Irailekoak egitasmoari esker, Itsasuko herria euskal poesiaren hiriburu bilakatuko da bi egunez, hain zuzen, irailaren 28an eta 29an. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du bigarrenez Lapurdiko txoko eder horretan. Itsasuko Herriko Etxearekin batera egin du, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
Aurtengo jaialdia (iazkoa Lekeition antolatu zen) irailaren 28an, egun osoz, eta 29an, goizez, izango da, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko du bertan. Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu gaur, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan eginiko prentsaurrekoan: «Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini —plaza bizi eta erakargarri bat— beraien lanak ezagutarazteko». Bestetik, zera azpimarratu nahi izan du Urrutiak, hots, Euskaltzaindiak euskal kultura sustatzeko duen joera berezkoa: «Norbaitek esan lezake honelako ekintzak antolatzea ez dela Euskaltzaindiaren funtzio berezkoa, printzipioz berari dagokionari ekin beharko liokeela, hau da, hiztegigintzari, lexikografiari, toponimiari eta abarri... Eta horretan bagabiltza. Baina gogoratu behar da, baita ere, Akademiak betidanik izan duela euskal kultura sustatzeko bokazioa eta grina, bere hastapeneko helburuetatik gaurdaino. Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi antolatu zituen bere garaian Akademiak; besteak beste, EIZIEren eta Euskal Idazleen Elkartearen sorrerak bultzatu zituen, euskarazko lehen agiriak banatu zituen, eta abar. Beraz, erabat naturala da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak bezalako egitasmo bat antolatu eta sustatzea. Beste horrenbeste esan daiteke Bilbon antolatzen dugun Lautan Hiru antzerki-jaialdiari buruz ere».