Jaiotz Osa eta Xabier Mujika (OSA+MUJIKA): «Hizkera pertsonal bat landu nahi genuen, eta gure hizkuntza hori dantzara ez ezik beste diziplinetara ere eraman»

  • Jaiotz Osa eta Xabier Mujika (OSA+MUJIKA): «Hizkera pertsonal bat landu nahi genuen, eta gure hizkuntza hori dantzara ez ezik beste diziplinetara ere eraman»
    Argazkia: Carlos Ojeda Jiménez

Jaiotz Osak eta Xabier Mujikak elkarrekin bide propioa egiteko beharra sentitu zuten 2017an, Suddenly lanean bat egin zutenean, eta OSA+MUJIKA sortu zuten, beren unibertsoak mugimendua eta koreografia, batetik, eta jantzigintza eta eszenografia, bestetik— uztartzen dituen proiektua. Ordutik, dozena erdi ikuskizun sortu dituzte, eta, azkenaldian, Izaroren disko berriko kanten bideoklipetarako koreografiak egin dituzte. Kolaborazio horren aitzakian, Jaiotzekin eta Xabierrekin hitz egin dugu, konpainiaren ibilbideaz, beren ikuskizunek hain berezkoa duten estetikaz, gazteen eta dantzaren arteko harremanaz, dantza-konpainia baten eguneroko lanaz eta dantza-munduan dauden aukerez, besteak beste.


Zer da Osa+Mujika? Nola eta zer helbururekin sortu zenuten?

Jaiotz: Xabier eta bion arteko topaketa artistikoa dela esango nuke. Xabier jantzigintza eta eszenografia mundutik dator, ni, berriz, mugimendu eta koreografiatik; OSA+MUJIKA bi unibertso horien batura da. Era oso natural batean sortu zen, inongo espektatibarik gabe. 2017an Suddenly bakarkako lana sortzen hasi nintzen, eta berehala Xabier batu zen, jantziak sortzeko. Hor ikusi nuen sortzaile gisa unibertso estetiko hori guztia behar-beharrezkoa nuela buruan nuena espresatzeko. Suddenlyren emanaldiak ateratzen hasi ziren, eta bitartean bion artean ideia pila bati buruz hitz egiten hasi ginen; hor sentitu nuen zerbait ginela, OSA+MUJIKA sortzen hasi zela.

Xabier: Ordura arte beste konpainia batzuekin lanean arituak ginen, proiektu batzuetan elkarrekin ere bai, baina nolabait gure bide propioa egiteko beharra sentitu genuen. Hizkera pertsonal bat landu nahi genuen, eta gure hizkuntza hori dantzara ez ezik beste diziplinetara ere eraman.


Suddenly piezarekin hasi zenuten ibilbidea, eta, harrezkero, dozena erdi lan sortu dituzue, elkarren artean oso ezberdinak. Zer dauka dantzak adierazpide gisa beste diziplina batzuek ez dutena?

Jaiotz: Oso txikitatik sentitu nuen musikari gorputz-mugimenduekin erantzuteko beharra, eta betidanik sentitu izan dut dantza espresatzeko dudan modurik naturalena dela niretzat. Formakuntza profesional baten ondoren, eta hainbat koreograforentzat lan egin eta gero, gorputza erritmo jakin batzuetan mugitzeaz gain, horrekin zerbait kontatu nezakeela ikusi nuen. OSA+MUJIKArekin beti kontatzen dugu zerbait, beti dute obrek mezu bat, baina, dantzari esker, kontakizun horiek era poetiko eta dinamiko batean egin ditzakegula sentitzen dut, agian beste diziplina batzuek ez dutena (pelikulek edo telesailek adibidez). Horrez gain, dena hain azkar doan momentu hauetan, antzokira joan eta obra bat ikustea ekintza oso erromantikoa eta magikoa izatera iritsi dela esango nuke. Emanaldi bakoitza berezia da, momentukoa, jaio eta bertan hiltzen dena.

(Argazkia: Andoni Beristain)


Zuen lanek hasieratik izan dute oso estetika indartsua. Kolore biziek, jantziek eta eszenografiak berebiziko garrantzia hartzen dute zuen ikuskizunetan. Nola egiten duzue lan elementu horiek guztiak uztartzeko? Nola banatzen dituzue zereginak?

Xabier: Hasiera-hasieratik egiten dugu elkarrekin lan. Obra bat kontzeptu edo istorio batekin sortzen da: zer kontatu nahi dugu?, nola kontatu nahi dugu?, norekin kontatuko dugu? Hori guztia elkarrekin eraikitzen dugu. Behin oinarri horiek landuta, bakoitzak bere zeregina du, Jaiotzek mugimendua eta nik plastika eszenikoa, baina bi mundu horiek ere paraleloan doaz eraikitzen, une oro bata bestearen iritziarekin elikatuz.


Hain modan dauden sare sozialei erreparatzea aski da jabetzeko gaztetxoak asko erakartzen dituen mundua dela koreografiarena, baina dantza, arte-diziplina bezala, urruti ikusten dutela dirudi. Zuena bezalako koreografia bizi eta ausartek balio lezakete dantza gazteengana hurbiltzeko?

Jaiotz: Guk lan asko egiten dugu gure ikuskizunen argazki eta bideoak lantzerako orduan, obra bera bezain garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, eta gure mezua helarazteko beste bide bat dira; modu naturalean sortzen ditugu. Horrez gain, gure estetika eta komunikatzeko modua gazte askorentzat erakargarria dela ikusi dugu, eta antzokietara etortzen diren gaztetxoek lanarekin konektatzen dutela baieztatu dugu.

Xabier: Diozuen moduan, azken urteetan dantza presenteago dago gazteen egunerokoan, bai sare sozialetan, bai bideoklipetan. Arte-diziplina moduan, ordea, ez hezkuntzan eta ez gizartean, ez dago batere presente, eta horrek horrela jarraitzen duen bitartean zaila da gazteak (zein nagusiak) antzokietara dantza ikustera joatea. Azken urteetan gainontzeko zuzeneko arteetara zabaltzen ari den arazoa da; tendentzia iraultzeko bideak bilatu behar ditugu pantailatik at dauden diziplinak salbatu nahi baditugu, behintzat.


Publiko berrietara iristeko beste bide bat izan daiteke, beharbada, Izarorekin hasi duzuen kolaborazioa ere. Izan ere, zuenak dira haren abesti berrien bideoklipetako koreografiak. Nola sortu zen elkarrekin lan egiteko aukera? Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Jaiotz: Izarok Instagram bidez ezagutu gintuen; gure Kenophobia obrako argazki bat atera zitzaion "Explorar" atalean, eta bere stories-etan elkarbanatu zuen, inspiragarriak iruditzen zitzaizkion hainbat argazkiren bilduma moduko batean. Aurrerago, emanaldi batera gonbidatu genuen, eta, ondoren, kafe bat hartzeko geratu ginen. Urte eta erdi geroago, bere cerodenero proiektu berrian koreografiak sortzeko gonbita egin zigun. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Horrelako proiektu potente eta ikusgarri batean lan egitea oso polita eta erakargarria da, noski, baina horrez gain, berak nola lan egiten duen ikustea ere oso inspiragarria izaten ari da niretzat.


Oso ezberdina al da enkarguz lan egitea? Nola erabaki zenuten bideoklip bakoitzean zer kontatu? Izaroren eta zuen arteko kolaborazioak jarraipena izango du haren zuzenekoetan?

Jaiotz: Bai, enkarguz lan egitea ezberdina da. Izaroren kasuan, cerodenero aro berri honen unibertsoa oso definituta zegoen, abesti bakoitzean zer kontatu ere bai; beraz, mugimendua sortzerako orduan, abesti bakoitzean berak kontatu zizkidan bizipen eta sentimenduetatik abiatu nintzen. Momentuz, ikus-entzunezkoan zerbait gehiago datorrela esan dezaket. Zuzenekoei dagokienez, ez dago ezer itxita, baina niri asko gustatuko litzaidake bideoekin hasi dugun sorkuntza hau zuzenekoetara eramatea.


Oraingoz, Abundance eta Bueltaxka dira zuen lanik berrienak. 2022an estreinatu zenituzten biak. Zer kontatu nahi izan duzue ikuskizun bakoitzean? Emanaldiekin jarraitzen duzue?

Xabier: Abundanceri dagokionez, gaur egun oraindik hain indarrean dagoen maitasun erromantikoa eta monogamia ezbaian jartzen ditugu. Antzokirako sortutako 55 minutuko obra da, bost dantzarik osatua. Bueltaxka, aldiz, laguntasunaren goraipamena dela esango nuke, etorkizuneko kezkak ahaztu eta alboan dugunarekin orainaldia ospatzera gonbidatzen duen kalerako obra da.

Jaiotz: Abundancekin azken emanaldia geratzen zaigu (oraingoz, behintzat), abenduaren 14an Hernaniko Biteri kulturgunean. Bueltaxkarekin hurrengo urteko udaberrira begira ari da emanaldiren bat edo beste ateratzen, eta horretan gabiltza, gehiago lortzeko lanean.

(Abundance. Argazkia: Mariló Míguez)


Iraultza moduko bat ekarri duzue hainbat konpainiak dantza garaikidera azken urteetan. Baina oholtza gainean ikusten dena egindako lanaren punta baino ez da. Nolakoa da dantza-konpainia baten eguneroko jarduna?

Xabier: Momentuaren arabera oso ezberdina da, ikuskizunen sorkuntzek definitzen dute gehienbat gure egutegia. Estreinaldi bat dagoenean, horren arabera sortzen da egutegia. Aurreko hilabetean aurre-ekoizpena izaten da, mahai-lana: dirulaguntza lortu, lantaldea osatu, entseguak definitu... Estreinaldia baino hiru hilabete lehenago, aurretik paperean landu dugun horren guztiaren sorkuntza artistikoa burutzen dugu: egunero dantza-gelan mugimendua sortu dantzariekin, jantziak eta eszenografia sortu, argiak diseinatu...

Jaiotz: Eta estreinaldi baten ondoren, banaketa egin behar emanaldiak lortzeko. Behin emanaldiak hitzartuta, emanaldien aurretiko ekoizpena landu behar da (kontratuak, bidaiak, ostatuak...), eta, azkenik, emanaldia bera burutu. Lan asko eta ezberdinak, egia esan.


Zuen ustez, zer-nolako aukerak daude dantzaren mundura jauzi egin nahi duten gazteentzat? Eta sektoreko profesionalek beren proiektuak garatzeko? Etorkizunera begira, zein dira dantza sektorearen erronka nagusiak?

Jaiotz: Gazteek dantza-mundura jauzi egiteko lehen pausoa formakuntza dela esango nuke. Hortik aurrera, bide ugari daude eta dantza bizitzeko modu asko, denborak eta esperientziek erakusten dutena. Profesionalei dagokionez ere, bide asko daudela esango nuke, baina beren proiektu propioak garatzeko egia da laguntza ekonomikoa bilatzea dela lehenengoa, duintasuna bermatzeko, eta hori neketsua da, batez ere denontzako tokirik ez dagoelako. Etorkizunari begira, dantza-sektorean dena dago egiteko. Oraindik prekarietatea eta lan-baldintza eskasak eguneroko ogia dira. Dirua falta da, antzokira joateko ohitura falta da... Gauza asko dago egiteko.

Xabier: Nik azpimarratu nahiko nuke dantza-sektorean lan egiteko aukerak ez direla dantzari/koreografo izatera mugatzen. Ekoizpena, banaketa, jantziak, eszenografia, argiztapena, musika... Lan-aukerak oso anitzak dira, eta bakoitzak bere bide propioak ditu.

(Bueltaxka. Argazkia: Etanowski)


Izarorekin hasitako bidetik, baliteke beste artista batzuekin kolaboratzeko aukerak sortzea etorkizunean. Gustatuko litzaizueke? Bien bitartean, norantz jo nahiko zenukete? Proiektu berrietan lanean ari zarete?

Xabier: Aurretik esan bezala, OSA+MUJIKA sortzeko arrazoietako bat beste diziplinetarako bidea irekitzeko gogoa izan zen. Bai musikariekin, bai beste artista-mota batzuekin kolaboratzeko irrikan gaude, beti baita interesgarria egiteko beste modu batzuk ezagutzea eta horietatik ikastea.

Jaiotz: Egia esan, bai; asko gustatuko litzaiguke musika-munduan sorkuntzak burutzea. Nik musikarekiko dudan zaletasuna dantza garaikidearekiko dudana baino lehenagotik datorrela esango nuke. Gure obrek ere pop musikatik asko edaten dute, inspirazio asko bideoklipetatik eta modatik datoz, eta sektore honetan zerbait potentea eskaini dezakegula uste dut. Proiektu berriei dagokienez, momentuz ez dugu ezer solidorik esku artean... Egia da aro baten amaiera bizitzen ari garela, Abundancen azken emanaldia dator, eta asko hitz egiten ari gara norantz joan nahi dugun, baina oraindik ezer garbirik ez. OSA+MUJIKA inoiz baino biziago dagoela sentitzen dugu, baina ez dakit indar hori norantz joango den.

_____

OSA+MUJIKAren lanak "Sorkuntzak" atalean

(2023ko abenduaren 8an argitaratutako Berezia)

Euskadi, auzolana