Euskadiko 10 konpainia igoko dira Principal Antzokiko oholtzara Nazioarteko Jaialdiaren 48. edizioan

  • Euskadiko 10 konpainia igoko dira Principal Antzokiko oholtzara Nazioarteko Jaialdiaren 48. edizioan

Kultura eta Hezkuntzaren zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, babesa adierazi die bertako artistei eta “gure konpromisoa haien proiektuak hedatuta lan hau ikusgai jartzea izango” dela gehitu du

Urriaren 5ean hasiko da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 48. edizioa. 31 ikuskizun izango dira, eta haietako 10 Euskadiko konpainienak. Gaur goizean, Kultura eta Hezkuntzaren zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, eskaintza aurkeztu du bertako artisten ordezkari batzuekin batera. Haien lanak izango dira agertokian ikusgai urrian eta azaroan. Díaz de Corcuerak haien lanari balioa eman nahi izan die eta haien proiektuak hedatzen eta ekoizten babesa emateko konpromisoa hartu du bere gain.

“Egunez egun zuen konpainien pertsianak igotzeko egiten duzuen ahaleginagatik eskerrak eman nahiko nizkizueke. Zinegotzigotza eta Udal honetan, beti izango duzue aliatu bat. Zuen ondoan egon eta gure babesa sentitzea nahiko genuke. Sektore artistikoarekin aliantzak sortu behar ditugu hiri hau zuen lanekin hunki dadin”, adierazi du. Zinegotziak gogorarazi duenez, aurtengo edizioan “Gasteizek haiekin amesten urteak daramatzan” nazioarteko sortzaile garrantzitsuak etorriko dira: Gabriel Calderón, Mariano Pensotti, Cristiana Morganti edo Marina Otero, adibidez. “Baina protagonistak gure artistak, tokiko sorkuntza eszenikoa eta euskarazkoa izango dira”. Izan ere, jaialdian ikusgai izango diren Euskadiko 10 ekoizpen-lanetatik, 4 euskarazkoak izango dira.

“Jaialdia komunitate artistikoarentzat eta herritarrentzat aukera bikain bihurtzea nahiko nuke, guztiok maila goreneko arte eszenikoez gozatzeko, guztiok txundituta geratzeko eta, batez ere, guztiok hunkitzeko aukera izan dezagun”, esan du konpainia horietako 6 ordezkatuta egon diren agertokian.

Aurtengo eskaintzak, aurrekoek bezalaxe, jaialdiaren betiko nortasun-ezaugarriei eutsiko die:

  • nazioarteko sorkuntza eszenikorako begirada eta jaialdi esanguratsuekin egindako elkarlana (Girona Temporada Alta edo Pariseko Udazkeneko Jaialdia)
  • Euskadiko eta bertako sorkuntza ikusgai jartzearen eta sorkuntza-lan horiek babestearen aldeko apustua.
  • Programazioan lengoaia berriak eta eduki inklusiboak normalizatzea.
  • Ikusle aktiboaren eskakizuna.


  • DataIrailak 18
  • Gaia Arte eszenikoak
Euskadi, auzolana