Ekainaren 19an inauguratu zuten, Errenterian, Agustinak Zentroa, kultura- eta sormen-industrien arloko proiektuen jasangarritasun ekonomikoa indartzeko baliabideak, ekintzailetzarako ekosistema oso bat eta sektoreko proiektuekin saretzeko aukerak eskaintzen dituen gunea. Esti Susperregi zuzendariarekin hitz egin dugu, egitasmoaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.
Zer da Agustinak Zentroa? 2016an Torrekuan martxan jarritako Habian! sormen- eta lankidetza-inkubagailuaren jarraipena da, hein batean?
Agustinak Zentroa kultura- eta sormen-industrian (KSI) espezializatutako gunea da, irekia eta dinamikoa, sektoreko proiektuekin, enpresekin eta eragileekin batera proiektu berriak sortu, saretu eta elkarrekin hazteko. Horretarako, kultura- eta sormen-arloko diziplina anitzeko elkarlan ekosistema eta sektoreko ekintzaileentzako eta enpresentzako tresna eta baliabide erabilgarriak eskaintzen ditugu.
Habian!en lan egin dugun 8 urte hauetan, proiektuak inkubatzen lagundu dugu, profesionalizatzen joan zitezen eta ekonomikoki jasangarriak diren enpresak bihur zitezen. Handik ezagutzak eta esperientziak ekarri ditugu Agustinak Zentrora. Orain, eskaintzen ditugun programen barruan sartzen da inkubazioa, eta zerbitzuak zabaltzen ditugu: besteak beste, pertsonak eta enpresak orientatzeko informazio-zerbitzua, ideia berriak garatzeko ekintzailetza-programak eta lehen urratsak areagotzeko azelerazio-programak eskaintzen ditugu, eta jada sektorean finkatuta daudenei ere laguntza ematen diegu.
Nori dago zuzenduta? Zer zerbitzu eta baliabide eskaintzen du? Arreta euskaraz ere jaso daiteke?
Kultura- eta sormen-sektoreko lana beren bizibide bihurtzeko helburua duten pertsonei zuzenduta dago eta, era berean, beren jarduera hasi berri duten eta garatzen joateko baliabideak behar dituzten pertsonei eta enpresei, baita beren egoera hobetu nahi duten eta dagoeneko finkatuta dauden proiektuei edota enpresei ere.
Egoera bakoitza aztertzen dugu, arreta pertsonalizatuan eta hurbilean oinarritutako ibilbide-orria eta aukeren proposamenak eskainiz, hala nola, ideia berriak garatu nahi dituen ekintzaileentzat proiektuak definitzeko aholkularitza ematen dugu, ideiak bideragarri bihurtzen lagunduz. Inkubazioan, ekintzaileei eta enpresa berriei hasierako etapetan behar diren lan-espazioak eta akonpainamendua eskaintzen diegu, azelerazio-programan parte hartzen dutenentzat garapen eraginkorra bultzatzeko mentoretza, lan egiteko espazioak edota finantzaketa bilatzen laguntzen dugu, eta sektorean finkatuta daudenekin haien egoeraren diagnostikoak egiten ditugu, hazteko eta egonkortzeko helburuak eta jarduerak zehaztuz.
Bestalde, profesionalizaziorako prestakuntza-programak, topaketak, ekitaldiak eta dinamizazio-jarduerak eskaintzen ditugu.
Ezin dugu ahaztu gure helburuetako bat sektorea saretzea dela, eta, horretarako, lehen aipatutako ekintzak egiteaz gain, sektorean dauden pertsona, enpresa eta eragileak konektatzen ditugu, lankidetza eta elkar-hazkundea sustatuz.
Agustinak Zentroan, tokiko hizkuntza eta kulturarekiko konpromiso berezia dugu. Horregatik gure zerbitzu guztiak euskaraz jaso daitezke.
Agustinak Zentroa espazio bat baino gehiago dela esan zenuen aurkezpenean, eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak "ekosistema oso baten katebegi" gisa definitu zuen. Zer suposatzen du Agustinak Zentroak Errenteriarentzat, Oarsoaldearentzat eta, oro har, Gipuzkoarentzat?
KSI sektore estrategikoa da garapen sozioekonomikoaren ikuspuntutik ere Errenteriarentzat eta Oarsoaldea eskualdearentzat. Sektorean espezializatutako espazio honekin, horren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, baina espazioan irabazteaz gain, anbizioan ere jauzi bat eman nahi dugu, sektorearentzat eraginkorragoak eta topaleku bat izan nahian, sinergia eta lankidetza gehiago sortzeko, sektorea bera balorean jartzeko eta Gipuzkoarako begirada zabalduz. Horrela, KSI sektorean enpresa berriak eta enpleguak sortu, eta bertako enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzen laguntzeko tresna izan nahi dugu.
Nolakoak dira lan egiteko guneak? Nork erabil ditzake? Zer egin behar da horretarako?
KSI sektorearen hainbat beharretarako diseinatutako espazioak eskaintzen ditugu. Ehungintzan eta bitxigintzan makineria duten lan-tailer irekiak daude, baita mahaiz eta aulkiz hornitutako lan-espazioak ere, Interneterako sarbidearekin. Badira, halaber, giro lasaian lan egiteko espazio ezin hobeak, naturaz inguratutako terraza batera sarbidea dutenak atsedenaldietarako. Badira aurkezpenetarako eta bileretarako telebistaz hornitutako aretoak ere. Gainera, topaketetarako, aurkezpenetarako, erakusketetarako eta prestakuntza-saioetarako bi espazio zabal daude, argitsuak eta moldakorrak, hainbat ekitalditarako egokiak.
KSIen eremuan lan egiten duten edo lan egin nahi duten pertsonentzat alokairuan eskaintzen ditugun espazioak dira. Halaber, eskura jarriko ditugu urteko abonuak, urte osoan erabili nahi dutenentzat. Interesa duen edonork jo dezake guregana agustinakzentroa@oarsoaldea.eus helbidera idatziz edo 943494129 telefonora deituz.
Jada hasiak dira batzuk Agustinak Zentroan lanean. Zein diziplina hartzen dituzte proiektu horiek? Zer aukera eskaintzen du askotariko giro horrek?
Agustinak Zentroan lan egiten ari diren enpresa-proiektuek hainbat diziplina jorratzen dituzte, hala nola, moda eta argazkigintza, bideojokoak, multimedia, interaktibitatea eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia. Askotariko eta elkarlaneko giro horrek aukera paregabea eskaintzen die: hainbat arlotako profesionalen artean elkarreraginak, harremanetarako sareak, lankidetzak eta proiektu-aukerak sortzea errazten du, ideien eta ezagutzen trukea sustatzen baitu, lan-esperientzia aberastuz.
Bestalde, fase desberdinetan dauden proiektuez eta/edo enpresez osatutako ingurune profesional batean egoteak ispilu-lana egiten du, eta, horrela, bakoitzak bere burua gainerako proiektuekiko erreferentziatzen du. Era berean, gauzak beste modu batera egin daitezkeela ikusten laguntzen du.
Kultura- eta sormen-industrietako eragile estrategikoekin lankidetza abiatu duzue. Esaterako, hitzarmenak sinatu dituzue EIDErekin eta DANTZAZekin. Diseinuaren eta dantzaren sektoreak profesionalizatzeko beste urrats bat da? Elkarlana ezinbestekoa da era honetako proiektu batean, ezta?
Hala da, lankidetza-hitzarmen horiek urrats esanguratsuak dira dantzaren eta diseinuaren sektoreak profesionalizatzeko eta kultura- eta sormen-ekosistema indartzeko bidean. Konpromisoa hartzen dugu elkarrekin lan egiteko, ekintzailetza, berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko duen ingurune bat sortzeko eta, horrela, eskualdearen eta lurraldearen garapen sozioekonomikoan laguntzeko.
Formakuntza-saioak ere jarri dituzue martxan, hainbat elkarterekin batera. Nolako saioak dira? Norentzat daude pentsatuta? Non lor daiteke ikastaro horiei buruzko informazioa?
Profesionalizazioaren bidean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektoreak prestakuntza jaso ahal izatea proiektuen lehiakortasuna hobetzeko funtsezkoak diren esparruetan, hala nola, trantsizio digitala, proiektuen sostengarritasuna eta nazioartekotzea. Oraingoz presentzialak izan daitezen antolatu ditugu, iruditzen zaigulako formatu horrek kontaktuak sortzen laguntzen duela; nolanahi ere, online prestakuntzak antolatzeko asmoa ere badugu, formula horren bidez formakuntzara sarbidea errazten baita. Prestakuntza horiek KSI sektorean ibilbide profesionala hasi nahi duten pertsonentzat, berriki hasi berri dutenentzat eta lanean urte asko daramatzatenentzat balio dezakete. Informazio guztia agustinakzentroa.eus helbidean aurki daiteke.
Prestakuntza horietako batzuk esparru bakoitzean espezialistak diren erakundeekin batera antolatu ditugu: Acelera pyme eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala —Europar Batasunak, Espainiako Gobernuak, red.es-ek eta Europako Funtsak finantzatuta— K Bulegoa, Gipuzkoako Bazkundea eta Basque Trade and Investment.