Olatz Garcia Ergüin jazz-kantariaren lehen diskoa da The Standards of my Childhood. Getxon estreinatu zuen, zuzenean, joan den ekainean. Haren musikaz gozatzeko hurrengo hitzordua irailaren 8an, ostirala, Euskalduna Jauregian. Bertan aurkeztuko ditu, seikote formatuan, diskoa osatzen duten 12 abestiak. Kontzertua Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Aurrera Fest! jaialdiaren barruan egingo da. Emanaldirako egun gutxi falta direla, berarekin hitz egin dugu, eta hauxe kontatu digu.
Artearekiko interesa duen familia batetik zatoz. Zuk musika aukeratu zenuen, jazza, hain zuzen. Zergatik?
Halaxe da. Aita, Emilio Garcia Ergüin, marrazkilaria da, eta osaba, Iñaki Garcia Ergüin, margolaria. Nik musika aukeratu nuen, txikitatik musikarekiko lotura handia nuelako eta abestea berez ateratzen zitzaidalako. Eta jazza aitaren eragina da: berak bazuen jazz diskoen bilduma bat, eta nik ia obsesiboki entzuten nituen disko horiek; neba edo ahizpa zaharragorik ez dudanez, hori zen etxean entzuten zen musika generoetako bat.
Nola definituko zenuke egiten duzun musika? Zer ezaugarri azpimarratuko zenituzke?
Nik jazzeko estandarrak kantatzen ditut, gaur egunera nolabait ekarriak, garaikideagoak bihurtuz. Mota guztietako jendearentzako musika da: generoan murgilduta daudenentzat eta musika-mundu honetara lehen aldiz hurbiltzen diren guztientzat.
Oso gaztea zinela hasi zinen musikan, baina 18 urte besterik ez zenituela, handik aldentzea erabaki zenuen, gutxienez publikoki, ia hiru hamarkada geroago musikara itzultzeko. Musikaren garrak piztuta jarraitzen zuen zure barruan? Nolakoa izan zen itzulera?
Berriro kantatzen hastea neure buruarekiko koherentzia ariketa bat izan zen. Urte haietan guztietan musikaz inguratuta egon nintzen arren, kantatzeari utzi nion erabat, eta urtez urte gero eta min handiagoa ematen zuen arantzatxo bat bihurtu zen. Beraz, berriro hasi nintzen kantu-eskolak hartzen, beldur handiz, baina urteek ematen dizuten tinkotasunarekin eta konfiantzarekin.
Eta hainbeste denbora igaro ondoren, nola eta non iritsi zitzaizun eszenatokira igotzeko aukera?
Ahotsari hautsa kentzen hasi nintzen urte hartan, Getxon igandero egiten zen jazz jam saio bat aurkitu nuen sare sozial batean. Ordura arte ez neukan argi zer genero kantatu nahi nuen; klaseetan kantatzearekin nahikoa nuen. Baina hura ikusi nuenean, bitan pentsatu gabe ekin nion. Orduan bai, argi izan nuen. Nire haurtzaroan hain kutunak izan ziren estandar haiek guztiak abestea erabaki nuen. Harremanetan jarri nintzen haiekin, eta lehen igande hartako jamean sartu ninduten. Han bertan ezagutu nuen nire lehen musika-laguna, harekin talde bat osatu eta pixkanaka errepertorio bat prestatzen hasi nintzen. Eta egun batean Mungian jo genuen, erdi hutsik zegoen lokal batean. Hura izan zen lehen boloa.
Duela gutxi kaleratu duzu zure lehen diskoa, The Standards of my Childhood (Gaztelupeko Hotsak), Miguel Salvador gitarra-jotzailearen laguntzarekin. Nork gehiago parte hartu du albumean? Tituluak berak arrastoren bat ematen badu ere, zer jaso duzue bertan? Nolakoa izan zen grabazio-prozesua?
Diskoa zuzenean grabatuta dago Urdulizko Tio Pete estudioetan. Publikoarekin zuzeneko kontzertuak nola antolatzen zituzten ikusi nuen, eta aukera paregabea iruditu zitzaidan lehen lan bat aurkezteko. Zorionez, Unai Mimenza izan genuen soinu-teknikari. Diskoetxeari erakutsi genion, eta gustatu zitzaienez, aurrera egitea erabaki genuen.
Miguel Salvador gitarra-jotzaile, jazz-musikari ospetsua, proiektu honen moldatzaile eta musika-zuzendariaz gain, alboan ditut Gorka Iraundegi bateria-jotzailea, Fabian Akarregi kontrabaxua, Noemi Ladrón de Guevara lehen biolina eta Leire Angulo bigarren biolina.
12 kantu bildu ditugu, denak nire haurtzaroan etxean entzun ziren jazz estandarrak (hortik dator The Standards of my Childhood diskoaren titulua), Miguelek egindako erritmoekin eta musika-moldaketekin, lehen esan dudan bezala, gaur egunera nolabait ekartzeko, baina betiere garaiko abeslari handien legatua errespetatuz.
Albumaren zuzeneko estreinaldia ekainean egin zen, Getxon. Nolakoa izan zen publikoarekin partekatzearen esperientzia?
Zoragarria izan zen. Oso harrera ona izan genuen; jendez gainezka zegoen. Egia bihurtutako ametsa izan zen niretzat. Ez nuen sekula santan imajinatuko neure burua Getxoko Nazioarteko Jazzaldian kantatzen.
Irailaren 8an Bilbon egongo zarete, Euskalduna Jauregian, Aurrera Fest! jaialdian. Bizkaiko artisten talentuaren aldeko apustua egiten du jaialdi horrek —gorabidean direnak edo mundu profesionalera jauzi egin nahi dutenak—, eta lehen mailako agertokia jartzen du haien eskura. Nola baloratzen duzu aukera hori zure karreraren puntu zehatz honetan?
Oso garrantzitsua iruditzen zait Euskalduna bezalako erakundeek gorabidean doazen ni bezalako artistei espazio bat eskaintzea, bestela nekez zapalduko genituzkeen taula horiek. Sekulako bultzada ematen digu, kokatu egiten gaitu eta ikusgarritasuna eman. Oso pozik eta eskertuta nago.
Musikaren munduan ez da izen berririk falta. Eta, zorionez, emakumeak dira horietako asko. Nolakoa da, zure iritziz, emakumearen egoera jazzaren esparruan?
Musikan emakumeak gero eta gehiago diren arren, oso gutxi dira hala ere. Ni nagoen mailan oso zaila da emakume musikariak aurkitzea. Baina, apurka-apurka, uste dut hori aldatzen ari dela belaunaldi berriei esker, gazteei esker.
Zure estreinako diskoa besapean duzula, hura zuzenean aurkezten jarraitzea izango da helburu nagusia, ezta? Epe luzera begira, ordea, norantz bideratu nahiko zenituzke zure urratsak?
Errepertorio propioa egiten hastea gustatuko litzaidake, jatorrizko kantekin, Miguelek prestatutakoak. Hasiak gara, dagoeneko. Betiere, jazz generoaren barruan. Hori da helburua; eta gero, batek daki.
(2023ko irailaren 6an argitaratutako Berezia)