Xabier Gantzarain: «Gutxien espero duzuna egiten bukatu dezakezu Hitzaren Eskolan»

  • Xabier Gantzarain: «Gutxien espero duzuna egiten bukatu dezakezu Hitzaren Eskolan»

2019an abiatu zuen Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak Hitzaren Eskola, hitza bere ertz, izaera eta aukera guztiekin erdigunean kokatzea helburu duena. Irailetik azarora bitartean egingo da aurten. Irati Gorostidi, Amets Aranguren, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia arituko dira irakasle lanetan 4. edizio honetan, eta irakasle gonbidatuak ere egongo dira. Xabier Gantzarainekin hitz egin dugu, gehiago jakin nahian.


Zer da Hitzaren Eskola? Zer helbururekin jarri zenuten martxan?

Hitzaren Eskola Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibaren proiektu bat da, 2019an jarri genuena martxan Dinamoa Sormen Gunean. Baziren eta badira idazle eskolak, bertso eskolak eta enparauak, baina guk hitzaren hainbat alderdi batera aztertu nahi genituen, elkarren osagarri eginez. Eguneroko tresna delako edo, maiz ahaztu egiten zaigu hitzaren ahala, eta horixe jarri nahi genuen eskolaren ardatzean.


Gauza asko egiten dugu hitzarekin, eta Hitzaren Eskolan argi ikusten da hori, irakasleek –hitza euren jardunaren erdigunean daukaten profesionalek– oso modu ezberdinean planteatzen baitituzte euren eskolak. Adierazpide horiek guztiak ezagutzeak azken batean geure hitzez mundua ulertzeko eta kontatzeko balio al du?

Hori sinistuta jarri genuen martxan Hitzaren Eskola. Zenbat eta sakonago aztertu hitza nola erabiltzen den, zer egin daitekeen hitzarekin -edo hitzik gabe-, orduan eta aukera gehiago mundua geure hitzez kontatzeko.


Nola baloratzen duzue orain arte egindako bidea? Eta parte-hartzaileek zer nabarmentzen dute gehien?

Hasieratik izan dugu maitea Hitzaren Eskola, asko eman diogu eta asko eman digu. Beraz, balorazioa oso positiboa da. Eta jaso dugunagatik, esango genuke parte hartzaileak ere gustura ibili izan direla. Gehienek Hitzaren Eskolaren planteamendua bera da nabarmentzen dutena, eta oso gauza diferenteak lantzeko aukera izatea ikastaro bakarrean. Gutxien espero duzuna egiten bukatu dezakezu hemen.


Laugarren edizioaren deialdiarekin batera, lehen hiru edizioetako memoria argitaratu zenuten. Zer jaso duzue bertan?

Lehen hiru edizioak bukatuta atseden hartzea erabaki genuen, eta memoria egitea; geuretzako, lehenbizi, eguneroko martxarekin aintzat hartzen ez genituen hainbat kontu mahai gainean jartzeko. Eta memoria hori publiko egiteko gero, dinamoa.eus atarian dagoena, nahi duen orok aukera izan dezan lehen hiru edizioetan egindako lanarekin nork bere eskola egiteko. Nahi duenak hor dauzka orain arteko edizioetan irakasle ibilitakoek emandakoak, saio bakoitzean zer egin zuten, zer bibliografia ekarri zuten, zer egin zuten ekitaldi irekian, argazkiak, audioak, bideoak, afixak... ahal genuen guztia bildu eta jarri dugu.


Nobedadeekin dator aurtengo edizioa. Zein dira aldaketa horiek eta zergatik egin dituzue?

Hitzaren Eskola laburtzea eta trinkotzea erabaki dugu, hori da aldaketarik handiena. Jende batek esaten zigun ezinezkoa egiten zitzaiola sei hilabeterako konpromisoa hartzea, asteazkenero eta larunbatero Azpeitira etortzeko. Eta erabaki genuen beharbada laburtuta errazagoa egingo zitzaiola jende bati. Hiru hilabetekoa izango da orain, eta larunbatetan bakarrik izango dira eskolak. Irakasleen aldetik aberastasuna mantentzeko irakasle gonbidatuaren figura sartu dugu oraingo formatuan, hori ere bada aldaketatxoa.


Irati Gorostidi, Amets Aranguren, Itziar Ugarte eta Joseba Sarrionandia izango dira laugarren edizio honetako irakasleak. Zergatik hautatu dituzue lau horiek? Hitzaren zein ertzi helduko dio bakoitzak?

Egiten dutena ondo egiten dutelako hautatu ditugu lau hauek, egiten dutena gustatzen zaigulako. Bakoitzak bere diziplinan, bakoitzak bere lanetik, uste dugu izango dutela zer esana. Irati zinematik dator, Amets musikatik, Itziar eta Joseba literaturatik, hori izango litzateke erantzun ofiziala, baina egia beste hau da: ez zaigu hainbeste axola bakoitzak zein ertzi edo nondik helduko dion hitzari, seguru gaude egingo duten hori pertinentea izango dela.


Beti esan izan da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, eta, erlijio katolikoaren arabera, guztiaren hasieran hitza egon zen, baina Maddi Barberrek eta Xabier Erkiziak, besteak beste, baieztapen horiek hankaz gora jarri zituzten. Aurreiritzi eta egia faltsu asko dago oraindik hitzaren inguruan?

Hitzaren inguruan bakarrik balitz, gaitz erdi. Konbentzioak erosoak dira, eta denok behar ditugu makuluak egunerokoan. Zaila, nekeza eta nekagarria da klixearen kontrako borroka, baina horretarako gaude hemen, sormen gune batean, zertarako bestela.


Irailetik azarora bitartean egingo da Hitzaren Eskolaren laugarren edizioa. Zer espero duzue? Eta abendutik aurrera, zer? Nora begira jarri nahiko zenukete etorkizunean?

Ikusteko dago egitura berriak nola funtzionatuko duen, inkognita bat da guretzat ere, eta horrixi begira egongo gara irailetik abendura bitartean, batez ere. Abendutik aurrera, berriz, memoria egitea tokatuko zaigu ahaztu baino lehen, eta dena ondo bidean, hurrengo edizioa prestatzen hasiko gara. Etorkizunera begira jarri nahiko genuke etorkizunean, nora ba.


(2023ko abuztuaren 21ean argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana