Haizetara: Amorebieta-Etxano, fanfarre eta txaranga doinuz blai

  • Haizetara: Amorebieta-Etxano, fanfarre eta txaranga doinuz blai
    Ainhoa Salterain Gandarias (Amorebieta-Etxanoko alkatea) eta Koldo Bilbao Uriarte (Kultura eta Kirol zinegotzia)

Ekainaren 21etik 23ra egingo da Fanfarreen, Banden eta Kale Musikaren Nazioarteko Lehiaketaren aurtengo edizioa, XVII.a. Ainhoa Salterain Gandarias Amorebieta-Etxanoko alkateak eman dizkigu Haizetara egitasmoaren historiari eta aurtengo egitarauari buruzko xehetasunak.


Noiz sortu zen Haizetara? Zer helbururekin? Garai hartan ez ziren oso ohikoak izango gure artean era horretako proposamenak. Nondik jaio zen ideia? Beste lehiaketa edo jaialdiren bat izan zenuten eredu?

Haizetara 2006an hasi zen. San Joan egunaren inguruan antolatu zen; udari hasiera emateko jaialdia dela esan daiteke. Udalerriko artxibo historikoetan jasotzen denez, San Joan egunean ohikoak ziren musika-kontzentrazioak kalean. Jaialdi honekin, XX. mendearen hasieran musika San Joan suarekin lotzen zuen festa hura berreskuratu nahi du Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Horrelakoak ez ziren oso ohikoak, baina oso erakargarria iruditu zitzaigun musika herriko gune ezberdinetara zabaltzea eta herritarrei musikaz gozatzeko aukera eskaintzea.


Nola gogoratzen duzue hasierako urte haietan Haizetara antolatzeko eta ezagutzera emateko egindako lana?

Festibal berria izanda, komunikazio-aldetik lan handia egin behar izan zen lehenengo urteetan, baina orain denok dakigu zer den Haizetara, eta ekaineko egun horiek heltzeko zain gaude, kalean musikaz gozatzeko egunak direlako.


Haizetara ezinbesteko hitzordu bihurtu da urteotan, ez herritarrentzat bakarrik, baita handik eta hemendik iristen diren bisitarientzat ere. Zein dira arrakastaren gakoak? Musikarien eta publikoaren artean sortzen den gertutasuna izan daiteke horietako bat?

Duda barik musikarien eta publikoaren artean sortzen den konexioa ikaragarria da. Umeak, gazteak eta nagusiak, modu batean edo bestean denok gara Haizetarako partaide asteburu horretan zehar.

Herritar guztiak erakarri nahi ditu Haizetarak, baina, aldi berean, musika-arloarekin zerikusia duen publikoari zuzenduta dago; izan ere, jaialdiaren bidez, munduko hainbat lekutako kaleko musika-joerarik berritzaileenak ezagutu daitezke.

(Tenampa Brass Band)


Ekainaren 21etik 23ra egingo da aurtengo edizioa, XVII.a. Zenbat taldek aurkeztu dute hautagaitza? Nola egin duzue aukeraketa? Zein dira aurten parte hartuko duten bandak? Zer-nolako musika egiten dute?

Guztira nazioarteko 51 bandak eman dute izena lehiaketan parte hartzeko, eta 9 hautatu ditugu, jatorri desberdinetakoak eta musika-estilo anitzetakoak.

TENAMPA BRASS BAND taldea, adibidez, Mexikotik dator. Bere energia kutsakorragatik, errepertorio anitzagatik eta entzuleekin erlazionatzeko trebetasunagatik da ezaguna. Jai-giro paregabea sortzen du.

Frantziatik, bi talde izango ditugu: batetik, ORCHESTRE NATIONAL DU JAHINER, instrumentu tradizionalak konposizio originaletan erabiltzeagatik nabarmentzen dena; eta, bestetik, UGS BRASS BAND, jazza eta punka, musika berri freskoa eta konposizio propioak nahasten dituena.

BRAZZMATAZZ talde belgikarra izango da beste protagonistetako bat. New Orleanseko eta Balkanetako musikaren eragina du, eta musika hori soinu elektroniko eta modernoekin uztartzen du.

(Brazzmatazz)

Erresuma Batutik, LLAREGGUB BRASS BAND izango dugu, Galesko musika tradizionala eta New Orleanseko hip hopa, funka eta jazza nahasten dituena, eta, Italiatik, THE TAMARROS, disko-musika egiten duen banda.

Eta horiez gain, Estatuko hiru talde arituko dira: PIXIE & DIXIE BAND Peñafieleko (Valladolid) eta Palentziako musikariz osatuta dago. New Orleanseko jazz-formazio erabat akustiko eta berezkoarekin, bere musikari izaera lotsagabea ematea lortu du. LA TROCAMBA MATANUSCA talde valentziarrean, aldiz, fanfarre balkanikoek, folkak, swing- eta jazz-zertzeladek bat egiten dute klezmer-aren eta skaren leherkortasunarekin. Eta, amaitzeko, NEW TOCADOS madrildarrak ditugu. Txaranga bat baino gehiago da, errepertorio musikal anitza, ondo landua, indartsua eta dinamikoa duena. Rocka, musika elektronikoa eta erritmo latinoak uztartzen ditu.

(La Trocamba Matanusca)


Beti bezala, hiru sari banatuko dituzue. Ez da erraza izango nori eman erabakitzea. Zer izaten da kontuan? Publikoak ere izango du zeresanik, ezta?

Fanfarreen, Banden eta Kale Musikaren Nazioarteko Lehiaketan parte hartzen duten taldeek lehiaketako hiru sarietako bat irabaztea izango dute helburu.

Amorebieta-Etxanoko Udalak izendatutako epaimahaiak aukeratuko ditu bi sariren irabazleak: Banda Onenaren Saria (15.000 euro) eta Instrumentu-jotzaile Onenaren Saria (1.000 euro). Hirugarren sari bat ere izango da: zornotzarrek zein egun horietan Amorebieta-Etxanora datozenek euren banda gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute www.haizetara.eus webgunearen bitartez. Publikoaren Sariaren irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du.