Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

  • Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

Jarraian urriaren 27a eta azaroaren 3a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astean zenbait film luzeren aurrerapena.

  • Blood (2022). Brad Anderson. AEB

Jess Stokes, banandutako ama eta erizaina, familiaren landetxera joan da bizitzera, Tyler alaba nerabearekin eta Owen zortzi urteko semearekin batera. Egun batean, txakurrak kosk egin ondoren, Owen gaixotu egingo da. Medikuek ez dakite zer gertatzen zaion eta bere osasunak okerrera egiten du… Jessek sendabide harrigarri bat aurkitzen duen arte. Michelle Monaghan da Brad Andersonek beldur klasikoenera egindako itzuleraren protagonista.

  • Cuando acecha la maldad (2023). Demian Rugna. Argentina

Herri txiki, urrun eta bakartu bateko biztanleek jakin dutenez, deabru bat jaiotzeko zorian dago “enbitxatu” baten gorputzean, eta inguruko bizimodu baketsua mehatxatzen du horrek. Ahalik eta azkarren suntsitzea erabakitzen dute, baina huts gehiegi egiten dituzte. Orain, bertatik ihes egin beharko dute, birus baten antzera Gaizkia bazter guztietatik zabaltzen ari den bitartean.

  • Cuando los amos duermen (2023). Santiago Alvarado Ilarri. Espainia

Samuel eta Lourdes senar-emazte xume batzuk dira, eta dena ematen dute beren ugazaba Víctorren etxea eta lurrak zaintzen. Hura antzinako banpiro bat da, jende gaiztoaren odolaz bakarrik elikatzen dena. Belaunaldiz belaunaldi, Samuelen familia arduratu da ugazaba babesteaz, baina orain Samuel eta Lourdesek bi arazo dituzte: ez dute lortzen ondorengorik izatea, eta banpiro misteriotsu bat iristen da bertara bisitan. Santiago Alvarado Ilarrik zuzendutako hirugarren film luzea, Capa caída (2015) eta Menéndez: El día del señor (2019) filmen ondoren.

  • La espera (2023). F. Javier Gutiérrez. Espainia

Eladio landetxe bateko zaindaria da, eta bertan bizi da emaztearekin eta semearekin. Egun batean, ehiztari baten eroskeria onartzen du eta, horren ondorioz, aste batzuk geroago, infernu gorri bihurtuko da bere bizitza. F. Javier Gutiérrezen hirugarren film luzea, 3 días (2008) eta Rings (2017) filmen ondoren, Víctor Clavijo, Ruth Díaz eta Luis Callejo protagonista dituena.

  • The Forbidden Play / Kinjirareta asobi (2023). Hideo Nakata. Japonia

Naoto eta Miyuki senar-emazteen zoriona bat-batean bukatu da, emaztea auto istripu batean hiltzen denean. Naoto lur jota geratzen da bere seme Narutorekin batera; honek amaren hatz bat lurperatzen du lorategian, eta egunero errezitatzen du sorginkeria bat ama bizitzara itzul dadin. Zenbaitetan hobe da gauza jakin batzuk ez eskatzea. J-Horroren aitzindari Hideo Nakataren film berria –The Ring (1998), Dark Water (2002), Ghost Theater (2015)–.

  • La mesita del comedor (2022). Caye Casas. Espainia

Berrogei urte inguru dituen bikote batek, Maríak eta Jesúsek, lehenengo haurra izan berri dute. Ez dira momenturik onena bizitzen ari beren harremanean eta, okerrago, ez zaie burututik pasatu ere egingo jangelarako mahaitxo bat erostea izango dela beren bizitzako erabakirik txarrena. Caye Casas da –Matar a Dios (2017), Albert Pintórekin batera zuzendua– umore beltz-beltzez blaitutako film larri honen zuzendaria. Egunerokotasunetik abiatuta, filmak ihesbiderik gabeko amesgaizto batean murgiltzen ditu protagonistak.

  • Sana / Minna no Uta (2023). Takashi Shimizu. Japonia

The Grudge frankiziaren sortzaile mitikoa (2002) beldur klasikoenera itzuli da J-Pop Generations taldea protagonista duen istorio honekin. Taldea beldur zurrunbilo batean harrapatuta dago, haietako batek kasete zinta bat aurkitzen duenean lan egiten duen irrati-kateko biltegian. Duela urte asko Sana izeneko gazte misteriotsu batek bidalitako zinta bat da eta, entzuten duen orok kaseteen garaitik datorren madarikazio baten ondorioak jasaten ditu.

  • Sleep (2023). Jason Yu. Hego Korea

Hyun-su eta Soo-jin ezkondu berri dira. Gau batean, Hyun-su ametsetan hitz egiten hasten da: “Norbait dago barruan”. Ordutik, lo dagoen bakoitzean, beste pertsona bat bihurtzen da, eta esnatzen denean ez du gogoratzen aurreko gauean zer egin duen. Soo-jin bere senarraren portaeraren beldur da eta ezin du lorik egin. Tratamendu bat hasi badu ere, Hyun-suren sonanbulismoa areagotu egiten da, eta emaztea esperoan duen haurra arriskuan egon daitekeela nabaritzen hasten da.

  • Vincent doit mourir (2022). Stéphan Castang. Frantzia

Ezezagun batzuk Vincenti erasotzen hasten dira ustekabean. Hura hiltzen saiatzen dira. Hala, bere bizitza aspergarri eta interesik gabeak ustekabeko norabide bat hartzen du; ihesari eman behar izango dio bizirik irauteko, biolentziazko espiral erraldoi bat dena suntsitzen hasi denean gainera. Bere bizitza aldatu da, pertsona guztien bizitza aldatu da. Mundua ez da inoiz izango lehen izan zena.

PROIEKZIOAK TABAKALERAN

  • Conann (2023). Bertrand Mandico. Luxenburgo-Frantzia-Belgika

Amildegian barrena egindako bidaia batean, Rainer azpimunduko zakurrak Conannen sei bizitzak kontatzen ditu aro, mito eta garai desberdinetan zehar. Odol egarriz dagoen amazona bat da, bere etorkizunak heriotzara betiko kondenatua; haurtzarotik, Sanjak eta bere barbaroen hordak esklabo bihurtu dutenetik, krudelkeriaren gailurrera, gure munduaren atarira, igotzen den arte.

  • Club Zero (2023). Jessica Hausner. Austria-Erresuma Batua-Alemania-Frantzia-Danimarka-Qatar

Novak irakaslea nazioarteko barnetegi bateko irakasle taldearekin batuko da “elikadura kontzienteari” buruzko eskola bat emateko. Helburu nagusietako bat hauxe da, “gutxiago jatea osasungarriagoa dela” irakastea, eta praktika horrekin ikasleen konfiantza bereganatzen du, irakasleen eta gurasoen artean alarmak pizten diren arte. Beranduegi: Club Zero egia bihurtu da eta ez da erraza izango desegitea. Mia Wasikowska eta Sidse Babett Knudsen dira protagonistak Jessica Hausner austriarraren –Lourdes (2009), Amour fou (2014) eta Little Joe (2019)– film berri honetan.


  • DataIrailak 18
  • Gaia Ikus-entzunezkoa