Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean

  • Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean

  • Europa, Amerika eta Asiara zabalduko du ideia irundar musikariaren kontzertu sortak. Ekainaren 14rako, kontzertu erraldoia antolatu dute Reale Arena estadioan, Donostian

Musikagintzan 40 urte bete dituela eta, Fermin Muguruzak nazioarteko bira egingo du 2025ean, aurtengo abenduaren 20 eta 21ean Bilbon emango dituen kontzertuetarako 16.000 sarrerak minutu gutxitan saldu eta gero. Hala iragarri du gaur, ekainak 20, Kortatuk bere lehen maketa kaleratu zuen egunetik 40 urte bete direnean.

Bira Tenerifen hasiko da, urtarrilaren 18an; urtarrilaren 24an Bartzelonako Palau Sant Jordin joko du Muguruzak, bederatzi musikariko taldeak lagunduta; eta otsailaren 15erako Madrilen jarri du hitzordua, Wizink Center pabiloian, 2003an Manu Chaorekin bertan jo zuenetik hiri horretan lehenengoz, agintariek bertan jotzeko jarri izan dizkioten traben gainetik.

Hurrengo kontzertuak Galiziako Santiagon (martxoak 15), Parisen (martxoak 21), Bordelen (martxoak 22), Frantziako Tolosan (martxoak 28), Marseillan (martxoak 29), Zurichen (apirilak 12) eta Berlinen (apirilak 16) izango dira.

Maiatzean, Ameriketara iritsiko da kontzertu errenkada: Txileko Santiago (maiatzak 20), Buenos Aires (maiatzak 24), Bogota (maiatzak 28) eta Mexiko (maiatzak 31).

Erromako kontzertua etorriko da gero, ekainaren 7an, eta ekainaren 14an Fermin Muguruzak kontzertu erraldoia eskainiko du Reale Arena estadioan, Donostian.

Jarraitu irakurtzen

www.eitb.eus

  • DataEkainak 20
  • Gaia Musika