Zigor Anguiano Calzada koadernatzaileak (Vitoria-Gasteiz, 1975) kutxa bat eraiki du A Picasso libururako, zeinak duela gutxi Ondoen Editatutako Liburuaren Sari Nazionala irabazi baitu "Bibliofilia" kategorian. Berarekin hitz egin dugu hastapenez, bere ibilbideaz, uki daitekeenaren balioaz eta lanbidearen etorkizun zalantzagarriaz, besteak beste.
Nola iritsi zinen koadernatzearen mundura? Noiz eta zergatik erabaki zenuen zure tailerra sortzea eta koadernatzean profesionalki aritzea?
1999an hasi nintzen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan trebatzen. Nire aitona eta haren anaia koadernatzaileak izan ziren, eta haien lanbidea ezagutu nahi izan nuen. Denborarekin, gustatu egin zitzaidan, eta 2010ean tailer txiki bat prestatu nuen nire etxean. Pixkanaka-pixkanaka, nire lanarekiko interesa zuen jendea zegoela ikusi nuen, eta albumak, liburuak eta abar enkargatzen zizkidatela, eta, horrela, 2015ean, tailerra irekitzea erabaki nuen, eta esklusiboki koadernatze-lanbidean aritzea.
(Gasteizko Nueva Fuera kalean kokatutako tailerraren kanpoaldeko bista)
Baina zure lana ez da koadernatzea bakarrik. Zer beste egiten duzu? Zer proiektu-motarekin gozatzen duzu gehien? Zer da agindu dizuten gauzarik bitxiena?
Tailerrean, artisau-koadernatzearekin eta kartoiarekin lotutako mota guztietako lanak egiten dira; koadernoak, albumak, era guztietako liburuak, karpetak, kutxak...
Era askotako ikastaroak ere ematen ditut, edonork koadernatzen ikas dezan edo lanbidean treba dadin.
Arte-koadernatzearekin gozatzen dut gehien, koadernatzeari askoz ere ikuspegi sortzaileagotik heltzeko aukera ematen baitit.
Enkargu berezi asko egin dizkidate, baina, gehiegi ez urruntzeagatik, esango dizut orain artista batekin ari naizela lanean formatu handiko kutxa sorta batean; obraren beraren parte dira, eta ikusgarriak izango dira.
(Ulises, James Joycerena)
Hainbat liburu koadernatu dituzu, hala nola: José Emilio Pachecoren Como la lluvia, Ana María Matuteren Paraíso inhabitado (lan horri esker, 2011n Kultura Ministerioaren Arte Koadernatze Onenentzako Saria jaso zenuen, baina gehiagotan ere egon izan zara lehen postuetan), Charles Baudelaireren Las flores del mal, Boris Pasternaken Doctor Zhivago edo Johann Wolfgang von Goetheren Fausto. Zer da garrantzitsuena horrelako koadernatzeetan?
Liburu horien guztien koadernatzea lehen aipatu dudan arte-koadernatzearen kategoriakoa da. Liburu horiek teknikoki oso ondo eginda egon behar dute, eta, gainera, sormen-lana daukate azalen diseinuan. Sormen-alde hori hainbat material (larrua, papera...) eta teknika (mosaikoak, tindatuak, transferra...) erabilita egin daiteke, eta liburua obra berdingabe bihurtzen dute.
(Paraíso inhabitado, Ana María Matuterena)
Beste artista eta proiektu batzuekin ere lan egiten duzu. Duela gutxi, Madrilgo Summa argitaletxeari Ondoen Editatutako Liburuaren Sari Nazionala eman diote, "Bibliofilia" kategorian, zuk lan egin duzun A Picasso liburuagatik. Zer eskatu zizuten zehazki?
Summa Editorial argitaletxearekin lan asko egin ditut azken urteotan, bai arte-koadernatzeak, bai bibliofiliako edizioetarako kutxak.
Kasu honetan, kutxa bat eskatu zidaten, Ondoen Editatutako Liburuaren Sarira aurkezten zen obra osoa jasotzeko. Obrak honako osagai hauek ditu: liburua bera, liburua gordetzeko kutxa eta liburua erakusteko metakrilatozko idulki bat. Nik egindako kutxan hori guztia zegoen, modu dotorean babestuta.
Birtuala fisikoari gailentzen zaion garai honetan, uki daitekeena defendatzen duzu eta, erabili eta botatzeko modaren aurrean, objektu berdingabeak sortzen dituzu. Esklusibotasun horrek ezartzen al du diferentzia inprenta industrialen aldean?
Bai, egia da birtualak gauza asko errazten dizkigula, baina, beste alde batetik, alfer bihurtzen gaitu. Garrantzitsua da objektuei balioa ematea, bai eta horiek egiteko behar den denborari eta ahaleginari ere; izan ere, objektu fisikoak iraun egiten du, eta harekin ezartzen den harremana ez da birtualarekin gertatzen.
Koadernatzailearen lanak merezi duen aintzatespena duela uste duzu?
Koadernatzailearen lanbidea oso ezezaguna da; jendeak ez daki oso ondo zenbat gauza egin daitezkeen tailerrean. Nik jendea animatzen dut, sartzera eta galdetzera.
Aurreratu duzunez, ikastaroak eta hitzaldiak ere ematen dituzu. Zein da bertaratzen diren pertsonen profila? Zer bilatzen dute?
Mota guztietako pertsonak etortzen dira: batzuek beren liburuak koadernatzen ikasi nahi dute, eta beste batzuek proiektu pertsonal bat dute eta eurek koadernatu nahi dute. Koadernatzaileentzako ikastaro espezializatuagoak ere eman izan ditut, teknika zehatzak hobetzeko.