Álvaro Longoriak ‘La vida de Brianeitor’ filmarekin emango dio amaiera sailari
Besteak beste, Itsaso Arana, Gerardo Herrero, Diego Llorente, Elena Martín Gimeno, Elena Trapé eta Miguel Ángel Vivasen filmak ere emango dira
Guztira hemeretzi film luzez osatuta egongo da Made in Spain, Donostia Zinemaldiko sail ez-lehiazkoa, urteko film espainiarren hautaketa bat biltzen duena. 71. edizioan (irailaren 22tik 30era) bost film mundu-estreinaldi gisa emango dira; gainerakoak, ordea, aurretik nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetatik igarotakoak ala estreinatu berriak dira. Made in Spain Hispanitasek babesten du eta SGAE Fundazioaren laguntza du.
Álvaro Longoriak (Santander, 1968) −Hijos de las nubes, la última colonia (Made in Spain, 2012) dokumentalarengatik Goya sari bat irabazi zuen zuzendari eta ekoizleak− emango dio amaiera sailari; zehazki, mundu-estreinaldi gisa emango da Zinemaldian La vida de Brianeitor, ezgaitasun fisikoa izanda ere modako gamerrik handienetako bat bihurtu den gazte bati buruzkoa. Longoriak berrogeita hamar bat film luze ekoitzi ditu, eta maiz izan da Zinemaldian; izan ere, zuzendari gisa ere aurkeztu izan ditu bere lanak Donostian: The Propaganda Game (Zabaltegi-Tabakalera, 2015) dokumental izendatua, Ni distintos ni diferentes, Campeones (Belodromoa, 2018), Tequila. Sexo, drogas y rock and roll / Tequila. Sex, Drugs and Rock And Roll (Made in Spain, 2022).
Film laburrak zuzendu ondoren −horietako batek, Estocolmo (2010) izenekoak, Nesten parte hartu zuen−, Juan Francisco Viruegak (Almería. 1982) Amanece film luzea aurkeztuko digu, bere lehen film luzea, Donostian programatua mundu-estreinaldi gisa. Filmaren protagonistak bi ahizpa dira, eta gaixorik duten amari lagun egin bitartean bizitako gorabeherak kontatzen dizkigu filmak.
Asedio Miguel Ángel Vivasen (Sevilla, 1974) thriller bat da, Málagako Jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatua. Vivasek El hombre del saco / The Bogeyman (2002) film laburrarekin parte hartu zuen Nesten lehen edizioan. Secuestrados (2010), Inside (2016) eta Tu hijo (2018) filmak zuzendu ondoren, film berri honek Natalia de Molina, Francisco Reyes eta Alejandro Casaseca aktoreak ditu protagonista, besteak beste.
Malena Alterio, Alexandra Jiménez, Fele Martínez, Antonio Pagudo, Eva Ugarte eta Juan Carlos Vellido dira Bajo terapia / Under Therapy filmeko protagonistak. Gerardo Herrero zinemagilearen (Madril, 1953) azken lanak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Málagan talde-terapiara doazen hiru bikoteri buruzko film honengatik. Herrero epaimahai ofizialeko kide izan zen 1999an, eta Zinemaldian proiektu ugarirekin hartu izan du parte, hala nola hauekin: Frontera sur (Sail Ofiziala, 1998) eta Silencio en la nieve / Frozen Silence (Made in Spain, 2012).