2012an ekin zion bideari Ediciones El Gallo de Oro Bilboko argitaletxeak. Poesia soilik lantzen zuen hasieran, baina saiakera eta narratiba ere argitaratzen ditu gaur egun. Beñat Arginzonizekin hitz egin dugu, berak baitauka proiektuaren ardura. Liburuen garrantzia, bizitzen ari garen garaia, poesiaren balioa eta argitaratzaile gisa egiten duen lana izan ditugu hizpide, baita Portugal ere.
Proiektu guztiak ametsa dira hasieran. Zer ametsetatik sortu zen Ediciones El Gallo de Oro?
Liburuetatik urrun ezin izan dut arnasarik hartu, inoiz. Nire etxean liburu asko zeuden, eta giro ankerrean aterpe izan nituen; kontsolamendua eta itxaropena eman zidaten. Niretzat liburuak dira, batez ere, bakarrik egoten ikasteko lekua eta dagoeneko hemen ez daudenen lorpen espiritualetan parte hartzeko lekua. Iraganeko gizon eta emakumeok herentzian utzi zizkiguten beren idazkiak, eta hortxe dago gure onena, liburu horietako askotan.
Liburu-dendaria izan naiz, eta editorea naiz orain, baina aberasgarriena irakurle izatea da. Ez liburuak egitea, ez liburuak saltzea, hori ez da onena, irakurtzea da benetako plazera.
Bestalde, liburuak ere idatzi ditut, bidelagun izan ditudan idazleen bidea jarraitu nahi izan baitut; aitorpena eman nahi nien, zorra kitatu, erruz jasotakoa beste batzuei eman. Idazteko premiatik sortzen ditut liburuak. Nik idatzitakoak irakurleen begirada nolabait aldatzea nahi nuke.
Ediciones El Gallo de Oro sortu zuen ametsa zera izan zen: liburu artean bizitzeko aukera izatea.
Argitaletxea Juan Manuel Uriaren bultzadari esker sortu zen, baita ere, baina gaur egun zu zara proiektuaren arduradun bakarra. Esango al zeniguke nolakoa den liburua sortzeko prozesua? Zer liburu editatu nahi duzun erabakitzen duzunetik azkenean liburu-denda edo liburutegi bateko apalategian ikusten duzun artekoa?
Ediciones El Gallo de Oro ez litzateke existituko Juan Manuel Uría gabe. Eta orain ni nago proiektuaren buru.
Liburu bakoitza aldagaiz jositako prozesu luzea da, eta pertsona askoren lana koordinatu behar da: eskubideak erosi, itzulpenak, zuzenketak egin, diseinua, maketazioa, inprenta, banaketa, sustapena eta abar. Niretzat bi une berezi daude: batetik, egile edo liburu bereziren bat bilatzea, eta, bestetik, liburua eskuen artean izatea, inprimategitik atera berri.
2016an, Carlos Aurtenetxeren La locura del cielo argitaratu zen, 750 poema eta 1.600 orrialdeko poema-bilduma argitaragabea; gertakari editorial txiki bat izan zen. Eta hauxe esan zenuen lan haren aurkezpenean: «Alferrikako liburu asko dago, gezurra galanki dabil kulturan». Berdin pentsatzen duzu oraindik?
Uste dut kultura instituzionala negozio bat dela eta merkatuaren logikari erantzuten diola. Poeta sarituenak, oro har, medianiaren ordezkariak izaten dira. Eta gehien saltzen duten poetak, besterik gabe, gehien sustatzen direnak.
Espirituarentzako garai iluna bizi dugu, poetarik gabeko garaia.
Poesiaren alde egitea beti izan da abentura ekonomikoki arriskutsua. Eta oraindik gutxi batzuek sinesten duzue horretan. Zergatik?
Ez dut sinesten poesian negozio gisa. Poesiarekin dirua galtzen dugu. Poesia argitaratzen jarraitzen dugu sinetsita gaudelako poesia-liburu on batek nobela on batek edo saiakera on batek baino gehiago balio duela beti.
Bestalde, poesiaz ari naizenean, izateko edo munduan egoteko modu batez ari naiz, misterioaren aurrean jarrera irekia izateaz eta nork bere burua ez engainatzeko eta harritzeko gaitasuna ez galtzeko jarreraz. Ez naiz ari idazten dabilen jendeaz; poeta bat idazten jardun daiteke, edo ez. Nire ustez, poeta da inguratzen gaituen sufrimenduaz jabetzen dena eta mundu hobea irudikatzeko gai dena.
Ediciones El Gallo de Oro argitaletxearen muina poesia da oraindik, baina beste genero batzuetara ere zabaldu duzue lana pixkanaka; hala nola saiakera eta narratiba ere lantzen dituzue orain, dozena bat bilduma, guztira. Zerk bultzatu zintuzten erabaki hori hartzera?
Saiakera edo eleberri batean ere egon liteke poesia... Are gehiago, uste dut, oraintxe bertan, merezi duen poesia egiten dutenak ez direla poeta deiturikoak.
Poesia bakarrik argitaratzen duen argitaletxe bat, oro har, subentzionatutako argitaletxea da, sariak argitaratzetik bizi dena eta laguntzak jasotzen dituena. Edo egileei nolabait kobratzen dien argitaletxe bat.
Ediciones El Gallo de Orok publiko handiarentzat oso ezagunak diren egileen lanak argitaratzen ditu, adibidez Federico García Lorcarenak edo Fernando Pessoarenak, bai eta irakurle arruntak zoritxarrez hain ezagunak ez dituen beste batzuenak ere (esate baterako, José Fernández de la Sota, Javier Aguirre Gandarias, Luisa Etxenike, Christian Bobin –Frantzian kultuko egilea, duela gutxi hila– eta zu zeu). Baina Unai Garate, Ainhoa Elorriaga Baraiazarra eta beste egile berri batzuei ere erreparatzen diezue. Helburua zein da? Ahots berriak aurkitzea eta lanean jarraitzea jada ezagunak diren egileek are ospe handiagoa izan dezaten?
Ez dago inolako helbururik. Gustatzen zaizkigun liburuak argitaratzen ditugu. Eta, beharbada, helbururik ez izate horrek azkenean eragotzi egingo digu merkatuko produktu ona izatea.
El Gallo de Oro argitaletxearen katalogoan emakumezko egile ugari ere badago: Emilia Pardo Bazán, Inma Roiz, Sophia de Mello Breyner Andresen, Leire Gandarias Eiguren, María Maizkurrena eta Maria de Azeredo, besteak beste. Nahita hartutako erabakia al da?
Gure katalogoan gizonak bakarrik edo emakumeak bakarrik egon zitezkeen, ez dut holakorik baloratzen. Poema batek balio objektiboa du beti, egilea nor den kontuan hartu gabe.
Argitaletxeak liburu oso zainduak eskaintzen ditu; orain gutxi argitaratutako La rebelión del ángel. Vida y poesía de Blas de Otero biografia ilustratua horren adibide bikaina da, José Fernández de la Sotak idatzia eta Pablo Gallok ilustratua. Oraindik ere liburuaren objektu-izaerarekin sinetsita zaude?
Bai. Uste dut, gainera, liburu bat pitxer bat baino apaingarri hobea dela. Liburuak, objektu gisa, ederra izan behar du.
Erositako liburu guztiak ez dira irakurtzen. Liburuak era askotan laguntzen gaitu, abiapuntu bat da, konpainiaren promesa, zain dugun sekretu bat. Mamia da funtsezkoa, baina itxura ederra izatea ere garrantzitsua da.
Duela gutxi, liburu elebidunen bilduma bat jarri duzue martxan (gaztelania-portugesa), Portugalen banatzeko. Zer ideia berri dituzue buruan etorkizunari begira?
Portugal herrialde kultua da. Esan nahi dut herri tradizionala dela, nondik datorren jakin nahi duena, iragana mespretxatzen ez duena eta etorkizunarekin engainatzen ez dena. Portugalek badu edertasun hori, Espainian politikariak suntsitzen ari diren hori. Halaber, bere poetak errespetatzen dituen herrialdea da, eta, gainera, baditu.
Portugalgo autoreak gaztelaniaz argitaratzen ari gara, bai eta espainiar autoreak ere portugesez. Azken finean, neba-arrebak gara, antzekotasun asko ditugu, baina baita berezitasun oso aberasgarriak ere.
Azkenik esan dezaket argitaletxe bat bere katalogoa dela, besterik ez. Aurrera begira, gure ideia da gustatzen zaizkigun liburuak editatzen jarraitzeko moduan egotea. Argitaratzailearen lanbidea politenetakoa da niretzat, liburu-saltzailearena bezala. Eta argitaletxea mantendu eta liburuak argitaratzen jarraitzeko moduan izatea ilusioa da niretzat, eta egunero mamitzen da.
(2023ko abuztuaren 11n argitaratutako Berezia)