Miren Larrea eta Valentina Raposo (Anita Maravillas): «Txotxongiloak poesia hutsa dira»

  • Miren Larrea eta Valentina Raposo (Anita Maravillas): «Txotxongiloak poesia hutsa dira»

Miren Larreak eta Valentina Raposok duela ia 20 urte sortu zuten Anita Maravillas txotxongiloen antzerki-konpainia. Elkarrekin berrikusi dugu haien ibilbidea, eta mintzatu zaizkigu, benetako grinaz mintzatu ere –haien hitz bakoitzean antzematen den grina–, haien hastapenez, Pepe Otalen eragin handiaz, txotxongiloek eskaintzen dituzten aukerez, haien sortze-prozesuaz eta proiektu berriez, besteak beste.

Nor dira Miren Larrea eta Valentina Raposo? Eta, zerk bultzatu zintuzten, 2005 urrun hartan, Anita Maravillas konpainia sortzera?

Pepe Otalen ikasleak gara. Hark transmititu zigun txotxongiloekiko, kontatzen denarekiko eta lanbidearen gozamenarekiko grina. Biak ikasten eta hari-txotxongiloak eraikitzen ari ginen Ravalgo bere tailerrean, eta hantxe ezagutu genuen elkar. Lehen lan bat sortu genuen Bartzelonako kafe-antzokietan emanaldi batzuk eskaintzeko, pretentsio handirik gabe. Horrelako sormen-espazio batean ohikoa zen kideekin pieza txikiak sortzea, inprobisatzeko eta gauzak esperimentatzeko gozamenagatik. Ordutik aurrera, ezin izan genion istorioak sortzeari eta elkarrekin eraikitzeari utzi.

Konpainia Euskal Herrira itzuli zenean, PORTAL 71 kultura-ekoizlearekin elkartu zen sortzen jarraitzeko, eta konpainiara bildu ziren Iván Alonso, zuzendaritza-arduraduna, eta Ion Chávez, argiztapenean, eszenografian, laguntzailetzan, trepetekin eta asmakizunekin.

Pepe Otalen ereduak eraman gintuen konpainia sortzera. Bizimodu gisa ulertzen zituen bere ofizioa eta bere tailerra, mundu etsaikor baten aurreko lubaki gisa. Oso pertsona koherentea zen bere pentsamoldean, zinez eskuzabala bere ikasleekin; Anita Maravillasen sorreraren eraginik handiena bera izan zen, zalantzarik gabe.

Zergatik txotxongiloak? Zer aukera eskaintzen dute?

Txotxongiloek imajinario berdingabeak sortzeko aukera ematen digute. Hizkuntza propioa eta zabal-zabala dute, eta bestelako arte eszenikoek eskaini ezin diguten moduko indarra. Haietaz maitemindu gara, eta adierazteko eta bizitzeko modu bat eman digute.

Haien unibertsoak objektuen, materia moldagarriaren eta gauzen mundua biltzen ditu, bizirik ez dagoen horren mundua. Inguratzen gaituen unibertso materiala, sukaldeko koilara batetik izarren hautseraino, argiaren eta itzalen unibertso etereotik igaroz. Era berean, txotxongiloek gorputzaren eta mugimenduaren koordenatuetan kokatzen gaituzte. Gorputz asmatuak, sofistikatuenetatik xumeenetara, baina bizitzara iratzartzen diren gorputzak, finean. Arnasa hartzen, begiratzen, sentitzen dutenak, eta interpelatzen gaituztenak. Eta balirudike guri begira daudela, hau esanez: "Ni bizirik banago, zu ere hala zaude benetan?" Txotxongiloak geure esperientziaren metafora bat dira.

Jainko lehenak izan zirela esaten da, eta infinituaren misterioa eta heriotzaren ezagutza biltzen dutela: hustasuna ezagutzen dute txotxongiloen egur eta kartoizko gorputzek. Gai dira geure humanitatea umorez eta, besteetan, krudeltasunez antzezteko. Atseginak nahiz zitalak izan, gure haragikoitasuna eta bizitzaren misterioa jokatzen dute. Izaki gisa, imajinarioaren eta sinbolikoaren erreinukoak dira, erreinu lurtarrekoak nahiz kosmikokoak. Txotxongilo batek, adibidez, kartoiz egindako bere burua leherraraz dezake, bertatik bihotza atera, plateara bota, hil eta berriz objektu bilakatu. Txotxongiloak poesia hutsa dira.

Arte askok egiten du bat haien baitan, diziplina anitzekoak dira izatez, plastika, mugimendua, erritmoa, musika, poesia biltzen dituzte, eta metaforak sortzeko gaitasun mugagabea dute. Irudi kamaleonikoa dute, erraldoiak edo ñimiñoak, errobotikoak edo oihalez eta eskuz eginak. Ezin konta ahala teknika eskaintzen digute: eskularrua, haria, habitatuak nahiz gorpuztuak. Irudi oldeak eskaintzen dizkigute, eta sortze-iturri oso emankorra dira. Ez dugu nahikoa bizitzarik denak biltzeko.

Gaur arte, zazpi obra estreinatu dituzue, kaleko eskaintza batez gainera. Guztiak, salbu Los sueños de Leonor, haurrei eta familiei zuzenduak dira, eta, gehienetan, oso testu gutxi dute. Zergatik? Proposamenak oso ezberdinak izan arren haien artean, lotzen dituen elementuren bat dago guztietan?

Gustatzen zaigu testurik gabe sortzea, zeren horrek behartzen gaitu mundu bisualago bat sortzera, eszena-kode berriak bilatzera. Testurik gabe lan egiteak behartzen zaitu komunikazio zuzenago bat bilatzera kontatzen duzun horretan, apaingarriak bisualak dira. Gure adierazpiderik onena dira txotxongiloak eta mugimendua, eta horren gainean sortzea lortzen dugun konposizio eszeniko guztia. Txotxongilo-hizkuntza bat bilatzen dugu mugimenduaren eta estetikaren bidez.

Saiatzen gara komunikazioa instintiboa eta intuitiboa izan dadin. Baina ez gatzaizkio inoiz erabat ixten testuari. Testua sartzearen hautua egin izan dugunetan, abestien hitzen bidez Kotondarrak (Las Cotton) edo poesiaren bidez Andereño (La Maestra) egin izan dugu. Miren Amurizarekin lan egin genuen, zeinak hitz zehatzak erabiltzen asmatu baitzuen eszenen irudiak eta ekintzak indartzeko. Baina testua antzerki bisualaren zerbitzura dago.

Gure obra guztien estetika oso zaindua da. Istorio bakoitzerako imajinario bat, estetika propio bat sortzen saiatzen gara, dramaturgiarekin eta txotxongiloen eraikuntzarekin batera sortzen dena. Lan guztiek partekatzen dute txotxongilo-kode berriak manipulatu, bilatu eta esperimentatzeko erronka. Izan manipulazioan zein txotxongiloak eszenografiarekiko duen harremanean. Eta, batez ere, denek partekatzen dute istorio bat kontatzeko beharrizana, umorez eta samurtasunez kontatutako istorio itxaropentsua. Elementuak partekatzen dituzte, baina beti ezberdinak dira, koloreari, testurei, formei, manipulazioari eta abarrei dagokienez, erronka berriak planteatzen baititugu ekoizpen bakoitzean zehar.

Andereño (La Maestra)

Nondik sortzen dira zuen ikuskizunak? Nolakoa da zuen sortze-prozesua?

Irakurketa bat, argazki bat edo gogoeta bat izan daiteke amaieran kontatuko dugun horren inspirazio-iturri. Egunetan zehar, zure buruan erreproduzitzen da, eta berau garatzen jarraitzeko beharrizana pizten. Horrela sortzen dira gure lanak. Guk geuk sortzen dugu istorio bat kontatzeko beharrizan hori. Ondoren, jarraian etorriko da "nola kontatu". Eta, une horretan, berehala sortzen dira lehen pertsonaiak, haien testuinguruak eta haiek inguratuko dituen imajinarioa.

Jon Braun lanean, La tempestad-eko Calibanek eta Sicoraxek kolonizazioaz hitz egiteko gonbita egin ziguten, eta Jon Braun, Malintxe eta Muma sortu ziren. Kotondarrak (Las Cottonlanean, Angela Davisen irakurketa batek bideratu gintuen ehungintzako langileengana, haien irmotasuna, zelako beldurra zieten. Haien protestak garai hartako prentsan agertzen ziren. Datu horrek gonbita egiten digu familia bat, istorio bat eta proposamen bat imajinatzera. Bilaketa horretan, tokikoa atzeman nahi dugu, Bilboko zigarrogileak edo Ondarroako kontserbagileak, eta gatazka eta profil bertakoagoak oparitzen dizkigute. Andereño lanean, gerra zibileko irudi batzuek, gerratik ihesi deserrira zihoazen haurrez betetako itsasontzien irudiek, gonbita egin ziguten egoera distopiko batean neska-mutil haientzako ipuin bat imajinatzeko. Saiatzen gara kontzeptu "helduago" horiek ipuinaren kodera ekartzen, komunitateari ireki eta gai ezberdinei buruzko komunikazioa sortu ahal izateko.

Kotondarrak (Las Cotton)

Gure sortze-prozesuak geldoak dira, egindako egonaldi artistiko bakoitzean sortutako ideiek pausatzeko astia izan dezaten. Berrikusi ahal izan ditzagun, eta kolaboratzaile guztiek denbora izan dezaten zer egin nahi dugun ulertzeko. Errelato hori sortzeko beharrizana haiei kutsarazteko, nola egin nahi dugun eta bakoitzak bere proposamenik onena ekar dezan denbora emateko.

Prozesua asko zaintzen dugu, bereziki aintzat hartuta protagonistak eta haien inguruko trepetak eraikitzeko denborak behar dituela txotxongiloen munduak. Mahai-ideiak ongi landuta iristen saiatzen gara lehenengo egonaldi artistikora. Mahai-lana etengabe indartzen dugu gure sormenetan. Ondoren, beste lau egonaldi egiten ditugu, beste helburu batzuekin eta beste toki batzuetan: Harrobia, TOPIC, Abizandako Txotxongiloen Etxea edo Zornotza Aretoa horretarako espazio-lagunak dira.

Jon Braun

Eraikuntza-tailerra da konpainiaren beste indarguneetako bat: bertan, zuen txotxongilo propioak asmatu eta sortzeaz gain, enkarguei ere erantzuten diezue. Zuen ustez, zer izan behar du txotxongilo batek, funtziona dezan? Oso zaila al da beste batzuen ideiei forma ematea?

Txotxongilo batek funtzionatzen du harekin jolastean konplizitate bat sortzea lortzen denean publikoarengan, askatasunerako eta irudimenerako jauzi bat. Txotxongilo on batek diotsu: "Bizirik nago". Eta ikusleak zalantzarik gabe erantzuten du: "Bai, bizirik zaude!". Orduan, txotxongilo batek funtzionatzea edo ez, ez dago hainbeste eraikuntzaren beraren mende, zeren txotxongilo on bat paper zati hutsal bat izan daiteke; garrantzitsua da nola mugiarazten dugun, eta, batez ere, nola sortzen den publikoarekiko lotura hori, eszenan dagoen poesiaren bidez.

Tailerretik, jabetu behar zara eraikitzen duzuna tresna bat dela, eta aukerak eraiki behar dituzu batez ere, eta osatua izateko espazio bat ere bai, kopa bat urarekin lez.

Batetik, pertsonaien irudi bat sortzen duzu, eta guri gustatzen zaigu plastikotasuna izan dezaten, publikoa gonbidatuko duena emango dugun istorioa txotxongikoekin bizitzera. Denbora igarotzen dugu kolorean, ehunduretan, bolumenetan, formetan, pertsonaien begiradan, siluetetan, ezaugarrietan, bizi-espresioan, arropetan, haien azalaren edo ilearen testuran, haien eskuen nolakotasunean (baldin eta badituzte), edo zapaten kolorean; xehetasun guztiek esaten dituzte gauzak. Hemen, jada, gu interpelatzen ari diren presentziak dira txotxongiloak!

Bestalde, tailerretik beretik zaindu behar da mugimendua sortzeko tresna horiek duten gaitasuna, izan ere, txotxongiloen hizkuntzan, garrantzitsua da, txotxongiloaren irudia ez ezik, mugimenduz mugimendu bizitzaren hatsa sortzeko gaitasuna. Berrikusten ditugu pisuak, inertziak, aginteak, mekanismoak, grabitate-zentroa, artikulazioak, material bigunak, arinak nahiz astunak, aginte-motak manipulazio-teknikak. Tresna moldakorrak, erosoak eta emankorrak izan behar dira, eskaintzeko asko izan dezaten animatzen direnean.

Sortze-prozesua tailerrean

Anita Maravillasetik geure lan-tresna propioak eraikitzea luxua da: aintzat hartzen da zer kontatu nahi den, nola kontatu nahi eta ahal den, zein den istorioaren tonua, nolakoak diren pertsonaiak edo zenbat esku ditugun bezalako kontu praktikoak. Hortik abiatuta, imajinario batzuk sortzen hasten dira tailerretik, modu bateratuan eta iragazkorrean, dramaturgia, animazio eta taularatze prozesuarekin. Aintzat hartuta, betiere, garrantzitsuena publikoa dela, kontatzen ari garenak ukituko dituen arimetan pentsatzea, pertsonaia horiek afektuen erretinan eta memorian eramango dituztenengan.

Beste artista kide batzuentzat enkarguak egiten ditugunean, polita eta desafiatzailea da, zeren entzun egin behar zaie, eta behar dutena erabakitzen eta eskaintzen saiatu, geure konpainia propioarekiko dugun eskuzabaltasun berarekin. Batzuetan, kontentzio- eta aholkularitza-ariketa bat da, zeren txotxongiloen mundura inguratu berri diren artistak izaten dira sarritan, haien neurri-neurriko zerbait egiten saiatu behar zara, ez zaiena handi geldituko. Entretenigarria da, halaber, beste prozesu batzuk ikustea eta haietatik ikastea, eta zoragarria da horiei so egon eta beste toki batetik parte hartu ahal izatea. Asko ikasten da.

Zuen obrek ez dute publikoa dibertitu bakarrik egiten. Halaber, gai interesgarriak planteatzen dituzte, gero ikasgeletan landu daitezkeenak, adibidez. Horretarako, fitxa didaktikoak prestatzen dituzue hainbat jarduerarekin. Belaunaldi gazteen gogamena estimulatu behar da?

Gure ustez, galderen eta kuriositatearen bidez soilik estimulatzen da espiritu kritikoa. Beharbada horregatik ez gara ikasbide asko sartu zaleak gure ipuinetan. Uste dugu besaulkitik ikusten duzun horren emozioaren bidez sortu beharko liratekeela galderak, edo zerbait iradokitzen duen sentimenduren bat, besterik gabe. Gazteek eta haurrek berehala antzematen dute taula gainean dagoena noiz den zintzoa.

Sarritan, sortze-prozesuan, geure buruari esaten diogu: "Zer kontatu nahi dugu hemen?" Eta, bestetan: "Ze galdera sorrarazi nahi genuke publikoarengan?". Batzuetan, familia-antzerkia entretenimendu soil gisa hartua izan da, eta, gure kasuan, entretenimendua bidea izan daiteke, baina ez helburua. Zerbait mugiarazi nahi dugu. Bestalde, haurrek eta gazteek ez dute arazorik proposamenen sakontasunarekin, hori gehiago da helduen kontua. Bitxia da, zeren, zenbaitetan, helduek nahi dute haurrentzako antzerkiak tonu infantilizatuan jardun dezan poztasuna, eskuzabaltasuna edo bakea bezalako kontzeptuei buruz, eta, errealitatean, berriz, norberekoikeria, lehiakortasuna eta gerran oinarritutako mundu bat eraikitzen ari gara. Ahal den heinean, publikoarekin zintzoak izaten saiatzen gara gure kontakizuna eraikitzean.