Xare Alvarez Berakoetxea: «Nire jardunak izaera prozesuala du funtsean, eta materialen eta prozeduraren etengabeko bilaketa eta esperimentazioa du oinarri»

  • Xare Alvarez Berakoetxea: «Nire jardunak izaera prozesuala du funtsean, eta materialen eta prozeduraren etengabeko bilaketa eta esperimentazioa du oinarri»

Xare Alvarez Berakoetxearen lanak (Donostia, 1990) San Telmo Museoko Laborategia hartu du. "Artea abian" programaren barruan, "Pliegue / Makurtu" izenburupean garatu du proposamena, hainbat materialekin egindako hamalau piezaren bidez. Erakusketa abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai.


Nor da Xare Alvarez Berakoetxea? Nola egin zenuen jauzi artearen mundura? Zein dira zure lanaren funtsezko elementuak?

Arte Ederrak ikasi nituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan, eta Parisen. Harrezkero, tailerreko praktika egiteko konpromisoa hartu nuen, gaur arte hartu ere.

Forma, materia eta prozesualitatea dira nire lanaren euskarriak. Forma organiko, pendular eta limurkorren sintaxia da; tolesten, isurtzen, lerratzen edo flotatzen dira, eta egonkortasunik gabeko irudiak osatzen dituzte. Objektu eskultorikoak, grabatuak eta ukimenezko ehunak ageri dira, ehundura beroek, soslai uhinduek, kurbek, tolesturek eta gainazal zimurrek taxutuak.

Nire praktika, funtsean, prozesuala da, eta, horrenbestez, etengabeko bilaketa- eta esperimentazio-prozesu materiala eta prozedurazkoa da; horrek gidatzen eta zehazten du forma bihurtzeko era.

Gorputzari, etxeko espazioari, memoriari eta esperientzia pertsonalari buruzko aipamenak ondorioztatzen dira sortutako formetatik, bigarren denboraldi batean, beste geruza bat balira bezala, eta zubiak ezartzen dituzte alderdi fisikoak eta ukiezinak lotzeko: eskuragarria dena eta eskuraezina dena.


Nondik abiatu ohi dituzu zure lanak? Eta nola erabakitzen duzu zer euskarri eta material erabili? Nolakoa da zure sormen?prozesua?

Iaz hasi nituen lan-atalei berriro ekiteko borondatetik abiatu naiz erakusketa honetan, haiei jarraipena emateko eta beste faktore erabakigarri bat kontuan hartuta aztertzeko: espazioa, Laborategia aretoa eta haren eskala. Bestalde, ideia eragile bat dago, materialekin zenbait negoziazio ezartzearekin zerikusia duena, tolestutako formaren eta atalen keinuen artean erresonantziak sortzeko aukera izan dezadan.

Prozesua etengabeko esperimentazio prozesual eta materialean oinarritzen da, eta formalizazioa zehazten du. Ildo horretan, erabiltzen ditudan materialak galdaketan garatzen ditudan eraldatze-prozesuek zehazten dituzte, neurri handi batean. Ikerketa egiten dut jakiteko zer material egokitzen diren hobekien nire asmoetara, eta hori egin ondoren, ahulenak kontuan hartzeko joera izaten dut: hondar?materialak izaten dira, hau da, azal arinekoak, forma malgu eta moldagarrikoak, azken batean, aldakorrak direnak. Esate baterako, soka edo ehuna; haietan prozesua errazago inpregnatzen baita, manipulazioaren, proben eta eskultura-keinuen arrastoak ikusgai agertzen direlako.

Paperaren eta ehungintzaren gaineko piezak eskultura-zatiarekin batera garatzen dira, eta ez eskulturaren mendeko bitarteko gisa, baizik eta bitarteko independente gisa, barne-logika eta guzti.

Azken finean, piezak erabaki kontziente eta inkontzienteen emaitzak dira. Elementu edo formula narratiboak txertatzeko erresistentziaren helburua da, hain zuzen, piezak gai izatea beren parametroak ezartzeko, beren interesak kapsulatzeko, beren forma autonomoa hobetzeko. Betiere, horretarako, elkarrizketa irekiak ezarri behar dira,  topaketek interakzio hori eragitea izan dezaten.


Zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu duzu, eta 2016az geroztik lau erakusketa indibidual izan dituzu. Bosgarrena San Telmo Museoan ikus daiteke, abuztuaren 25era arte. Nolako lanak bildu dituzu bertan?  Zein dira proposamen berri horren gako nagusiak? Ba al du zerikusirik iaz La Taller aretoan, Bilbon, egin zen "Nudo, Urdimbre, Hilván/Lotune" erakusketarekin?

Hau proiektu espezifikoa da, San Telmo Museoko Laborategia aretorako egin dudana, eta, aldi berean, jarraipena ematen dio La Taller-eko erakusketarako garatu nuen lan-atalari. "PLIEGUE / MAKURTU" du izenburu, lan-prozesutik sortzen diren arrazoiengatik. Formaz eta materialaz ari naiz "PLIEGUE" berba erabilita. Aldi berean, ehungintza eta larrugintza, ehuna eta gorputza dira. "PLIEGUE" makurtzeko keinuaren ondorioa da, eta MAKURTZEKO keinuaz ari da azken termino hori, ekintzaz. Prozesu-dimentsioaz eta nire lan-metodologiaz ari da, zeinean behin eta berriz agertzen baita tolestatzeko ekintza.

Erakusketa bost lan-seriek osatzen dute, eta zenbait ataletan gainjartzen eta erlazionatzen dira. Badago alboko horman bi piezaz osatutako eskultura-zati bat, "Pliegue", bilbe lodiko ehunetatik abiatuta, eta urtutako aluminioz eta zeramikazko bilgarriz egina. "Desde el centro"-n hiru pieza ageri dira zintzilik; bakoitza txirikordatutako sokateriazko bi elementuz osatuta. Zenbait bolumen sortzen dituzte, zintzilika, isurita edo, eta aluminioz eta zeramikazko bilgarriz galdatuta. Eta "Vínculos" izenekoa forma lotuetako hiru pieza dira, puntuzko ehunez osatuak eta aluminioz urtuak.

Bestalde, espazioa zurezko egituretan oinarrituta egituratzen da; lihozko hiru ehun-segida brodatutan oinarrituta, sokateria esekietara eramaten dute egiturok, haridun marrazkietatik abiatuta.

Azkenik, ehungintzarekin eta eskulturarekin solasean, paperan egindako tinta-marrazki batzuk daude, sareen eta irazkien iradokitzaile gisa.

Oro har, gako hauek baliatuta artikulatzen da erakusketa: eraldatzearen nozioa, gogorraren eta bigunaren eta likidoaren eta solidoaren arteko etengabeko kontraesana, organikotasuna eta mugimenduaren ideia, eta, azkenik, ikusgarriaren eta ezkutuaren arteko dikotomia.


San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak 2019an abian jarritako "Artea abian" programaren esparruan egin duzu erakusketa. Zein da programa horren helburua? Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?

Programa horren helburua da, funtsean, artista bati ikusgarritasuna eta laguntza ematea, erakunde batean, kasu honetan San Telmo Museoan, banakako erakusketa bat programatuz. Oso esperientzia atsegina izan da niretzat, urtebetez erakusketa honetan lan egiteko, obra garatzeko eta espazioaren eskala eta artikulazioarekin esperimentatzeko aukera eman didalako.


Hitz egin dezagun espazioaz pixka bat gehiago, nahiz eta ideia batzuk aurreratu dizkiguzun. Proposamen artistikoa garatzeko aukeratutako espazioak noraino baldintzatzen du proposamen bera? Nola planteatu duzu espazioaren erabilera erakusketa honetan?

Espazioa erabakigarria izan da, are gehiago kontuan hartuta lan hau berariaz planteatu dudala aretorako, nahiz eta oso presente egon den gorputzaren eta nire eskalaren erreferentzia.

Bestalde, espazioa zatikatu beharrean, brodatze- eta errezelezko piezen bidez antolatu dut, eta horrela jokatzeak aukera eman dit espazioan zehar zenbait ibilbide sortzeko, piezen arteko lotura ugari ezartzen dituztenak. Horrenbestez, muntaketa bera zenbait kontakizunen elementu eragile bihur daiteke.


Urratsez urrats, aurrera zoaz zure ibilbide profesionalean. Nola baloratzen duzu orain arte egindako bidea? Zure ustez, Euskadiko ikusizko arteen sektoreak zein erronka nagusi ditu?

Orain arte egindakoa positiboki baloratzen dut, eta erakusketa bakoitza ikaskuntza bat da, baina hasiera baino ez da.

Bestalde, oso gai zabala iruditzen zait sektorearen erronkena, eta Euskal Herrian sektorea osatzen duen sarea bezain askotarikoa. Imajinatzen dut gutako askok arazo berberak ditugula, eta bakoitzak gure egoeratik heltzen diegula.


Eta etorkizunari begira, zer plan dituzu? Datozen urteetan, norantz jo nahiko zenuke?

Momentuz, etorkizun hurbilean, egiteko ditudan lan-bideak aztertu eta garatzen hasteko ordua da. Lanean jarraitu ahal izatea da helburua.


(2024ko uztailaren 1ean argitaratutako Berezia)