Gentzane Martinez de Osaba: «Maurizia asko daude, eta guk haietako bati buruz egin dugu "Aire!" pelikula»

  • Gentzane Martinez de Osaba: «Maurizia asko daude, eta guk haietako bati buruz egin dugu "Aire!" pelikula»

Urte luzez telebistaren eta zinemaren munduan era askotako lanak egin ondoren, 2011n Marmoka Films ekoiztetxea sortu zuen Gentzane Martinez de Osabak, Alex Garcia de Bikuñarekin batera. Bideografik produkzio-etxearekin elkarlanean, Aire! dokumentala estreinatu zuten iazko azaroan, ZINEBIn, 13 gazte erakusten dituena, Arratiako bailararen bihotzean, Maurizia Aldeiturriagaren musikan oinarritutako musika-pieza bat sortzen. Gentzanerekin hitz egin dugu.

Noiz eta nola iritsi zinen ikus-entzunezkoen mundura? Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek? 

Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako Campusean, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren, ez nuen oso argi zer egin. Lagun bat Bartzelonan ari zen ikasketak egiten, eta nik ere hara joatea erabaki nuen, goi-mailako ziklo bat egitera. Ekoizpena eta errealizazioa ikasi nituen, eta, pentsatzeko tarterik gabe, lanean hasi nintzen, laguntzaile moduan, hainbat ekoizpenetan: telebista-saioak, dokumentalak, film laburrak... Halako batean, lagun batek esan zidan ekoiztetxe batean jendea behar zutela, eta han hasi nintzen lanean, kamera-operadore moduan. Handik TV3 kateko kirol-erredakziora egin nuen jauzi, eta urte asko egin nituen han kamerari-lanean. Guztira 9 urte egin nituen Bartzelonan lanean. 

Handik denbora batera, EITBk ETB3 katea sortu behar zuela eta jendea behar zutela jakin nuen. Aukera ederra iruditu zitzaidan hona bueltatzeko. Oker ez banabil, 2008tik 2013ra bitartean egin nuen lan ETBn, errealizadore moduan. Hantxe ezagutu nuen Alex Garcia de Bikuña, eta elkarrekin Marmoka Films ekoiztetxea sortu genuen. 

Zergatik? 

Egia esan, Alexi eta bioi beti gustatu izan zaigu dokumentalen mundua, eta gure lanak ekoizteko aukera izan zitekeela pentsatu genuen. 2009an hemen ez ziren asko dokumentalak ekoizten zituzten produkzio-etxeak, eta guk dokumentalak egin nahi genituen. Beraz, ekoizpenaren ardura geuk hartzea erabaki genuen. 

Hasiera batean geure ekoizpenak egin genituen, geuk nahi genituen proiektuak: geuk zuzendutakoak, geure ideietan oinarrituak eta geure gidoiarekin. Eta, halako batean, besteen lanak ekoizten hasi ginen. Egoi Markaidaren Bajo Cero izan zen aurrenekoa. 

Baina ekoizle ez ezik, irakasle ere bazara orain. 

Bai, orain 4 urte hasi nintzen irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean, baina ez naiz irakasle titularra; ordezkapenak egiten ditut. Lanaldi partzialean nago, eta, beraz, bi lanak uztartzen ditut, irakaslearena eta ekoizlearena.

Eta oker ez bagaude, produkzio-lanari buruzko doktorego-tesi batean ari zara lanean. Nola daramazu? Ezer aurreratzerik bai? 

Bai, Euskal Herriko zinemaren produkzio exekutiboari buruzko tesia da, generoaren ikuspegitik. Une honetan buru-belarri ari naiz horretan lanean; ia zoratuta nauka.

Kontua oso interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, ni ekoizle exekutibo moduan aritzen naiz, eta, han eta hemen begira hasi nintzenean, jabetu nintzen nazioartean egin izan dela zerbait baina Espainian eta Euskal Herrian gai horri buruz ia ez zegoela ezer. 

Emakumezko ekoizle exekutiboen lana aztertzen ari naiz, baina oraindik goizegi da ezer aurreratzeko, ez baitut analisia bukatu. Lanez gainezka nago une honetan: tesia, esku artean ditugun zenbait ekoizpen, unibertsitateko eskolak... Ez dakit posible izango den, baina urtea tesiaren defentsarekin amaitu nahiko nuke. 

Hitz egin dezagun Aire! dokumentalaz. Momentuz zuen lanik berriena da. Bideografik ekoiztetxearekin batera ekoitzi duzue, eta, oraingoan, zuzendari-lanak egitea egokitu zaizu. Nondik nora sortu zen ideia? 

Aspalditik ezagutzen ditugu Bideografikeko lagunak: Txarli, Eukene, Xabi... Askotan hitz egin genuen elkarrekin zerbait egiteko aukerari buruz, eta, egun batean, Txarlik telefonoz deitu zidan esateko Maurizia Aldeiturriagaren inguruan lan bat egiteko aukera sortu zitzaiela eta gurekin egin nahi zutela. Halaxe sortu zen, oso modu naturalean. Hainbat bilera egin genituen lantaldea osatzeko, eta haietako batean zuzendaria izatea proposatu zidaten. Ni zuzendari-lanetan aritua nintzen aurrez, Alexekin batera. Beraz, pentsatu nuen: "Zergatik ez? Ekoizpenetik zertxobait deskonektatzeko balioko dit". Eta horrelaxe abiatu ginen. Gero, proiektuaren nondik norakoak zehaztu eta gidoia idatzi genuen. 

Euskal Herriko eta Kataluniako gazte-talde batekin lan egin duzue. Nolakoa izan da esperientzia. Oso arrotza zitzaien Mauriziaren musika? 

Ez zuten informazio askorik, ez genuen gehiegi jakiterik nahi, sorpresari eutsi nahi genion eta freskotasuna bermatu. Bazekiten Mauriziari buruz zerbait egin nahi genuela eta musika tartean zegoela, gazte horiek denak musikariak direlako, baina ez zekiten askoz gehiago. Gako batzuk bakarrik eman genizkien. Uste dut pentsatzeko aukerarik ere ez zutela izan. Castinga egin genuenean oso gogotsu esan zuten baietz. Ia informaziorik ez zuten arren, duda-izpirik gabe esan ziguten baietz. Oso polita izan zen. 

Erraz ohitu ziren kameraren presentziara?

Grabaketa bi zatitan egin genuen: lehenengo, zazpi egun abuztua baino lehen, han, Katalunian, eta, gero, irailean bost egun, hemen. 12 egun guztira. Baina, tarte horretan, elkarbizitza erabatekoa izan zen, bai gazteen artean, bai lantaldearen artean. Denok geunden teilatu beraren azpian. Egia da bakoitzak bere txokoa zeukala, baina egunero, orduero elkarrekin geunden. Aurreneko momentuan, beharbada, urduritasun pixka bat nabaritzen zen, eta kameraren presentzia sumatzen zuten, baina oso azkar ahaztu ziren gutaz. Oso erraza izan zen. 

Zer da zehazki Aire! dokumentalak erakusten duena? Zer kontatu nahi izan duzue? 

Mauriziaren irudia gaurko egunera ekarri nahi genuen, baina argi genuen ez genuela biografia edo biopic bat egin nahi. Beraz, nola? Gazteen bidez, haiei hitza emanda. Alegia, emakume haren garrantziaz jabetu zitezela, bizi izan zuen garaia ezagutu zezatela eta garai hartan apur bat murgildu zitezela. 

Dokumentalaren mamia, lan guztia hasieratik bukaerara zeharkatzen duena, Maurizia da. Baina badaude beste bi geruza ere. Batetik, musika tradizionala. Haren inguruko aurreiritzi batzuk astindu nahi genituen, erakutsiz gazteek ere musika tradizionala egiten dutela, oso modu ezberdin eta energiaz betean. Eta, bestetik, gazte-jendea. Haiei hitza eman nahi genien, hainbat gairen inguruan esateko dutena entzun nahi genuen, haien pentsamenduak, sentimenduak eta abar azaleratu.  

Beste hiru pertsona ere gehitu zenituzten proiektura: Naroa Gaintza, Iraide Ansorena eta Carlos Sagi. Zertarako? 

Komentatu dugunez, Euskal Herriko eta Kataluniako gazteak zeuden tartean, bakoitza bere musika-tresnarekin. Ni ez naiz musikan aditua; beraz, musika-eskoletan gazteak aukeratzen ari ginela, hainbat pertsonak esan ziguten elkarren artean oso ezberdinak ziren instrumentuak zeudela tartean eta ez zela batere erraza izango haiek guztiak bateratzea. Hori dela eta, pentsatu genuen baten bat behar genuela gazteak prozesu horretan zehar gidatzeko. Eta horrelaxe ezagutu genituen Carlos Sagi eta Iraide Ansorena. 

Horrekin batera, lehen aipatu dugun bezala, ez genuen nahi neska-mutilak musika-pieza bat sortzera mugatu zitezen; Mauriziaren garaia eta musika uler zitzaten ere nahi genuen. Izan ere, uste genuen gero gai izango zirela hori guztia musikara eramateko. Beraz, pentsatu genuen ideia ona izango zela musikaren munduan murgildutako pertsona bat haien ondoan jartzea, eta Naroa Gaintzarengana jo genuen. Sekulako energia dauka, eta urteak daramatza musikaren munduan. Gainera, oso ondo ezagutzen du musika tradizionala. Gure proposamenari baiezkoa eman zion, eta, horrenbestez, zehaztuta geratu zen gure gidari edo laguntzaileen taldea. 

Berez, dokumentala sormen-prozesu baten gainean eraikita dago, eta sormen-prozesu horren emaitza ez duzue amaierara arte erakusten. Hori argi izan zenuten hasieratik? 

Bai, bai. Hori geure apustua izan zen. Lehen unetik. Musika garrantzitsua zen guretzat, baina ez zen garrantzitsuena. Guk erakutsi nahi genuen musika hori nola eraikitzen den, zer-nolako harremanak sortzen diren gazteen artean, zer ulertzen duten eta zer ez, zeren beldur diren... Eta horregatik ez da abestia osorik amaierara arte entzuten. 

Dokumentala asko aldendu da buruan zenuten lehen ideia hartatik?

Bai eta ez. Egitura argi genuen. Bagenekien zer eta nola kontatu nahi genuen, eta argi genuen horretarako zer elementu erabiliko genituen. Baina egia da, gero, beste sormen-prozesu bat izan dela. Dokumentalak aukera ematen du leku batetik bestera joateko. Guk bagenekien zenbat gazte izango ziren, zenbat egun, zer bilatu nahi genuen, baina ez genekien gero zer gertatuko zen. Guk aukeratutako gazteek modu batean jokatu dute; beste gazte batzuekin pelikula zeharo ezberdina izango zatekeen. Beraz, sorpresa ugari egon dira, baina guk markatuta genituenak, guk espero genituenak mantendu egin dira. 

Dokumentala azaroan estreinatu zenuten, ZINEBIn. Harrezkero, zuen webgunean ikusi ahal izan dugunez, hogei bat emanaldi izan dira, behintzat. Zelakoa ari da izaten jendearen erantzuna? Eta nola hartu du Mauriziaren familiak? 

Neurri batean ezustekoa izan da guretzat, oso denbora gutxian emanaldi asko izan direlako. Normalean banaketa edo emanaldiak lotzea ez da erraza izaten, baina oraingoan emanaldi berriak hitzartzen ari gara etengabe. Hortaz, oso gustura. 

Mauriziaren familiarekin oso harreman ona izan dugu, lehen unetik lagundu digute. Materiala utzi digute, euren etxean egon gara eta luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dugu, horrela Maurizia hobeto ezagutzeko eta gidoia behar bezala prestatzeko. Egin dugun pelikularekin oso gustura geratu dira. Ez zuten espero ikuspuntu horretatik jorratuko genuenik. Hori pertsona gehiagori ere gertatu zaie. Bazekiten protagonistak gazteak zirela, baina beste film-mota bat espero zuten.  

Gazteei hitza eman izanak eta haiek euren bizipenez era horretan berba egin izanak emozionaltasuna ematen dio dokumentalari, eta jendeak erraz egiten du bat haien bizipenekin. Gainera, profil ezberdineko gazteak dira, eta, beraz, erraza da batekin edo bestearekin identifikatzea. Gure sentsazioa oso positiboa da. Egongo da pelikula gustatu ez zaionik ere, baina guregana iristen diren iritziak onak dira, eta alde horretatik oso pozik gaude. 

Atzera begiratuta, eta egindako lan eskerga ikusita, zerekin geratzen zara? Zergatik merezi izan du zuretzat? 

Ez dakit. Beharbada lantaldean oso harreman polita sortu dugulako eta gazteak pozik geratu direlako. Haiek izan duten aukera eman izan balidate niri gaztetan sari gisa hartuko nukeen. Beraz, pozik nago oso gustura daudelako egindakoarekin. Errespetuz eta maitasun handiz egin dugulako. Eta Maurizia lehen planora ekarri dugulako. Tira, haietako bat. Maurizia asko daude, eta guk haietako bati buruz egin dugu pelikula. Emakumeek bizi duten ignominiatik zertxobait askatu eta gaur egunera ekarri dugu. 

Gazteek oso harreman estua egin dute oso denbora gutxian, eta oraindik ere etortzen dira hona bisitan eta joaten dira hemendik Tarragonara edo Esparreguerara. Hori ere oso polita da.

Hasieran esan diguzu lanez gainezka zabiltzala une honetan. Cannesetik itzuli berria zara, ezta? Asko bidaiatu beharra dago lan honetan? 

Nik beti esaten dut hori esku artean duzun proiektuaren araberakoa dela. Proiektu bakoitzak behar ezberdinak ditu. Batzuk oso talde txikian eta lasai egitekoak dira; beste batzuk, berriz, talde handian eta momentuan egitekoak, istorioak hori eskatzen duelako. Badira han eta hemen grabatu beharrekoak ere. Beraz, esku artean duzun proiektuaren arabera gehiago edo gutxiago mugitu beharra izango duzu. 

Une honetan, nazioartekotze-prozesuan dagoen proiektu bat dugu, eta, hortaz, mugitu beharra daukagu, merkatuetara joan eta abar. Baina, esan bezala, proiektu bakoitza mundu bat da. 

Dokumentaleko une batean, euren burua etorkizunean nola irudikatzen duten galdetzen diezue protagonista gazteei. Eta zeuk nola irudikatzen duzue zuen burua? Zertan ari zarete lanean orain Marmoka Filmsen?  

Guk beti ditugu proiektuak martxan: garapen-, produkzio- edo banaketa-fasean. Gurpila gera ez dadin saiatzen gara. Dokumentalak ekoiztea ez da lan erraza; emanaldi-kopurua oso txikia izaten da, eta, beraz, askotan kosta egiten zaigu ekoizpena edo finantziazioa bilatzea eta gero banaketa egitea. 

Alexek eta biok biziki maite dugu egiten duguna, eta filmak egiten jarraitu nahi dugu, epe luzera begira gainera, eta, noski, zinemak eta batez ere zinema dokumentalak osasun ona izan dezatela nahiko genuke. 

(2024ko ekainaren 5ean argitaratutako Berezia)