Tene Mujika beka 2024

  • Tene Mujika beka 2024

  • Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Euskal Herriko historia hurbila sustatzeko konpromisoa berretsi dute, beste urte batez. Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan, 6.000€tik 8.000€ra zabaldu da bekara bideratutako dirulaguntza

Tene Mujika bekaren XIX. ediziorako eskabideak aurkezteko epea zabaldu du Debako Udalak, Elkar argitaletxearekin batera. Deialdi honen helburu nagusia da Euskal Herriko historia hurbilarekin zerikusia duten gaiei buruzko euskarazko literatur sorkuntza sustatzea. Gainera, aurtengo edizioan, 6.000€tik 8.000€ra zabaldu da bekara bideratutako dirulaguntza.

Hala, Tene Mujika beka Euskal Herriko azken 60-70 urteetako pertsona, talde, gertaera edo mugimendu garrantzitsuen bizitzan sakonduko duten euskarazko lanak sortzera zuzenduta dago. Onartutako modalitateetan jasoak daude, esaterako, biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakera, elkarrizketak edo ikerketak. Eduki aldetik, idatziak ezin du fikziozkoa izan, baina garapenean lanketa literarioa egitea posible da. Lanek, noski, orijinalak eta argitaragabeak izan behar dute.

Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a izango da. Parte-hartzaile bakoitzak idazlearen curriculum labur bat, proiektuaren deskribapena (3 eta 6 orrialde artekoa) eta 15 eta 20 orrialde arteko lagin bat  aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz euskara@deba.eus helbidera.

Sariduna epaimahai bitartez erabakiko da, Kristina Berasain, Eneko Bidegain eta Cira Crespok osatuta. Testuaren kalitatea eta proposatutako gaiaren interesa baloratuko dira nagusiki. Epaia 2025eko urtarrilaren 10ean jakinaraziko da eta aurkeztutako proiektuetako bat ere ez bada espero den kalitate-mailara iristen, epaimahaiak deialdia bete gabetzat emango du.

Irabazleak urtebeteko epea izango du lan osoa entregatzeko. Hala, bekaren zenbatekoaren erdia jasoko du izendatua izatean, eta gainerakoa azken lana entregatu eta epaimahaiak onartzean. Elkar argitaletxea arduratuko da argitalpenaz, sarituarentzat ohikoak diren egile-eskubideak bermatuz.

Deialdi honek Debako Udalak eta Elkarrek kultura eta euskara sustatzeko duten konpromisoa berresten du, Euskal Herriko historia hurbila ezagutzen lagunduko duen literatura sortzea bultzatuz.

Oinarriak

www.deba.eus

  • Epea 2024(e)ko Irailak 19(e)tik 2024(e)ko Abenduak 9(e)ra
  • EntitateaDebako Udala, Elkar
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaLiteratura
  • JardueraSorkuntza
  • Harremanaeuskara@deba.eus

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.