Ginmusica eta Donostia Kulturaren eskutik, soinu urbanoei eskainitako zuzeneko bi gau izango ditu Donostikluba Festibalaren hemeretzigarren edizioak. Urriaren 11n Parkineos eta Giovaaz arituko dira; hilaren 12an, Rebe eta LaMia Mari. Emanaldi biak 21:00etan hasiko dira eta sarrerak irailaren 5ean jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, Donostia Kulturaren ohiko kanaletan (Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatilak eta www.donostiakultura.eus/sarrerak gunea).
Parkineos Espainiako harcore rave kulturatik sortutako proiektua da, nahiz eta bere musikak hainbat musika-estiloren eragina izan (rawstyler, hardtek, frenchcore, happy hardcore, trap, hyperpop eta abar). 2023a 40 bat kontzerturekin itxi ondoren, 2024ko lehen zatia Dosis Tourarekin pasa du, 10 bat emanaldirekin.
Pueblan (Mexiko) jatorria duen eta Donostian bizi den DJ da Giovaaz. 2022an ekin zion bere ibilbideari, Berlingo clubbing eszenaz maitemindu zenean. Bere zainetan duen esentzia latinoak markatzen du artista gisa. Bere energia munduan barrena garraiatu du: Alemania, Hego Korea, Thailandia eta abar.