Akmeka, praktika artistikoaren ikerketa ardatz

  • Akmeka, praktika artistikoaren ikerketa ardatz
    Gabriel Villota, Libe Belandia, Arturo/Fito Rodriguez, Pablo Maravi, Arantza Lauzirika eta Leire Saenz. | Argazkia: Laura Lpez, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Akmeka ikertaldeak praktika artistiko garaikidearekin lotutako gai kontzeptual eta formalak jorratzen ditu, hainbat proiekturen bitartez. VideoFlux da horietako bat. Ikus-entzunezkoen euskal ondarea berreskuratzeko egitasmo horren baitan, bideo esperimentalaren arloko Euskal Herriko artxiborik handiena eta garrantzitsuena egitea lortu du Akmekak. Arte Ederren Fakultateko irakaslea eta Akmeka ikertaldeko zuzendaria da Arantza Lauzirika. Berak eman dizkigu xehetasunak.


Zer da Akmeka ikertaldea? Noiz eta zer helbururekin sortu zen? Nork osatzen du egun?

Taldea Akme izenburuko jardunaldietan egiten dugun lanean oinarrituta dago. Akme (Artea, Kultura eta Medio Berriak) 2004an sortu zen. Bi urtetik behin egiten diren jardunaldi horietan jorratzen diren gaiek praktika artistikoekin zerikusia dute, baina beren ezaugarri espezifikoengatik eta eboluzio etengabeagatik curriculum akademikoan nekez txertatu zitezkeen. 2024an 12. edizioa beteko dute.

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle-, ikertzaile- eta ikasle-talde batek martxan ipinitako proiektua da Akmeka, eta praktika artistiko garaikidearekin lotutako gai kontzeptual eta formalak jorratzen ditu; besteak beste, honako hauek: ekoizpen ez-objektuala, kostu txikiko ekoizpenak, zabor-kultura deritzana, ekoizpen- eta banaketa-bide ez konbentzionalak, kontrakultura eta prekarietatea. Gai horien guztien inguruan azterketak, analisiak, eztabaidak eta trukeak egin dira, eta, gainera, harreman berriak sortu dira eta lan-ildo berriak ireki ditugu.

Ikerketa-taldeak hainbat proiektutan lanean ari ginen pertsonak biltzen ditu.

Akme jardunaldiak abiapuntutzat hartuta eta haren ekimenen inguruan sortutako ikertzaile eta artisten arteko sarean beste hainbat proiektu sortu dira. Harreman, erlazio eta kolaborazio horietatik guztietatik sortu zen Akmeka.

Antzeko proiektuetan lanean jarraitzea da asmoa, baina finantzaketarekin, eta proiektu horiek ikerketa gisa onartuak izatea. Azken hori oso inportantea da guretzat, unibertsitate-komunitateak berak ez baitaki zertan datzan arte-ikerketa.

Momentu honetan taldea EHUko irakasleek (batez ere Arte Ederretakoak), doktoregoa egiten ari diren bekadunek eta kanpoko kolaboratzaileek osatzen dugu. Guztira 18-20 pertsona gara.


Zein dira Akmekaren ikerketa-ildo nagusiak?

Akmeka ikertaldearen kontzeptu eta ardatz nagusiak etengabe kuestionatzen ditugu: noraino iristen den praktika artistikoa bera eta zer-nolako lotura duen testuinguru sozial eta kulturalarekin, batez ere. Honako gai hauei buruzko espekulazio kritikoa egiten dugu: diziplinen arteko mugak, artearen ideia, autoretzaren nozioa eta sorkuntzaren dimentsio kolektiboa. Gainera, espekulazio kritiko horretan unibertsitate-ikerketa eta praktika artistikoa bera ere agertzen dira, ikerketaren objektu eta subjektutzat hartuta. Hori guztia oinarritzat hartuta, hainbat lan-ildo sortzen dira, baina ez ildo autonomo gisa, ezta elkarren artetik bereizitako espazio estanko gisa ere.

Batetik, memoria, artxibo eta testuinguruari lotutako praktika artistikoak daude. Gure memoria, bai banakakoa eta bai kolektiboa, modu askotan eta zenbait geruzatan eraikitzen da; bertan, irudia, hizkuntza artistikoak eta baliabide plastikoak, bisualak eta soinuzkoak eragile aktiboak dira. Talde honetatik esploratu eta aztertzen dugu zer rol jokatzen duen arteak memoria horren (horien) eraikuntzan, bi dimentsiotan: alde batetik, aztertzen dugu nola funtzionatzen duten praktika artistikoek beren imajinarioen sorreran, eta, bigarrenik, artearen artxiboak izaten ditugu aztergai (forma oso ezberdinetan). Azkenik, praktika horien eta euren testuinguruaren (soziala, kulturala, ekonomikoa, politikoa) arteko lotura ere izaten dugu aztergai.

Bestetik, espazio publikoa, elkarlaneko praktikak eta inplikazio soziala jorratzen ditugu, artea espazio publikoan eragina izateko tresna gisa, komunitatea sortzeko eta eragile moduan jarduteko tresna gisa, hau da, artea entretenimendu edo apaingarri huts kontsideratzen duen ikuspegitik urrunduta. Esfera publiko hedatuaz birpentsatzea, hiri- edo natura-ingurunearen alderdi fisikotik hasi eta sareen alderdi birtualera iritsiz, eta memoria ondasun komunal bezala berreskuratzea, kaletik sare sozialetara, diziplinaz gaindiko proiektu artistikoen elkarreragin, aktibazio eta loturaren lekutzat hartuta.

Arte, kultura eta hedabideen jarrera kritiko eta politikoekin lotuta dago beste lan-ildo bat. Konfrontazioa, elkarrizketa eta kritikaren zilegitasun eta eginkizunen birformulazioa praktika artistikoaren alorrean. Donna Harawayren "Cyborg Manifestutik" (1983) "Manifestu Aditibistara" (2017), progresio teknologikotik Maker azoken erregresio ideologikora. Diskurtsoaren galera artearen jardunaren neutralizatzaile gisa.

Horrekin batera, ikus-entzunezkoak, teknologiak, sareak, haien esperimentazioa eta performatibitatea lantzen ditugu. Diziplinaz gaindiko elkarlan- eta esperimentazio-sareak errelatua ikus-entzunezko iruditik berreraikitzen duten elkarlaneko proiektuetan (zinema, bideoa, elkarreragina), edo praktika performatibo eta post-performatiboen erregistrotik (ekintzak, performanceak, proiektu erlazionalak edo komunitateari lotutakoak).

Eta, noski, ezagutza eta kultura askearen inguruan ere aritzen gara. Izan ere, ezin ahaztu dezakegu kulturarako eskuratze-bide demokratikoari eta ezagutzaren zirkulazio askeari buruzko eztabaida, une horretan sortzen ez bada, teknologia digitalen eta internet sarearen agerpenarekin sortzen dela, orduan berreskuratzen baititu egunerokotasun eta protagonismo nabariak hainbat mailatan. Batez ere ekoizpen kultural garaikidearen alorrean. Ildo hori Akmekaren ekoizpen osora hedatzen da, zeharkakotasunez.


Eta ildo horietan, zer-nolako proiektuak garatzen dituzue?

Asko dira, eta oso euskarri ezberdinetan. Errealizazio kolektiboa duten animazio-piezetatik hasi eta mota askotariko proiektuetara. Horien artean, azkenaldian lantzen ari garenak nabarmentzen ditugu:

TXTLab, esaterako, artearen eta testuaren artean sortzen diren loturetarako proba-eremua da. Testu eta artearekin esperimentatzeko espazio hau UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatean 2016az geroztik antolatzen diren "Arteaz Idatzi" jardunaldietatik sortu zen.

Langile Memoriak, berriz, ikuspegi garaikide batetik, langileekin eta lanarekin lotutako gaiei buruz irudi eta testuen bidez hausnartzen duten artista/ikertzaileen ekarpenak jasotzen ditu. Errelatu gurutzatu bat eta ikerketa bat da. Historikoki produktibo eta soldatapekotzat hartzen ziren langile haiekin hasita (gainbalioaren sortzaileak) eta etxeko sistema osoari eusten ziotenengana iritsiz (hau da, ustez produktiboa ez zen lana egiten zutenengana), kontuan hartuta azken horiek langileen atsedena, elikadura eta mantenua ahalbidetzen zituztela, ekoizpen-katera egunero itzuli zitezen. Besteak beste borroka, errebindikazioa, lanaren irudikapena, nagitasunerako eskubidea, elkarteen eraketa, lanaren inguruko komunitatea eta bizitza jorratzen ditu.

Mekarteak ikerketa-proiektua 2016an hasi zen, eta meta-kartografia kritiko bat planteatzen du, hots, Euskal Herriko testuinguru soziokulturalaren mapa bat (batzuk), jadanik existitzen diren mapen eta mapeatzaile berrien lankidetzari esker. Lehenengo edizioa 2017an egin zen, bigarrena 2021an eta hirugarrena martxan dago; 2024ko udazkenean aterako da argitara.

Eta VideoFlux proiektua ikus-entzunezko esperimentalen eta ondare bideografikoaren berreskurapenaren inguruko ikerketa- eta produkzio-eremu bat da.

Aipatutako guztiaz gain, testu kritikoak argitaratzen ditugu eta arte- eta komisariotza-proiektuak egiten ditugu.


Hitz egin dezagun gehiago bideo-sorkuntzako artxiboa berreskuratzeko proiektuaz. Nola jaio zen VideoFlux? Zer biltzen du, zehazki, artxibo horrek?

2017an abiatua, proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende egondako Arteleku (1987-2014) ekoizpen artistikoko zentro ospetsuaren memoria historikoa berreskuratzeko ideiarekin sortu zen, eta, batez ere, bideo-bilduma berreskuratzeko ideiarekin. Artelekuren ikus-entzunezko artxiboa 2011ko uholdeekin desagertu zen, eta zinta analogiko gutxi batzuk eta 2006ko digitalizazio batzuk baino ez dira geratzen. Artelekuk, bere garaian, bi erosketa nagusi egin zituen artxiboa osatzeko: lehenengoa, Estatuan sortutako bideo esperimentala, Bosgarren Kolektiboaren bitartez erosita, eta bigarrena, hainbat adituren aholkuz, nazioarteko bideo-lanak.

Zorionez, fakultatean Bosgarren Kolektiboaren artxibo hori bageneukan, arrazoi ezberdinengatik Tolosako Udalak, bere momentuan, eman zigulako. Gainera, Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateko urteetako ekoizpena ere gordetzen joan gara (espezialitatea 1983tik dago martxan, eta Estatuan aitzindaria izan da). Artxibo honi beste hainbat artista eta ikertzaileren dohaintzak gehitu izan zaizkio.

Guztira, 1970etik 2005era bitarteko Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko artisten bideo esperimentaleko 732 pieza ditugu. Analogikoak dira (U-matic, Betacam eta VHSren bat). Bideo esperimentalaren arloan Euskal Herriko artxiborik handiena eta garrantzitsuena da.


Badirudi bideoak ikus-entzunezko piezak egiteko aukera gizarteratu zuen garaian Euskal Herria eremu oso emankorra izan zela. Zergatik? 

Batez ere Arte Ederren Fakultateko ikus-entzunezkoen espezialitateak bultzada handia eman zion bertoko ekoizpenari. Lizentziatu berriek Gasteizko CINTen (Centro de Imagen y Nuevas Tecnologías, 1988-1996) eta Artelekun bideoarekin lan egiten jarraitzeko aukera zuten. Garai hartan, horrelako hiru baliabide izatea luxu bat zen, Estatuarekin konparatuta.


Pieza horiek artearen historiaren parte dira, garai baten eta gauzak egiteko modu jakin baten lekukoak, eta, beraz, oso material interesgarria eskaintzen dute ikertzaileentzat. Halere, artxibo hori osatzen jarraitu beharko da, ezta? Nolakoa da katalogazio-prozesua?

Momentuz katalogatuta ditugu, eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin 99 lan digitalizatu ditugu. Gainera, 99 lan horien egileekin hitz egin dugu. Falta den guztia digitalizatu behar da, eta artxibo ireki, irisgarri eta bizidun bat sortzea da asmoa. Horretan bakarrik lan asko geratzen zaigu. Unibertsitatearen babesa ezinbestekoa izango da aurrera jarraitu ahal izateko.


Atzera begiratuta, nola baloratzen duzue Akmeka ikertaldeak orain arte egindako bidea? Asko aldatu da ikerketa artistikoaren esparrua urte hauetan?

Eduki aldetik ez hainbeste, modu batean edo bestean guk berdina egiten jarraitzen dugu. 2025era arte gutxienez, lan guztia bideratu ahal izateko finantzaketa izan dugu. Dirurik gabe ikerketa egitea konplikatua da. Bekadunak behar dira, materiala, kanpoko kontratazioak... Egia da aurrekontu oso mugatuekin ere lan egin dezakegula eta baldintza eskasetan lan egiteko gai garela erakutsi dugula; ohituta gaude. Baina arte-lanak eta arte-ikerketa sortzeko, kalitatezkoa behintzat, baldintza egokiak eman behar dira, artegintzaren prekarietate estrukturaletik atera ahal izateko. Bideoaren artxiboaren kasuan, esaterako, finantzaketarik eta lan-espaziorik gabe VideoFlux bezalako proiektu bat aurrera ateratzea ezinezkoa da.


Eta etorkizunera begira, zein dira Akmekaren erronka nagusiak? Proiektu berririk baduzue esku artean?

Une honetan, lehenengo erronka bideo-bildumarekin lanean jarraitu ahal izatea da, UPV/EHUk berak horrelako ondare baten garrantzia uler dezan, eta, unibertsitatea horrelako proiektuak hartzeko prestatuta ez badago ere, etorkizuneko ikertzaileentzat babestu eta gorde dezan. Bildumari bizitasuna eman nahi diogu, halaber, eztabaida-jardunaldien bidez, piezen ikustaldiak programatuz, erakusketen komisariotzak eginez edo, elkarlanean, bildumako piezetatik abiatuta, pieza berriak sortuz. Arte Ederren Museoa edo Artium bezalako espazioak izan daitezke egokienak proiektu-mota horietarako.

Gainera, udazkenean plazaratuko dugun Mekarteak (Euskal Herriko artearen meta-kartografiak) lanaren hirugarren atala lantzen jarraitzen dugu, eta, udazkenerako baita ere, "Arteaz Idazteko" jardunaldien eta Akmeren 20. urteurrenaren antolaketan lanean ari gara. Sortzaile bezala ere, gure burua beti dago martxan, ideietan lanean.


(2024ko uztailaren 3an argitaratutako Berezia)

Kulturklik

  • DataUztailak 3
  • Gaia Ikus-entzunezkoa, Bestelakoak