Fas Zinekluba, zazpi hamarkada Bilbon egile-zinema onena jatorrizko bertsioan eskaintzen

  • Fas Zinekluba, zazpi hamarkada Bilbon egile-zinema onena jatorrizko bertsioan eskaintzen

Joan den mendeko 50eko hamarkadan hasi zuen bere jarduna Fas Zineklubak, Bilbon. Bertan, zinema ez da entretenimendu soil gisa ulertzen, baizik eta kulturaren eta pentsamenduaren adierazpide moduan, eta, norbanakoa eta taldea aberasteko, iritziak trukatzen dira. Urte hauetan guztietan beste eragile batzuekin harremanak indartuz joan dira, eta gaur egun euskal kulturaren alorrean ez ezik, Estatu mailan ere aintzatetsitako tokia da. Hona hemen zuzendaritza batzordekoek kontatu digutena.


Fas Zinekluba 1953an hasi zen; beraz, Estatuko, eta, beharbada, Europako antzinakoenetako bat da. Nola gogoratzen duzue hura guztia? Nolakoa izan zen hasiera? Zer zerikusi izan zuen Pio XII.a aita santuak bere garapenan?

Egia esan, gu jaio gabe geunden. Hasieraren berri izateko, zineklubeko paperen artean aztarka ibili eta testuinguruan kokatu beharra dugu.

Dena dela, hasierari buruz, argibide txiki batzuk eman eta bi sorrera-data edo daudela esan behar dugu: lehenengoa, 1953ko urtarrilaren 23a; izan ere, 1952 amaieran prestatzeko saio batzuk egin ondoren (proiekzioa eta eztabaida) 'Viernes de Cine Fórum’ sortu baitzen (hilero egiten zen jarduera kulturala); eta bigarrena, 1955eko martxoaren 8a, Poliziaren bulego nagusian erregistratu baitzen Cine Club Fas de Bilbao Elkartea (gaur egun, cineclub gaztelaniaz, RAEren arabera) 152 bazkiderekin.

Bigarren data iristerako, zineklubak 22 saio eginak zituen, eta Pio XII.aren 'Film idealaren ezaugarriak' entziklikarekin aipatzen-nahasten da, hitzaldi hori egin baitzion Italiako industria zinematografikoari 1955eko ekainaren 21ean (Fas erregistratu ondoren) eta Bilboko Gotzaindegian zabaldu zen. Garai hartan katekesiko zinema zen (eta Franco bizirik zegoen).


Zein dira Fas Zineklubak Bilbon egiten dituen zereginaren ardatz nagusiak?

Nagusia, zineklub baten leitmotiva, zinemari begiratzen/zinema ikusten ikastea da, ez entretenimendu bezala, baizik eta kulturaren eta pentsamenduaren adierazpide moduan. Hizkuntza zinematografikoa aztertzea (hondoa-forma, gaia-narratzeko estiloa...) eta solasaldian ikusleen artean ideiak trukatzea (hori ere funtsezkoa). Eztabaidak aberastu egiten du beti.

Kultura hedatzeko zeregin honetan (7. artea da) egungo zinemari (jaialdiek babestu eta aretoetatik erdi-ezkutuan igarotzen dena) eta zinema klasikoari (ezezaguna, egun berreskuratua) begiratzen diegu. Baita gertukoari ere, Estatuan eginari, zuzendariekin hitz egin ahal izateko.


Gehienetan, proiektatzen duzuen filmarekin edo filmeekin -askotan film labur bat eta luze bat programatzen baitituzue- zerikusia duten pertsonak gonbidatzen dituzue saio bakoitzera. Nola lortzen duzue zinema munduko pertsona hain nabarmenek zuen programazioan parte hartzea? Bereziki gogoan duzue zazpi hamarkada hauetan izandakoren bat?

Laburra eta luzea programatzea errebindikazio moduko bat da: laburra zinema da. Joera narratiboak eta zinemarik freskoena behatu dezakegu (gustatu ala ez, hori beste kontu bat baita), eta horrek gertuko zinemagileekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen digu haiekin bertatik bertara hitz egiteko.

'Pertsona nabarmenen' parte hartzeari dagokionez, lan gogorra izaten da: haien agendetan tartetxo bat aurkitzea, logistika eta beste inguruabar batzuk, asko kostatzen da (ez ekonomikoki bakarrik, baita behin eta berriro harremanetan jarri beharragatik ere).

Zazpi hamarkada hauetan etorri direnen zerrenda amaiezina da. Horretarako landu dugu webgunean Gonbidatuak atala (500 baino gehiago); atal horren bidez Fasen historian gurekin izan ditugun pertsona guztiei aurpegia eta bio-txiki bat jarri dizkiegu. Gero bakoitzak nahi duena hauta dezala.

Bazkide bakoitzak bere rankinga (bihotza eta pertzepzioa) izango digu; izan ere, zazpi hamarkadatan bada zer aukeratua. Beraz, galdera ez saihesteko, gaur egunera mugatuko gara (urteak betetzen jarraitzeko) eta 71. urte-ikasturte honetara (6 hilabete) eta Albert Serra (jenio maitagarria), Andrea Bagney (ausarta eta adoretsua), Mikel Gurrea (gora doana) aipatuko ditugu, aktoreak ahaztu gabe: Maria Cruickshank, Itziar Lazkano edo Gorka Aginagalde-Iñigo Salinero bikote zoragarria.

Eta, oro har, film labur bakoitza aurkeztu duten zinemagile berriak, (zinemaren) etorkizuna baitira.


Proiekzioak amaitzeko elkarrizketa bat izaten da beti. Film baten alderdi tematiko eta teknikoei buruzko iritziak eta ikuspegiak besteekin partekatzea al da gainerakoan nahiko pertsonala den esperientzia bat berezi bihurtzen duena?

Hori da. Lehen ere esan dugu elkarrizketa edo eztabaida funtsezkoa dela zineklubean; aurkako iritziak (edo ez) errespetuz kontrastatzea oso aberasgarria da. Bakoitzak bere pertzepzioa izaten du, eta besteekin partekatzea handia da. Zinemagileek esaten duten bezala, proiekzioa bukatutakoan ikusle bakoitzak 'bere filma' du, bizia du... Jada ez da zuzendariarena.


Estreinaldiez edo duela gutxiko filmez gain, mundu guztiaren esku ez dauden klasikoak ere programatzen dituzue. Zineklub ororen xedea mundua ikusteko modu desberdinak hedatzen lagunduko duten obrak erakustea izan behar da?

Jakina. Gero eta ekoizpen zinematografiko gehiago dago, eta klasikoei dagokienez, kontserbazioagatik, zentsuragatik edo beste inguruabar batzuengatik ezin izan ditugu ikusi; beraz, berreskuratu egin behar dira, munduaren azterketa punta guztietatik egin ahal izateko.


Lankidetza-hitzarmenak ere badituzue beste eragile batzuekin. Nola erabakitzen duzue urteko programazioa?

Fasen logoan ageri den bezala, 71 urte dira, eta urte horietan harremanak sendotu ditugu. Urtean egiten ditugun 36-38 saioetan tartetxoren bat uzten dugu azterketa tematiko eta sozialerako: garai batean Alboan, Acnur, Amnistia Internazionala, Oxfam edo Bizitegi izan ziren; gaur egun, Mugarik gabeko Ekonomialariak edo Gizazinea dira. Beti egiten dugu tartetxoren bat, gure helburu nagusitik desbideratu gabe: zinema-zinema-zinema, hizkuntza eta kultura.

Bilbon zinema-arloko zaharrenak garenez, hiribilduko jaialdi guztietan hartzen dugu parte, ZINEBI, FANT, ZINEGOAK eta gure zinemaren historiako eragilerik funtsezkoenetako batekin: Euskal Gidoilarien Elkartearekin.

Konpromiso horiez gain, bat-batean sortzen da programazioa: bazkideen eta banatzaileen proposamenak 'koktel-ontzitik' igaro eta proposamenak harmonizatu ondoren, programazioa sortzen da.

Urte hauetan guztietan aldaketa handiak izan dira gizartean eta, ondorioz, zineman ere bai. Dena dela, egokitu eta zuen proiektua sendotzen jakin duzue. Zein mugarri azpimarratuko zenituzkete zuen ibilbide luzean? Zuen ustez, zein da giltzarria?

Eneee!! Mugarriena, pertsona famatuena bezala, faktore askoren mende egon da zazpi hamarkada hauetan. Are gehiago hamarkaden araberako historiko bat egin dugu, oraindik amaitu gabe dagoen arren. Gogoan izan behar da 50eko hamarkadan zinekluba zela 'zinema desberdina' ikusteko bide bakarra. Hamarkada bakoitzak bere berezitasuna du, eta zinemaren joan-etorriek ere eragina izan dute. Baina zerbait nabarmendu behar izanez gero (barneko krisiak egon arren), zinemari diogun maitasuna, konstantzia eta umiltasuna dira.

Giltzarririk ez da, gauza guztietan eta horrenbeste denboraz. Zinekluba 'sukalde' moduko bat da: osagaiak gehitzen dituzu (eta kendu) eta etapa bakoitzean sukaldari bakoitzak bere kudeaketa eskaintzen du, Fas (erakundea) ego guztien gainetik dela.


Streaming plataformek gero eta garrantzi handiagoa duten arren, zineklubek osasun ona dutela dirudi. Fasek zazpi hamarkada daramatza abian, eta hainbat aintzatespen jaso ditu egindako lanagatik. Baina badira atzean geratzen ez diren beste batzuk ere. Kresalak, adibidez, 50 urte daramatza Donostian. Zuen ustez, zein dira etorkizunean dituzuen erronka nagusiak?

Erronka beti bera da: proiektorearen ondoan egotea, zinema eskainiz. Hasieran zinema ikusteko toki erdi-klandestino bat zen; gaur egun, atsedenerako tokia da (irudien horrenbesteko inbasioa dagoen garaian), filma aztertzen jarraitzeko txokoa.

Galdera horren aurrean, beti erantzuten da erronka nagusia gazteak erakartzea dela, baina erantzunari buelta eman behar zaio, eta gazteei erakutsi behar diegu zinekluba hemen dagoela, ukitu daitekeela, 3 orduko film bat ikus daitekeela, bideo-sorkuntza bat, 66 minutuko dokumental bat, zinema sobietarreko lan bat... Zineklubak hor jarraituko du (gaur egun, hainbat eta hainbat eskaintzaren artean... baina hortxe). Eta oxigenoarekin edo gabe, astero (saio bakoitzean) gailurrera iristeko asmoz. Bizitza luzea da, eta zinema are luzeagoa.


(2023ko uztailaren 13an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana