Ibai Aizpurua (Zomorro Studio): «Game Jametan ohartu nintzen gai nintzela joko txikiak sortzeko eta izugarri maite nuela sorkuntza-prozesu hori»

  • Ibai Aizpurua (Zomorro Studio): «Game Jametan ohartu nintzen gai nintzela joko txikiak sortzeko eta izugarri maite nuela sorkuntza-prozesu hori»

Ibai Aizpuruak betidanik izan ditu gogoko bideojokoak, baina 2015ean ohartu zen zaletasuna baino askoz gehiago izan zitekeela. 2021ean, Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi, eta "Barraka" jokoa garatu zuen, iaz, BIG Indie Contest lehiaketan, Euskal Bideojoko Onenaren Saria jaso zuena. Besteak beste, bideojoko-garatzaile lana, Zomorro Studio, Game Jamak eta etorkizuneko proiektuak izan ditugu hizpide Ibairekin. Hona hemen kontatu dizkigunak. 

("Barraka")


Nondik datorkizu bideojokoekiko interesa? Noiz erabaki zenuen bideojoko-garatzaile izan nahi zenuela? Nolakoak izan ziren lehen urte haiek?

Zaletasuna txiki-txikitik datorkit; suposatzen dut 5 urte ingururekin izan nuela lehen harremana bideojokoekin. Etxean Atari 2600a izan zen gure lehen kontsola, ondoren Master System IIa etorri zen eta, geroago, gure lehen ordenagailua, 486 PC bat. Garai batean joko gutxi izaten genituen, baina genituenei etekin ederra ateratzen genien.

Azken urteetan kontsolekin berriro gozatu badut ere, ordenagailuko jokoak maite izan ditut, batez ere: "Monkey island 2", "Warcraft 3", "Red alert 2"...

Arte Ederrak amaitu ondoren, nahiko galduta ibili nintzen, egia esan, eta, ilustratzaile moduan bidea egiten ahalegindu nintzen arren, 2015ean ohartu nintzen zein zen nire bidea. Urte hartako urtarrilean nire lehen Game Jamean parte hartu nuen lagun batzuekin, eta nire barnean zerbait piztu zen. Handik aurrera, nahiz eta eguneko lanak ere bideojokoekin erlazioa zuen, denbora librea bideojoko-sorkuntzan inbertitzen nuen.

("Castell")

Egun libreak eta opor ugari nire proiektuei eskaini nizkien; Game Jametan parte hartu nuen, nire proiektuekin jarraitu nuen eta hainbat dirulaguntza-deialditara aurkeztu nintzen.

Bideojokoak sortzeko garaian, anaiak Construct 2 izeneko programa gomendatu zidan 2015ean, eta, gaur egun ere, programa horrekin oso gustura jarraitzen dut. Orain, Construct 3 erabiltzen dut, eta mundu honetan murgiltzeko programa egokiena iruditzen zait.

("Arroxa")


Argi dago, beraz, zure ibilbidean Game Jamak oso garrantzitsuak izan direla. Haiei buruz hitz egin zenuen 2022an, Jokoteknia jardunaldietan, eta hautazko presiopean lan egiteari buruz aritu zinen. Zer dira zehazki Game Jamak?

Game Jamak bideojoko-sorkuntza maratoiak dira. Hasieran gai bat zehazten da eta, denbora epe batean, gai horrekin lotutako bideojoko baten prototipoa garatzea da helburua. Banaka zein taldeka parte har daiteke, eta, gehienek 48 orduko iraupena badute ere, astebetekoak edota ordubetekoak ere topa daitezke. Gaur egun, gehienak online izaten dira, oso erosoa baita antolatzeko eta parte hartzeko. Bestalde, egoitza moduan antolatzen direnean, nire ustez askoz ere dibertigarriagoak eta aberasgarriagoak izan ohi dira, jende berria ezagutzeko aukera ematen dutelako.

Game Jamek ireki zizkidaten mundu honetako ateak. Maratoi horietan ohartu nintzen gai nintzela joko txikiak sortzeko eta izugarri maite nuela sorkuntza-prozesu hori. Presiopean lan egiteak onura asko dakartzala iruditzen zait. Askotan, sortzen diren arazoei erantzuna emateko, sormenez beteriko erabakiak har ditzakegu denbora-faltagatik. Batzuetan, denbora-epeak oso luzeak direnean, ideiei buelta gehiegi ematen diegu. Nire kasuan, behintzat, erabakiak hartzeko garaian, presioak aurrera jotzen laguntzen dit. Bideojoko bat eraikitzeko garaian gauzak sintetizatzen edota mozten ikasteko eremu ezin hobea da Game Jam bat.


2021ean, Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zenuen, "Barraka" proiektuarekin. Nola sortu zitzaizun ideia? Zertarako balio izan zizun bekak?

Bekak garai hartan nuen lana alde batera uzteko aukera eman zidan, eta abentura honetan hasteko ateak ireki zizkidan. "Barraka"-k eta Sorkuntza Bekak Euskal Herri mailan garatzaile moduan kokatu naute, eta beti eskertuko diet Gerediaga Elkarteari eta Durangoko Udalari emandako aukera. Bultzada horri esker, elkarrizketa hau erantzuten ari naiz orain.