Gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan Dantz Point Bizkaia by BBK ekimen kultural berria. Ekimen hori lurraldeko hainbat udalerritan egingo da, abuztuan eta irailean. Doako bost hitzordu izango dira, bost aste jarraian, eta musika elektronikoak ezohiko agertokiak hartuko ditu, aire zabalean, Ondarroa, Elorrio, Gernika, Durango eta Portugaleteko enklabe esanguratsuetan. Horrela, Dantz Point proiektua -2019an jaio zen, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa emateko helburuarekin- Bizkaira iritsiko da orain lehen aldiz, BBKren laguntzari esker.
Orain arte, 80 'dantz point' baino gehiago egin dira Lisboa, Amsterdam, Atenas, Bordele, Hondarribia, Donostia, Iruña edo Cartagenan, beti ere “musika elektronikoari esker, komunitatearentzako esperientzia paregabe eta aberasgarriak leku berezietan eskaintzeko helburuarekin”, Jokin Telleria Dantz plataformako zuzendariaren hitzetan. "Ziklo berri hau hizkuntza kultural eta musikal berriak Bizkaiko hainbat txokotara eramateko gure apustuaren adibide argia da", azaldu du aurkezpenean Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduradunak. Aldi berean, "gure lurraldeko ondare historiko eta kultural aberatsarentzat publiko berriak sortzea lortuko da abangoardiako musikaren bidez", nabarmendu du.
Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 abuztuaren 23an, ostirala, hasiko da Ondarroan, hain zuzen ere bere Musika Plazan. Gune honek alde zaharraren ikuspegi panoramikoa eskainiko du, baita itsasadarretik itsasora ateratzen den tokiarena ere, eta Koldo Loira eta Celeraka artista lokalentzat agertoki izango da, inguruko beste DJ batekin, Garairekin, set-a partekatuko baitute. Astebete geroago, abuztuaren 30ean, ostirala, zikloa Elorrion izango da, Ganondo parkean bertan, herriko birika berdea eta alde zaharra atzean dituela. Inguru honetan BRGS, Elena Barker eta Gisa artistez gozatzeko aukera izango da.