Izaskun Jauregi, Galtzagorri Elkarteko idazkari teknikoa: «IBBYk uste du irakurketak eta liburuek bizitzak salbatu eta aldatu ditzaketela»

  • Izaskun Jauregi, Galtzagorri Elkarteko idazkari teknikoa: «IBBYk uste du irakurketak eta liburuek bizitzak salbatu eta aldatu ditzaketela»

IBBY nazioarteko erakundeaz, Galtzagorri Elkarteak haren egitasmoetan duen parte-hartzeaz, euskarazko liburuak eta egileak ezagutzera emateko eskaintzen duen aukeraz, Jella Lepman idazle, kazetari eta itzultzaileaz, gerran dauden herrialdeetako haurrez eta literaturak elkar-ulermenerako daukan gaitasunaz hitz egin dugu, besteak beste, Izaskun Jauregi Galtzagorri Elkarteko idazkari teknikoarekin. Hona hemen kontatu dizkigunak.  


Zer da IBBY? Zer helbururekin jaio zen?

IBBY (International Board on Books for Young People) nazioartean entzutetsuena den Haur eta Gazte Literaturako irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Zürichen, Suitzan, sortu zen 1953. urtean. UNESCOn eta UNICEFen estatus ofiziala duen gobernuz kanpoko erakundea denez, IBBYk eginkizun politikoa du haurren liburuen defendatzaile gisa. Nazio Batuek 1990ean berretsitako Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren printzipioekin bat egiten du IBBYk. Aldarrikapen nagusietako bat haurrek hezkuntza orokorra izateko eta informazioa zuzenean eskuratzeko duten eskubidea da. IBBYri esker egiten die ebazpenak dei nazio guztiei haurrentzako liburuen ekoizpena eta banaketa susta dezaten. IBBYren xede nagusia da haur eta gazteek kalitatezko liburuak esku artean izan ditzaten lortzea, eta beraz, helburu horrekin konprometituta dauden mundu osoko pertsonen nazioarteko sarea da.

Hala, munduan zehar 84 atal ditu: horietako batzuk liburuak argitaratzeko eta alfabetatzeko programak oso garatuta dituzten herrialdeak dira; beste batzuk, ordea, haur eta gazte literaturan profesional gutxi batzuk baino ez dituzten herrialdeak. IBBYk nazioarteko ulermena sustatu nahi du haurrentzako liburuen bidez; nonahi haurrei kalitatezko liburuak eskura izateko aukera eskaini nahi die eta, horregatik, haurrentzako kalitatezko liburuen argitalpena eta garapena bultzatzen ditu, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan. Halaber, haur eta gazteentzako irakurketaren bitartekariei prestakuntza eskaini nahi die.

(Lampedusako liburutegiaren irudi bat. Argazkia: Idoia Etxegoien)


IBBYren sorreraren atzean tamalez inor gutxik ezagutzen duen emakume paregabe bat egon zen: Jella Lepman. Nor izan zen?

Jella Lepman judu-jatorriko idazle, kazetari eta itzultzailea zen. Stuttgarten jaio zen 1891n. I. Mundu Gerraren ondoren, alargundu, eta 1936an, nazismoak Alemanian gora egin zuenean, Ingalaterrara joan zen seme-alabekin. Bertan BBCn eta emakumeen eta gazteen gaietarako aholkulari gisa egin zuen lan. II. Mundu Gerra bukatuta, Ameriketako armadak Alemaniara itzultzeko gonbita egin zion, hango haur eta gazteak berrezi zitzan. Lepmanek bazuen aurrez kezka edo obsesio bat: pentsatzen zuen haurrentzako liburuak ezinbesteko zirela nazioartean elkar-ulermena sustatzeko. Are gehiago, ikusita, Hittlerrek nola jokatu zuen bere ideiekin bat egiten ez zuten liburuak desagerraraziz. Sinetsita zegoen liburuek balio zezaketela, Alemania txikitu hartan, elkar-ulermena sustatzeko. Eta elkar-ulermena sustatuz gero, bakea ekarriko zuela uste zuen eta, beraz, gerra ekidingo zela.

Asmo horrekin, 1946an, Haurrentzako Liburuen Nazioarteko Erakusketa antolatu zuen Munichen. Erakusketa horretarako, 20 herrialdetako gobernuekin jarri zen harremanetan, eta bakoitzari bere herriko Haur eta Gazte Literaturako libururik esanguratsuenak bidaltzeko eskatu zion. 19k baiezkoa eman zioten eta Belgikak, aldiz, ezezkoa: Alemaniak bi aldiz inbaditu zuenez, haur alemaniarrei inolako libururik ez zietela bidaliko adierazi zioten. Lepman berriz saiatu zen ordea, eta zera erantzun zion Belgikako gobernuari: hain justu, berriz halako gertaera lazgarririk gerta ez zedin ezinbestekoa zela Belgikako liburuak ere erakusketan egotea. Azkenean lortu zuen Belgikak bere aleak bidaltzea. Erakusketa ibiltaria bihurtu zen, eta hainbat herrialdetan paratu zuten. 1949an Gazteen Nazioarteko Liburutegia sortu zuen Munichen, Eleanor Rooseveltekin bildu ostean Rockefeller Fundazioaren eskutik lortu zuen dirulaguntzari esker. 1952an, "Nazioarteko ulermena Haurrentzako liburuen bidez" izenburupean, munduko 26 herrialdetako Haur eta Gazte Literaturako 250 aditu bildu zituen Munichen. Bilera hartan erein zuten IBBYren hazia. Urtebete geroago jaio zen IBBY Zürichen. Erakundearen lehenengo kideen artean, besteak beste, Erich Kästner eta Astrid Lindgren zeuden.

(Londreseko IBBYren 33. Biltzarrean Patxi Zubizarretak, Jokin Mitxelenak, Joserra Senperenak, Idoia Noblek, Maddi Oihenartek eta Gema Arrugaetak Euskal Haur eta Gazte Literaturari buruz eskainitako "Paperean hegan" ikuskizuna. Argazkia: Gema Arrugaeta)


Zoritxarrez, mundu zabalean gerra ugari daude oraindik ere, eta IBBYk lan handia egiten du leku horietan. Nola?

IBBYk proiektu ugari ditu. Horien artean badu egitasmo bat gerran dauden edo gatazka zibilak bizi dituzten herrialdeetako haurrei laguntzeko, baita hondamendi naturalak bizi izan dituzten herrialdeetako haurrei babesa emateko ere. Children in crisis du izena, eta egitasmo honen barruan abiatzen diren ekimenen xede nagusiak dira ipuin-kontaketen eta liburuen erabilera terapeutikoa bultzatzea eta egoera bakoitzerako egokiak izan daitezkeen liburu-bildumak sortzea. Munduan zehar asko dira tamalez egoera hauetan bizi diren herrialdeak eta, beraz, IBBYk proiektu ugari ditu martxan lan-ildo honen baitan.

Adibidez, Gazan, 2008tik IBBYk sostengatutako bi haur-liburutegi egon dira zabalik, nahiz eta oraintxe bertan ez dakigun ziur zein den haien egoera; El Salvadorren, segurtasun-arazo larriak dituen auzo batean  "Ametsen liburutegia" sortu zuen IBBYk, haurrentzako babesleku eta amets egiteko gune bihurtu zena; 2023ko lurrikarak eragindako haur errefuxiatuei eta umezurtzei eskolara itzuli bitartean ikasten jarrai dezaten laguntzeko, Turkiako IBBY liburutegi prefabrikatuak sortzen aritu da; Ukrainatik Poloniara ihes egindako errefuxiatuen guneetan ere Poloniako IBBYk egitasmo bat jarri zuen abian, Ukrainako argitaletxeetako liburuak bertako haurrei eskaintzeko asmoz...

Halako egitasmoak babesten ditu IBBYk Children in crisis-en barruan. Herrialde bakoitzean, bertako IBBYak egikaritzen ditu, gehienetan unean uneko dohaintzei esker. Gerra, gatazkak, migrazioak edo hondamendi naturalak jasaten dituzten haurrek arropa, janaria, botikak eta aterpea bezainbeste liburuak behar dituztela uste du IBBYk. Liburuek eta ipuinek bizitza alda dezaketela, ulermena sustatu eta babesgabea duindu dezaketela, eta irakurketak eta liburuek bizitzak salbatu eta bizitzak alda ditzaketela. Egoera okerrenean dauden haurrei liburuek berriz bizitzeko eta zer gertatu zaien ulertzeko bidea eskain diezaiekete.


Argi dago, beraz, literatura, oro har, eta haur eta gazte literatura, zehazki, elkar-ulermena sustatzeko tresna garrantzitsua dela.

Jella Lepman ziur zegoen liburuek herrien arteko ulermen- eta bake-zubiak eraikitzea ahalbidetzen dutela. Uste horretan oinarrituta sortu zuen IBBY, ikusita II. Mundu Gerraren amaierako haur alemaniarrek, elikagai, sendagai eta abarrak behar izateaz gainera, liburuak ere behar-beharrezko zituztela. Kalitatezko liburuak, eta mundu osokoak. Iruditzen zitzaion haur haiek jakin behar zutela inor ez dagoela erabat bakarrik, beste pertsona batzuk ere badirela antzeko esperientziak, sentimenduak eta beharrak dituztenak, eta mundu handi bat dagoela hor kanpoan. Mundu hori imajinatzen dugunaren oso desberdina dela. Hain zuzen, munduari eta bere haurrei buruzko gauza asko aurkituko ditugu liburu zoragarrietan.

(IBBY Biltzarra Atenasen. 2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendako Diplomak banatzeko ekitaldia. Harkaitz Cano dago mundu guztiko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen artean)


Aipatutakoaz gain, zein dira IBBYren egungo lan-ildo eta proiektu nagusiak?

IBBYk hainbat sari eta errekonozimendu egiten dizkie Haur eta Gazte Literaturan lan egiten duten sortzaile zein bitartekariei. Ezagunena bi urtez behin ematen duen Hans Christian Andersen Saria da, haur- eta gazte-literaturako Nobel sari gisa ezaguna. Bere ibilbidearekin Haur eta Gazte Literaturari ekarpen esanguratsua egin dioten idazle eta ilustratzaile bana saritzen ditu. Nazioarteko Haur eta Gazte Liburuen Ohorezko Zerrenda bat ere argitaratzen du bi urtez behin, eta bertan sartzen diren obrak tokian tokiko erakundeek aholkatuta iristen dira. Zerrenda horretan, hiru modalitate daude: ilustrazioa, idazletza eta itzulpena. Helburua, azken batean, haurrei eta gazteei zuzendutako liburuen sustapena da, baita haien itzulpenena ere. Zerrenda horretan sartzen diren liburuekin erakusketak prestatzen ditu IBBYk, eta munduan zehar hainbat lekutan paratu.

Sortzaileez gain, hala irakurketaren bitartekarien lana nola ikerketa-lana egiten duten pertsona eta erakundeak ere saritzen ditu IBBYk. IBBY-Asahi Irakurketa Sustatzeko Sariak, adibidez, haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko programetan ekarpen iraunkorra egiten ari den talde edo erakunde bat saritzen du. Eta IBBY-iRead Outstanding Reading Promotor Award sariak haurren irakurketaren hedapena eta garapena sustatzeko lanean ari diren bi pertsona ospetsu aintzatesten ditu.

Bestalde, apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna antolatu eta babesten du, egun horretan jaio baitzen Hans Christian Andersen. Urtero IBBYren atal bat arduratzen da egun hori aldarrikatzen duen kartelaren ilustrazioa eta mezua bideratzeaz.

Hainbat liburu-bilduma ere martxan ditu: bata, Torontoko Liburutegi Publikoan dagoen Oustanding Books for Young People with Disabilities (Desgaitasunak dituzten Haurrentzako Liburu Bilduma) da. Bi urtez behin IBBYko atalek proposatutako liburuekin hornitzen da. Bestea, Silent Books, Lampedusako Haur Liburutegian dagoen hitzik gabeko liburuen bilduma. Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbide nagusietako bat da Lampedusa. IBBYren Italiako atalak jarri zuen martxan 2012an irla txiki honetan liburutegi baten eraikuntzaren proiektua, bertan bizi diren haurrek nahiz bertako Lehen Sorospen Zentroetara iristen diren haur etorkinek liburuak esku artean izan ditzaten eskubidea bermatzeko, bereziki hitzik gabeko albumez osatutakoa hizkuntzaren trabarik gabe guztientzat irakurgarri izan daitezen. Bi bilduma hauen erakusketak alokatzeko aukera eskaintzen du IBBYk.

Bestalde, Internet bidez beste bi bilduma ere baditu: bata, Europako hizkuntza ezberdinetako haur literaturetako liburuek osatzen dute; eta Afrikako hizkuntza ezberdinetan argitaratutako haur liburuez osatutakoa da bestea.

IBBYk bi urtez behin Nazioarteko Biltzarra antolatzen du kide duen herrialde batean. Adibidez, aurten, Triesten (Italia) egingo da abuztu bukaeran, eta 2028an, Bartzelonan egingo denez, Galtzagorrik antolakuntzan parte hartuko du, IBBYren Espainiako atalaren euskal adarra den heinean.


Jada zertxobait aurreratu diguzu, baina zer lotura dauka Galtzagorrik IBBYrekin? Nola hartzen du parte haren egitasmoetan?

OEPLIk ordezkatzen ditu Espainiako estatuko hizkuntza ezberdinetako haur literaturak IBBYn. Galtzagorrik ezin baitu zuzenean IBBYren kide izan: estatu egiturarik ez duen herrialdeak ezin du IBBYren atala izan. Beraz, Galtzagorri OEPLIren (Espainiako IBBYa) parte da katalanezko, galegozko eta gaztelaniazko haur- eta gazte-literaturetako hiru elkarteekin batera. Horren ondorioz, Galtzagorri IBBYren euskal adarra da, eta Euskal Haur eta Gazte Literaturaren (EHGL) ordezkari lanak egiten ditu nazioarteko erakunde horretan.

Esate baterako, Andersen sarietarako hautagaiak proposatzen ditu –Galtzagorriren ekimenez, Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra hainbatetan izan da Espainiako Estatuko hautagai, eta, aurten, finalista izan da munduko sei ilustratzaile onenen artean–; IBBYren Ohorezko Zerrendarako euskal liburuak eta autoreak proposatzen ditu; IBBYren Nazioarteko Biltzarretan parte hartzen du, Silent Books eta Oustanding Books for Young People with Disabilities zerrendetarako euskarazko liburuak proposatzen ditu, Bratislavako Ilustrazio Biurtekorako euskal ilustratzaileak proposatzen ditu eta Europako IBBYaren webgunean euskarazko liburuak iruzkintzen ditu (une honetan, EHGLko 33 libururen iruzkinak daude), besteak beste.

Gainera, Europako IBBYak Newsletter bat plazaratzen du urtean bitan, eta bertan Euskal Haur eta Gazte Literaturari zein Galtzagorri Elkartearen egitasmoei buruzko albisteak argitaratzen ditugu.