Urriaren 6tik 8ra egingo da, Ondarroan, Marabilli Sormen Festibalaren 6. edizioa. Azkena. 2012an sortu zuten Aitzol Aramaioren lagunek, haren heriotzak utzitako hutsunea nolabait bete eta familiakoei doluan laguntzeko asmoz. Marabilli jaialdi ezberdina izan da hasieratik: herriko jendeak herriko jendearentzat egina, parte-hartzailea, baikorra, koloretsua eta, aldi berean, kritikoa. Urte hauetan guztietan gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi izanaz harro, jaialdi moduan agur esateko garaia dela erabaki dute. Halere, hori baino lehen, hiru eguneko egitarau zabala prestatu dute, era guztietako jarduerez gozatzeko. Kirmen Uriberekin hitz egin dugu.
Aitzol Aramaioren omenez sortu zenuten Marabilli jaialdia, 2012an, sormenean eta diziplina-aniztasunean oinarrituta. Une zailak izango ziren, zalantzarik gabe. Zelan gogoratzen duzue hasiera hura? Nola erabaki zenuten zer eta nola egin?
Jaialdia berez jaio zen, Aitzolek berak transmititzen zuen baikortasun horretatik. "Marabilli" berak maiz aho-mihitan zeukan hitza zen. Nolabait bere hutsunea bete nahi izan genuen lagunok jaialdiarekin, eta familiaren dolua ere lagundu. Diziplinarteko izatea ere berez atera zitzaigun, lagun artean denetarik baitzegoen: zinemagileak, aktoreak, artista plastikoak, argazkilariak, antzerkigileak, musikariak eta idazleak. Eta horrela sortu zen Marabilli, formatu honetan aitzindari izan zen jaialdia.
(Argazkia: Ondarroako Udala)
Marabillik herriarekin lotura estua dauka, eta horren isla izaten da egitaraua urtez urte. Sortzaile ezagunez gain, herritarrek ere lekua izaten dute beren sormena lantzeko eta erakusteko. Marabilli herriarena dela esan liteke?
Gure helburuak bi ziren. Bat, sormenaren prozesua bera azaltzea. Ez soilik emaitza erakustea, jaialdi gehienetan egiten den bezala, baizik eta azaltzea nola sortzen diren gauzak. Eta horrela sortu zen "10 minutu", non diziplina desberdinetako sortzaileek hamar minutu dituzten beraien sormen-prozesuaz hitz egiteko. Edo "sekuentzia kuttunak". Honetan, zinemagileek beraien sekuentzia kuttunak erakutsi eta haien atzean dagoena azaltzen dute. Azken hau Jose Mari Argoitiaren ideia bat izan zen, hura ere gure artetik joan zena.
Bigarren helburua parte-hartzailea izatea da, herritarrek beraien sormena ere plazaratzea. Eta horretan ere asmatu dugula uste dugu; hortxe daude herritarren musika-taldeak, edo aktoreak, edo musika-eskolako gaztetxoak, edo arraunlariak eta futbolariak, eta Barnetegiko jendea, film laburren lehiaketa antolatzen.
(Argazkia: Klik Klak argazki-estudioa)
Ondo pasatzea ez ezik, espiritu kritikoa sortzea ere helburu izan du Marabillik hasieratik. Horri sor zaio aurten euskara eta emakumeak erdigunean jartzeko eta queer munduari keinu egiteko erabakia?
Jakina. Gure ustez sormena lotua dago bertan goxo ez egiteari, kritikoa izateari inguruaz eta nor bere buruaz. Zer egiten du norberak mundua hobeagoa eta irudimentsuagoa izan dadin? Galdera horri erantzutea nahi dugu jendeak, aktiboa eta aktibista izatea. Emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboen eskubideak aldarrikatzea betidanik egon da gure DNAn. Baita migrarienak edo bestelako gizatalde baztertuenak ere.
(Argazkia: Klik Klak argazki-estudioa)
Aurten, beste behin ere, izen handiak izango dira jaialdian: Amets eta Maddalen Arzallus neba-arrebak, Fermin Muguruza, Arantza Santesteban, Irati Bilbao, Moonshine Wagon, Joseba Sarrionandia, Belako, Esti Urresola... Batzuk, gainera, jada familiakoak dira. Zeri zor zaio urte hauetan guztietan hain jende ezagunak jaialdian parte hartu nahi izatea?
Gauza asko dira. Alde batetik, Aitzolen beraren figura dago; horrek artista asko erakartzen ditu. Eta beste alde batetik, jaialdia desberdina da; badu puntu underground bat, independentea, agian beste toki batzuetan galdu dena. Jaialdiak ez du irabazi-asmorik, ez da profesionala, herriko jendeak egiten du herriko jendearentzat, eta espiritu libre horrek ere egileak erakartzen dituela uste dugu.