Bi hamarkada luzeko profesionalizazio prozesuaren ondoren, euskal kale antzerkiaren zirkuituan lekua hartzen joan da zirkua azken urteetan, eta, berriki, Leioako Umore Azokaren baitan, sektore profesional moduan agertu da jendaurrean. Aurrera begira erronka nagusia antzoki publikoetan sartzea dela jakitun, Euskal Zirku Elkarteak hainbat konpainia eta zirku eskola eta espazio biltzen dituen katalogoa aurkeztu zuen bertan. Mikel Pikatzarekin hitz egin dugu gehiago jakin nahian.
Zer da Euskal Zirku Elkartea? Noiz eta zer helbururekin sortu zen?
Euskal Zirku Elkartea (EZE) EAEko zirku artistak eta zaleak biltzen dituen elkartea da. 2018aren amaieran sortu zen, euskal zirkua batzeko asmoz eta zirkuarekin lotura zuten pertsonak eta egitasmoak biltzeko eta elkarlanak sustatzeko helburuarekin.
Arte eszenikoen barruan, genero batzuk –antzerkia eta dantza, esaterako– oso ondo identifikatuta ditu jendeak. Baina, beharbada, zirkuarekin ez da gauza bera gertatzen, diziplina asko hartzen baititu bere baitan. Zer dira, zehazki, zirku arteak eta zerk egiten ditu bereizgarri? Zer ezaugarri dituzte une honetan gurean egiten ari diren zirku ikuskizunek?
Zirkuan, historikoki, diziplina ezberdinak onartu izan dira, garai bakoitzeko ezaugarrien eta gertakarien arabera. Gaur egun, akrobaziek, aireko ikuskizunek, malabarismoak, oreka espektakuluek eta klownak osatzen dutela esan genezake, baina ikuspuntu mugatua litzateke hori. Zergatik ez sartu bere baitan dantza garaikidea, magia, BMX bizikletekin egiten diren ikuskizunak, parkour-a, break dance-a...? Zirkuak gaitasun izugarria dauka adierazpen artistiko ugarirekin bat egiteko, eta gurean ere aniztasun ikaragarria dago. Azken 4-5 urteetako euskal ekoizpenek duten kalitate artistikoa azpimarratuko nuke.
Adabaki - Bapatean Zirko
Garai batean, pisu handia izan zuten zirku arteek, baina, gero, itzalaldi moduko bat gertatu zen, eten bat. Kanpotik begiratuta behintzat, badirudi azken urteetan berriro loraldi bat bizi dutela. Hala al da benetan? Nolakoa izan da bilakaera arlo honetan lanean ari zaretenon ikuspegitik? Zer egoeratan dago zirkua gurean?
Loraldia hasi baino ez da egin. Gure belaunaldia lehengo zirkuarekin batere harremanik gabe edo ia harremanik gabe sortu zen, ezerezetik; plazetatik, gaztetxeetatik... 70eko hamarkadatik-edo, zirkua gainbeheran zegoen. Zinemaren eta telebistaren zabalkundeak min handia egin zion zirku klasikoari, garai berrietara egokitzen jakin ez izanak ere bai. Guk garai berri bati ekin genion; inork ez zekien nondik gentozen eta nora gindoazen. Bazirudien arte eszenikoen merkatuan ez zegoela lekurik guretzat, baina, poliki-poliki, artistak eta konpainiak agertzen hasi ginen.
Bi hamarkadako profesionalizazio prozesuaren ostean, espazioak irabazi ditugu kale antzerkiaren zirkuituan, zirku espazioak eta eskolak sortu dira, eta milaka haurrek, gaztek zein helduk praktikatzen dute zirkua astero. Orain, oso momentu ederrean gaude. Euskal zirkua sektore profesional moduan agertu da jendaurrean, eta hauek lehen urratsak baino ez dira. Sinetsita gaude etorkizun handiko bidea dugula aurretik.
['e.go] - Dikothomia
Arte eszenikoen barruan zirku arteen lekua aldarrikatzeko modu bat al da orain gutxi aurkeztu duzuen katalogoa? Zehazki, zer bildu duzue bertan? Zer maiztasunekin eguneratzeko asmoa duzue?
Bai, noski. Sektore profesionalaren eta kultura erakunde publikoen aurrean agertzeko modu eraginkorra da katalogoa, zirkua arte eszenikoak osatzen dituzten beste sektoreen maila berean jartzeko ahalegina eta asmoa. Bertan, gaur egun aktibo dauden 29 konpainia eta 12 zirku eskola eta espazio bildu ditugu. Ez dira dauden guztiak, EZEren baitan daudenak baizik.
Gustatuko litzaiguke katalogo hori urtero, urte hasieran, sortzen diren eskolekin eta konpainiekin berritzea eta konpainien ikuskizunak eguneratzea, gure errealitatearen bilakaera islatuko duen tresna erabilgarri bat eskura izan dezagun.
Programatzaileei urte osoko egitarau plangintzetan zirku arteak kontuan har ditzaten dei egiteko modu bat al da? Leioako Umore Azokan egin zenuten aurkezpen ofiziala. Ez da kasualitatea, ezta? Nolako aurkezpena izan zen eta nola hartu zuen jendeak?
Kaleko programetan, jaialdietan eta programazio egonkorretan ez daukagu arazorik; euskal zirkuaren presentzia bermatuta dago horietan. Antzoki publikoetan daukagu erronka, historikoki itxita egon den atea zabaltzen lagunduko digulakoan gaude.
Leioako aurkezpena oso hunkigarria izan zen, esku hartze artistikoek xarma eta indar izugarria eman ziotelako. Adibidez, kable baten gainean egindako aurreskua ez da egunero ikusten den zerbait. Aurkezpen txukuna egitea zen gure asmoa, eta halakoxea izan zela uste dugu, erakunde publikoen babes guztiarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko zuzendariaren hitzetan, inflexio puntu bat izan zen.
Mute - Orain-Bi
Leioako Umore Azokaren antolakuntza taldetik ezagutzera eman dutenez, 30.000 lagunek baino gehiagok gozatu dute kaleko arteez XXIII. edizio honetan. Badirudi, beraz, publikoak kaleko arteak, oro har, eta zirkua, zehazki, oso gustuko dituela. Babes hori nabari duzue? Zer gehiago falta da?
Esan bezala, 20 urte daramatzagu kalean lan egiten. Kaleko programazioa irabazita daukagu, kaleko publikoa hor dago beti, gozatzeko prest. Sekula ezin izango diogu behar adina eskertu Umore Azokari 20 urtez euskal zirkuaren alde egindako lana. Baina orain zirkuaren aldeko apustu sendo bat behar dugu, politika publiko bat zirkuaren esparruan, sektorea egituratzeko eta, behingoz, oinarri sendo batzuk eraikitzeko.
Zirku arteen arloan profesionalek beren burua prestatzen jarrai dezaten eta etorkizunean profesional berriak izan ditzagun, espazioak eta eskolak ere behar dira, eta, antza, dezente ditugu Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Zer-nolako eskaintza dago? Etorkizuna bermatzeko gakoetako bat al da formakuntza?
Eskaintza itzela dago, 0 urtetik 99ra: ikastaro egonkorrak, trinkoak, bereziak, diziplina anitzetan, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez... Zirku eskolek jendearen zaletasunagatik egin dute aurrera gurean, eta eurak bakarrik mugimendu bat sortzeko gai izan dira.
Gogoratu herri honetan zirkua ez dagoela arte eszeniko gisa aitortua, zirkuaren arloko heziketa ez dagoela inolako eran egituratua; beraz, existitzen diren eskolak sozio hezitzaileak dira. Baina berriro diot: oso laguntza eta babes gutxirekin milaka ikasle eta zaleren oinarri sendoa eraiki dute. Hemendik aurrera erakundeen ardura izango da fenomeno hau egituratzen laguntzea. Nork daki nora eramango gaituen.
¡Qué buen día! - Maite Guevara
Eta aurrerantzean, zer? Nola begiratzen dio Euskal Zirku Elkarteak etorkizunari? Azken mezu bat...
Hemendik aurrera erronka izugarriak ditugu. Elkarte modura, sektorearen ordezkaritza gauzatzea da lehena, eta, bertigo pixka bat ematen badu ere, urte zoragarriak ditugu aurretik. Gure artean orokortu den sentsazioa da aurrerapauso itzelak emango ditugula, zirkua ez dela moda bat eta geratzeko etorri dela, zirkua Euskal Herrian arte eszenikoen etorkizuna dela.
(2023ko ekainaren 6an argitaratutako Berezia)