Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozola: «Argitaletxe bat edukitzearen gauzarik politenetako bat da, gurea bezalako argitaletxeen kasuan behintzat, beti ari zarela gauzak ikasten»

  • Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozola: «Argitaletxe bat edukitzearen gauzarik politenetako bat da, gurea bezalako argitaletxeen kasuan behintzat, beti ari zarela gauzak ikasten»

Gustavo Puerta Leissek eta Elena Odriozolak Ediciones Modernas El Embudo sortu zuten 2019an. Haiekin hitz egin dugu, hainbat gairi buruz: nola ezagutu zuten elkar, zer dela eta erabaki zuten proiektua martxan jartzea, nola lan egiten duten, nola ulertzen duten haur-literatura, zein lan argitaratu dituzten azken urte hauetan, eta zein dituzten orain esku artean.


Elena, nondik datorkizu marrazteko zaletasuna? Eta nola egin zenuen jauzi ilustrazioaren mundura? Hasierako urte haietatik, zer gogoratzen duzu?

Nire etxean beti sustatu izan da marrazkigintza. Nire aita zalea zen, eta ezagutu ez nuen aitonak ere, amaren aitak, marraztu egiten zuen.

Bigarren eta hirugarren galderei dagokienez, ea labur azal dezakedan... Uste dut beti jakin izan dudala zer egin nahi nuen, baina 21 urte bete nituen arte ez nintzen konturatu. Orduan erosi nuen lehenengo liburu irudiztatua (etxean asko nituen, baina gurasoek erositakoak edo oparitutakoak ziren).

Beti pentsatu dut gauzak dagokien unean gertatzen direla, ez direla behartu behar. Uste dut ez dela berdin gertatzen pertsona ororen kasuan, baina garrantzitsua dela norberak nola funtzionatzen duen jakitea. Beraz, urte batzuk eman nituen publizitate-agentzia batean, eta asko ikasi nuen han. Baina, prest nengoenean, itxi egin zuten agentzia. Eta etxera joan nintzen, lanik gabe, zer egin nahi nuen argi nuela. Ordurako irudiztatuak nituen ikasliburu batzuk, bai eta Elkarrentzako pare bat ipuin ere. Agentzia utzi nuen, eta lanak eskaintzen hasi zitzaizkidan... Gaur arte.

(Así me lo contaron, así te lo cuento liburuko irudi bat: Maitagarriak)


Badakigu ez duzula gustuko sari eta errekonozimenduei buruz hitz egitea, baina gaur egun nazioartean oihartzun handiena duten ilustratzaileetako bat zara. Ibilbide luzea duzu: ehun literatura-obratik gora irudiztatu dituzu, eta lan guztietan utzi duzu zure kutsu berezi hori. Askotariko autoreen obrak izan dira: Mary Shelley, Leon Tolstoi, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta... Nola prestatzen duzu proiektu bakoitza? Oso desberdina al da publiko batentzat edo bestearentzat irudiztatzea?

Niretzat ez dago alderik; testuak eramaten nau gauza batera edo bestera... Eta guztiak gozatzen ditut modu berean.

Prozesua antzekoa izaten da beti. Testua irakurtzen dut, kontatzeko zerbait dudan aztertzen dut (eta, hala ez bada, alde batera uzten dut), eta pentsatzen hasten naiz. Oro har, horrek eskatzen du denbora gehien: jakiteak zer kontatu behar dudan eta nola. Behin hori argituta, marrazten hasten naiz. Ez dut aurretiazko zirriborrorik prestatzen, ez dut pertsonaia-probarik egiten... Arkatza hartzen dudanean badakit, gutxi gorabehera, zer egingo dudan, bai eta kontatu nahi dudan horretarako zein den teknikarik egokiena ere.

(Así me lo contaron, así te lo cuento liburuko irudi bat: Edurnezuri)


Zu, Gustavo, filosofiatik zatoz, eta kritika literarioan aritu zara. Gainera, lau urtez kultura-kazetaritzaren arloko ¡La leche!  aldizkariko zuzendaria izan zinen. Nondik sortu zitzaizun haur-literaturarako interesa?

Gustuko dut haurrek mundua ikusteko duten modua: beren buruari egiten dizkioten galderak, haien kuriositatea, eta harritzeko duten gaitasuna. Egia da nire berezko arloak "serioagoak" direla, hala nola filosofia, literatura-kritika, kazetaritza... Baina horietako bakoitzean aurkitzen dut jolasa, plazera, ulertzeko ahalegina. Haurrak nire solaskide naturalak dira. Oso gustura entzuten eta ikusten ditut, baita haiekin hitz egin ere. Nerabea nintzenean, konturatu nintzen erraz komunikatzen nintzela haiekin, nire lagunak ez bezala; entretenitzen ninduten, eta, batez ere, mundua ikusteko zuten modua interesatzen zitzaidan. Interes horrek haur-literaturaren esparrura eraman ninduen, eta, iruzurti ugari aurkitu banituen ere, haurrenganako benetako interesa erakusten duten helduak ere aurkitu nituen.


Nola ezagutu zenuten elkar?

GUSTAVO: Elena ezagutu aurretik, haren ilustrazioak ezagutu nituen. Juan Kruz Igerabideren Botoi bat bezala (Anaya) liburuxkan izan zen. Orduan Venezuelan bizi nintzen. Nork esango zidan egunen batean jenio hauekin lan egingo nuela! Urte batzuk geroago, Espainian bizi nintzela, Elenari deitu nion El cultural aldizkarian argitaratu nuen pieza txiki baterako elkarrizketa egiteko. Handik hilabete batzuetara, Elena Madrilera etorri zen; liburu bat aurkeztera, uste dut. Hara joan nintzen ni, alaba haur-kotxean hartuta. Aurtengo udan, Juliak 19 urte beteko ditu.

ELENA: Nire lanen erakusketa baten inauguraziora joan nintzen Madrilera, Sinsentido espaziora. Eta "jenioak" esan du, badakielako ez zaidala gustatzen. Probokatu zalea da bera, eta, beharbada, niri probokazioan sartzea gustatzen zait.


Eta 2019an Ediciones Modernas El Embudo argitaletxea sortzea erabaki zenuten. Zergatik?

GUSTAVO: Hiru arrazoirengatik: ideia ugari genituelako eta ez zegoelako haien alde apustu egiteko prest zegoen editorerik; elkarrekin lan egitea maite dugulako; eta ez genekielako zer zetorkigun.


Zuen proiektuek haurtzaroa eta haur-literatura ulertzeko beste modu bat eskaintzen dute. Gainera, zuen abentura Sentimientos encontrados izeneko liburuarekin hasi zen, eta, a priori, apustu arriskutsua zirudien. Nondik edaten dute zuen proiektuek? Nolakoa da zuen lan-prozesua?

GUSTAVO: Niretzat, liburu bakoitzak historia eta jatorri oso berezia du.

Sentimientos encontrados, adibidez, galdera honetatik dator: «Zertan dira desberdinak angustia eta antsietatea?».

Alejandro Casonaren eta Rivero Gilen Flor de leyendas liburuaren abiapuntua zera izan zen: umetan irakurritako liburu bat berriz ere esku artean hartu nuen (ahaztua nuen; hiru hamarkada baino gehiago ziren ikusten ez nuela), eta sekulako zirrara sentitu nuen, ondo baino hobeto gogoratzen bainituen istorioetako asko eta ilustrazio guztiak.

Pía eta Juliana Salcedoren Así soy yo eta Juan Kruz Igerabideren Begi bat kokotean liburuen abiapuntua bestelakoa da: lehenengoaren kasuan, haurrek nola ikusten duten mundua, eta bigarrenaren kasuan, berriz, helduek nola gogoratzen duten umetan ikusten zuten mundua.

Rodorínen Hagamos títeres de cachiporra liburuaren kasuan, abiapuntua da titiriteroa izan nahi nuela, eta liburua editatzen eman nituen bi urteetan, hein batean, hala izan nintzen.

ELENA: Gustavoren azalpen zabalaren ondoren, ezer gutxi esan dezaket. Gustavo editorea da, eta ni ilustratzailea. Inoiz ez dut besterik nahi izan (eta esango nuke horixe dela Gustavoren kasua ere, baina egunen batean ezustekoa hartuko dut agian). Liburu ugari proposatu dizkit Gustavok, eta gogo handiz egingo nituzke... «Eta baldin eta...» esaldiarekin hasten dira proposamen asko, eta gehienak (ez guztiak) izaten ditut gogoko. Arazoa da ez dugula guztiak egiteko denbora nahikorik.