Nolakoa da informazioa katalogatzeko lana? Nola antolatzen duzue erabiltzaileen eskura jartzeko?

Minimap lankidetza-proiektua den heinean, bideojokoak bide ezberdinetatik jasotzen ditugu: erabiltzaileek eta sortzaileek plataformara igo ditzaketenez gain, Medialabetik hainbat plataformaren jarraipena ere egiten dugu: lurraldeko bideojokoetako hezkuntza-zentroak, bideojokoetan adituak diren blogak eta sare sozialak, Euskal Herrian antolatzen diren bideojoko-topaketak...

Datu-basearen egitura eta katalogazioa ez da batere konplexua, baina ondo erantzuten die era honetako proiektu batek informazioa jasotzeari dagokionez dituen premiei. Nahiz eta sinplea izan, informazioa iragazteko aukera asko ematen ditu plataformak. Betetzen diren eremuen artean honako hauek daude: argitalpen-urtea, lizentzia-mota, euskaraz dagoen, titulua eta deskribapen laburra, non egin den (mapeoaren puntua), zer plataformatarako dagoen eskuragarri, jolas-mota, adin gomendatua, sortzaileen datuak, garapenari buruzko informazioa (motorrak, sistemak...) eta irudiak eta bideoak.

Behin informazioa datu-orrian jasoa dugunean eta testuen itzulpenak egiten ditugunean, argitaratu egiten dugu interesa duen edonoren eskura jartzeko.


Aurreratu diguzun bezala, erabiltzaileek ere aukera dute mapa osatzen laguntzeko. Zer egin behar da bideojoko bat mapan ager dadin?

Minimap lankidetzazko proiektua da, bideojoko bat sortu duen edonork mapara igotzeko aukera izan dezan pentsatua baita. Modu ezberdinak daude bideojokoak Minimapen gehitzeko: erabiltzaileek eta sortzaileek plataforman alta emateko aukera dute, eta formulario batean bideojokoaren oinarrizko datuak bidal ditzakete. Beste bide bat Minimapeko helbide elektroniko orokorrera informazioa helaraztea litzateke (medialab@tabakalera.eus).

Argitaratu aurretik, Minimapeko administratzaileok datuak errepasatu eta markatuta dauden irizpideetara egokitzen ditugu, falta diren datuak bete, gainerako hizkuntzetara itzulpena egin eta argitaratu egiten dugu.


Minimap tresna baliagarria da Euskal Herrian bideojokoen ekoizpena une honetan nolakoa den jakiteko (nagusi diren joko-motak eta plataformak, lurralde bakoitzeko ekoizpena...). Zer irakurketa egin daiteke datu-baseari erreparatuta?

Minimap datu-baseak bideojokoen industria nola dagoen erakusten du, baina ez soilik enpresa gisa ulertzen den industria. Bideojokoen garapen amateurra ere ikertu daiteke, datu horiek ez baitaude inon jasota. Garapen hori profesionalizatzen den heinean indie bihurtzen da; eta indiea estudio bihur daiteke. Prozesu horren datuak eta informazioa izatea garrantzitsua da jakiteko gure lurraldean bideojokoen inguruan zer ari den gertatzen.


Azken urteetan nabaritu al duzue joera aipagarririk?

Azken hamarkadan euskal bideojokogintza eraldaketa nabarmena ari da izaten: bideojokoen inguruko ikasketak daude, sektoreko enpresek bideojoko komertzialak sortzeko ahalmena dute, topaketa amateurrak antolatzen dira... Nabarmentzekoa da bideojokoen inguruko euskal komunitatea ere. Komunitate hori txikia bada ere, lan ikaragarria ari da egiten, dela bertan sortzen eta garatzen diren bideojokoen berri emateko, dela zerrenda komertzialetako top-ean dauden bideojokoak euskaratzeko.


Zuen ustez, zein dira Euskal Herriko bideojokoen industriaren eta komunitatearen erronka nagusiak? Eta Minimap proiektuak nola begiratzen dio etorkizunari?

Minimap proiektua behar edo hutsune batzuei erantzuteko sortu zen 2013an, eta, hamar urte geroago, galderak beste batzuk izan badaitezke ere, bideak, lanak eta helburuek indarrean jarraitzen dute: euskal bideojokoaren mapa osatzen eta zabaltzen segituko dugu, kolaborazio-lanei eutsiko diegu, eta, azken batean, euskal bideojokoen ikerketarako abiapuntu eta gune izateko lanean jarraituko dugu. Azken horren adibide dira, besteak beste, Julen Zaballak koordinatutako Euskadiko bideojokoaren historia (1985-2009) ikerketa-lana edo Espainiako Biblioteka Nazionalak 2021an estatuko bideojokoen egoera aztertzeko hasitako proiektua.


(2023ko maiatzaren 31n argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana