Doctor Deseo talde bizkaitarra buru-belarri sartuta dago En el brillo de tus ojitos disko berriaren aurkezpenean, eta udazkenerako beste bira bat prestatzen ari da, antzokietan taularatzeko, abesti kabareteroago eta motelagoez osatuta. Francis Díezekin hitz egin dugu.
Maketoen iraultza euskara hutsean egindako zuen lehen diskoa argitaratu eta bost urte geroago hurrengoa sortu duzue, En el brillo de tus ojitos, 18.a. Zergatik orain? Nola jaio zen?
Nik gogoan dudala, lana egiteko oso modu berezia izan dugu beti: disko bat sortu eta bira bat egiten dugu, eta, ondoren, urtebeterako ezkutatu egiten gara bizitza publikotik, plazetatik, pertsona eta musikari gisa eboluzionatzeko, beste lan bat eta beste bira bat sortzeko.
Maketoen iraultza egin genuenean, oso bira berezia egiteko asmoarekin egin genuen, baina pandemia etorri, eta hankaz gora jarri zuen. Horren ondorioz, hiru urte atzeratu zen dena. Disko haren bira amaitu zenean, beste disko bat egiteko garaia eta gogoa etorri zitzaigun, eta horrela sortu zen En el brillo de tus ojitos eta diskoaren inguruko bira.
Diskoari izenburua ematen dion abestia José Hierroren poesia baten hiru lerrorekin hasten da: "Grito ¡Todo!, y el eco dice ¡Nada! / Grito ¡Nada!, y el eco dice ¡Todo! / después de tanto todo para nada" ("Nik oihuka: dena!; eta oihartzunak: ezer ez! / Nik oihuka: ezer ez!; eta oihartzunak: dena! / hainbesteren ondoren, dena ezertarako ere ez"). Zergatik José Hierro? Zergatik hiru lerro horiek?
Gai existentzialak, bizitzarekin eta heriotzarekin zerikusia dutenak, beti agertu dira Doctor Deseoren lanetan. Jakina, urteak pasatu ahala, ezerezari aurre egin behar izateak gero eta garrantzia handiagoa hartzen du sinestun ez garenontzat.
José Hierroren hitzak luzaroan izan ditut buruan bueltaka, eta poema zoragarri horrek, hain zuzen ere "Vida" ("Bizitza") izenekoak, bete-betean jasotzen du sentsazio hori: "después de tanto todo para nada" ("hainbesteren ondoren, dena ezertarako ere ez"). Horrek asko laguntzen dizu bizitza eta existentzia erlatibizatzen.
Aukera hau baliatu nahi dut jende guztiari José Hierroren Cuaderno de Nueva York liburu zoragarria gomendatzeko. Poema handik hartu dugu.
En el brillo de tus ojitos diskoan beste estilo batzuetako doinuak sartu dituzue, inolako lotsarik gabe: trapa, runba, reggaetona eta tex-mexa. Zer dela eta eklektizismo hori?
Nostalgiarako joera handirik gabeko taldea gara. Pop kulturaren zordun gara, hasi Chuck Berry, Fats Domino eta rock and rollarekin eta traparekin, elektronikarekin eta denbora-tarte horretan gertatu diren gauza guztiekin jarraitu dugu. Entzundako guztiarekin egiten dugu jolas.
Talde xurgatzailea gara. Sekula ez dut ulertu jendeak hainbestetan esaten duen "musika hau nire garaikoa da" esaldia. Gure garaia, nik dakidala, hau da, ez dago besterik. Etengabe musika entzuten eta "edaten" ari gara, eta edaten dugunetik sortzen dira gure abestiak. Entzun-nahi horrek bereizten gaitu.
Beharbada, proposamen berrietara irekia dagoen zuen ikuspegi horrek azal dezake nola, berehala itzaltzen diren dirdira handiko izarrek ez bezala, Doctor Deseo taldeak lortu duen betiko jarraitzaile fidelei eustea eta, gainera, belaunaldi berriak liluratzea. Inoiz galdetu diozue zeuen buruari zein den zuen arrakastaren sekretua?
Ez dago sekreturik; edo, guk behintzat, ez dakigu zein den. Baina gauza bat argi dago; dena ematen diogu ofizioari. Gure desioa musika egitea da, musika maite dugu, eta den-dena ematen diogu. Hortik aurrera, ez dakigu ezer gehiago. Ezer jakingo banu, liburu bat idatziko nuke (barrezka).
Bertsioetarako joera handirik ez baduzue ere, En el brillo de tus ojitos diskoan, bat ez, bi abesti moldatu dituzue, eta ez edozein: "Killing Me Softly With His Song", Charles Fox-ena, Roberta Flack-ek ezagutzera emandakoa, eta "Suzanne", Leonard Cohen-ena. Nondik sortu zen abesti mitiko horiek moldatzeko ideia?
Egia da orain arte ez dugula bertsio gehiegi egin; izatez, bi bakarrik genituen: "Ni naiz", Xabier Leterena, eta "Ez nauzu izango berriz", Joy Division-en "Love Will Tear Us Apart" abestiarena.
Bertsio bat egitea pentsatzen dugunean, beti oso lan berezia izaten da: hasteko, saiatzen gara abestia beste lurralde batera, beste leku guztiz ezberdin batera eramaten: abesti horretatik zerk kitzikatzen gaitu, zer esaten digu eta nora garamatza?
Aspaldi genuen Leonard Cohen-en "Suzanne"-ri heltzeko gogoa. Duela asko eskatu genuen bertsio bat egiteko baimena, baina debekatu egin ziguten gaztelaniaz egitea.
Beste lau abestiak zuenak dira. Nola egiten diozu aurre orri zuriari, kontuan izanda 80ko hamarkadaren erdialdetik ari zarela abestiak sortzen, eta batzuk, gainera, jende askorentzat ereserki modukoak direla?
Hasieran, estutu egiten zara. Pentsatzen duzu dena esan duzula, dena kontatu duzula, ukitu beharreko gai guztiak ukitu dituzula. Aurreneko zati hori idorreria izatearen antzekoa da, indarra egin eta indarra egin, eta ez da ezer ateratzen.
Baina hori lehendik ere badakizunez, eutsi egiten diozu, eta, gero, beste fase batean sartzen zara, fase ludikoago batean: taldeko gainerakoekin konpartitzen hasten zara, jolasean, eta konturatzen zara oraindik ere ideia ezberdinak sor daitezkeela, bestelakoak... estimulatzen zaituen zerbait.
Nolabait ere bi fase dira: lehenengoan, estu eta larri zaude; eta, bigarrenean, dena askatu, eta jolasean hasten zara, fase ludiko eta dibertigarria da.
En el brillo de tus ojitos César Ibarretxek ekoitzi du, eta bi kantatan Aiora Renteriak (Zea Mays) parte hartu du.
César Ibarretxe herri honetan lanean denbora gehien daraman teknikarietako bat da; seguruenik, soinuaz gehien dakienetako bat. Césarrekin lan egiteak gustua ematen du, zeren eta oso ondo ezagutzen gaitu. Maketen fasean gaudenean eta etxean elkartzen garenean, oso ondo ulertzen ditu gure maniak, gure esajerazioak, gure puntua, zer lortu nahi dugun. Beti dagokigun lekuan jartzen gaitu. Musika bere lekuan jartzen du, guk benetan irudikatu dugun bezala. Egia esateko, pixka bat harago ere eramaten du. Gozamen hutsa da.
Eta Aiora Renteriaren lankidetzari dagokionez, zer esango dut? Izugarrizko zortea da tarteka harekin lan egin ahal izatea. Benetako plazera.