BIME musika-industriaren nazioarteko topaketa erreferenteak gaur emango ditu BIME Live jaialdiaren xehetasunak; izan ere, ehun jarduera baino gehiago antolatuko dira hiriko areto eta gune esanguratsuenetan, urriaren 24tik azaroaren 2ra arte.
BIMEren hamabosgarren edizioa da hau, eta talentu hasiberri disruptiboak eta nazioartean proiekzio handiena dutenak ezagutarazteko showcaseen programazioaz gain, sorkuntzaren beste diziplina batzuetako jardueren eskaintza zabala egingo da, hala nola zinema, dokumentalak, literatura edo argazkigintza. Sarrera libreko programazioa izango da musikazale guztientzat, Bilboko erdialdean bertan kultur proposamen aberatsa eskainita.
GORABIDEAN DOAN TALENTUA ENTZUNGAI BIME LIVE JAIALDIAN
BIME Live jaialdiaren barruan, urriaren 29tik 31ra bitarte, 90 showcase baino izango dira hainbat herrialdetako artistekin, hala nola Alemania, Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia, Espainia, Hungaria, Mexiko, Herbehereak, Palestina, Peru, Portugal, Dominikar Errepublika eta Venezuela.
Hiri areto garrantzitsuenetan, askotariko musika-estiloak eta egungo musika-panoraman gorabidean doazen talentuak ezagutzeko aukera izango dugu. Proposamen ugari izango dira, hala nola Portugaleko Bad Tomato (PT) talde gaztearen groove dantzagarrien eta post-punk energiaren fusioa; Çantamarta (ES/VE) taldeak latinoamerikar karibeko eraginekin ezin dotoreago uztartzen dituen Hip Hop, elektronika eta R&B estiloak; EZEZEZ (ES) euskal taldearen underground ukitua eta sormena; J Noa (DO) raperoaren lirismo gordina eta bertso zorrotzak; edo Juanpalitoschinos (MX) mexikar bikoaren melodia gogoraerrazak eta iragaren eta etorkizunaren arteko fusioa.
Zerrenda horri honako izen hauek ere gehitu behar zaizkio: Maestro Espada (ES), Murtziako kuadrillen azentua elektroniko futuristarekin eta folklorearekin fusionatzen duen bikoa; LosPetitFellas proiektuan makina-gidari den Nicolai Fella (CO) errimari, argonauta eta MCa; Txiletik datorren Oye, Elizabeth (CL) pop alternatiboko taldea; edo arcade punk doinuak eta sintetizadore itsaskorrak egiten dituen Sistema de Entretenimiento (ES) taldea, besteak beste.
BIME Live jaialdiko showcaseak iberoamerikar agertoki garrantzitsuenetako bat dira etorkizunean arrakasta-zerrendetan eta nazioarteko agertokietan jo ta su arituko diren artistak ezagutzeko. Musikaren ospakizun honek talentu artistiko berriaren alde egiten du, publiko orokorrari sarrera librea eskainita (edukiera mugatua du, eta akreditatutako profesionalek dute lehentasuna), eta Bilboko Udalaren laguntza izateaz gain, eragile eta organismo askok ere parte hartzen dute bertan: ICEX-Sounds From Spain, Sociedad de Artistas, Intérpretes o Ejecutantes (AIE), BASQUE.MUSIC., Navarra Music Commission, Catalan Arts, Agencia Andaluza de Instituciones Culturales, Institut d'Estudis Baleàrics, Instituto de las Industrias Culturales y las Artes (Murtzia), Ministerio de las Artes, las Culturas y los Saberes (Kolonbia), Ministerio de las Culturas, las Artes y el Patrimonio (Txile), Initiative Musik, Portugaleko enbaxada, Why Portugal, Dutch Music Export, Keychange, Factor Canadá, Hungarian Oncoming Tunes (HOTS); era berean, komunikabideen eta marken babesa ere badugu: ADA, edo NPR ALT.Latino besteak beste.
MUSIKAZ HARATAGO DOAN PROGRAMAZIOA
Kultura- eta sormen-ekosistema sendo bat lortzeko eta sustatzeko lan egiteko konpromisoaren ildotik, BIMEren aurtengo edizioan tokiko, nazioko eta nazioarteko kultura-ekimenekin lankidetzan antolatutako jardueren eskaintza zabala aurkeztuko da, musika bestelako diziplina artistikoekin uztartuta, urriaren 24tik azaroaren 2ra bitarte. Besteak beste, argazkigintzako tailer bat Jon Rodriguez profesionalarekin; DJen tailer bat Dabadaba aretoarekin elkarlanean; hainbat proiekzio, hala nola Anthony Lapia zuzendariaren "After" eta Gaspar Noé zuzendariaren “Climax”, Filmin etxeari esker; Roberto Mosok “Puto Boomer” liburua aurkeztuko du; BIME Luthier Show artisau-azokaren lehen edizioa; eta programazioaren barruan sartzen diren beste hainbat jarduera, hala nola Biniloaren Nazioarteko Azoka, edo Guggenheim Bilbao Museoaren ART&MUSIC zikloa, Kutxabankek babestua, Rita Payés artista kataluniarrarekin.
Gainera, aurten ere, Donostia Zinemaldiarekin kolaborazioa egingo du BIMEk, irailaren 24ko solasaldiaren bitartez. Harto Rodriguez, Yerai Cortés eta Antón Álvarez (C. Tangana) solasean arituko dira Álvarezen La guitarra flamenca de Yerai Cortés filmaren inguruan; izan ere, Álvarezen opera prima izaki, Zinemaldiko New Directors sailaren inaugurazioan izango da ikusgai. Irailaren 25ean, Tabakaleran izango den Keler Topagunean ere izango du tartea BIMEk. Networking gune bat Zinemaldian akreditatuta daudenentzat, honako hauen musika-proposamenak ezagutzeko: Puñales, Gonz.ne, Divorce From New York eta Gela.
INDUSTRIAKO AHOTS NAGUSIAK BIME PRON BAT EGINIK
BIME Pro ekimenaren barruan, Bilboko Euskalduna jauregian egingo diren hitzaldien egitarauari gehitu zaizkion izenak aurkeztuko dira gaur: Kase O (ES) raperoak, Nicolai Fella (CO) kolonbiarrak eta J Noa (DO) dominikarrak rap musikaren iraganari, orainaldiari eta etorkizunari buruz hitz egingo dute; Villano Antillano (DO) artista; latinezko musikan emakumeen diskurtsoaren etsipenari buruz hitz egingo duen elkarrizketan; Ana Tijoux (FR/CL), sustapen-formatu berriei balioa emanda; edo Saikoneta proiektuko Andrés Pérez (ES) eta Ferni (ES), Saiko artistarekin Espainiako historian inoizko ezagutarazte-kanpainarik onena egin zuen lantaldea.
Gurean izango dira, halaber, George Drakoulias (US), Premier Music Groupeko zuzendari sortzailea, Grammy baten irabazlea, eta Barbie, Joker edo Batman bezalako filmen ikuskapen musikalaren arduraduna; Blanca Salcedo (ES), Sony Music Spain etxearen zuzendari nagusia; Itzel González (MX), sustatzailea OCESA etxean eta Vive Latino jaialdian; Michael Vega (US), CEOa Magnus Talent Agency etxean; eta Lilttle Spain lantaldea eta Toni Segarra (ES) solasean arituko dira mugarik gabeko sormenari buruz eta musikaren arloko branding estrategiei buruz. “Lurraldeak” izanik ildo nagusia, honako gai hauen inguruan arituko dira: espainiar musikaren esportazioa eta deskubrimendua, Adimen Artifizialak musikaren arloan duen testuingurua, erabilera eta horri buruzko eztabaidak; zuzeneko musikaren eta kontzertu-aretoen etorkizuna, edo UK-Koreako arrakasta-estrategiak musikaren esportazioari dagokionez, besteak beste.
Horretaz guztiaz gain, umoreak ere izango du tartea: La Ruina podcastaren edizio berezi batean, BIMEn akreditatutako profesionalen pasadizoen berri izango dugu, eta Albert Plá artista katalanak ere parte hartuko du bertan.
Aurtengo edizio honetan, lehen aldiz, musika-industriari eskainitako AUPA sariak banatuko dira, ostegunean, urriak 31, Euskalduna jauregian. Ekitaldi bateratzaile eta adierazgarria izango da, musika-industriaren garapenean egindako ekarpenagatik esker ona adierazteko eragileei, beren proiektu berritzaile, arriskatu eta sormenezkoengatik.
Komunitatea eta networkinga izanik ardatz, BIME guztiok eta guztiontzat egindako ekimena da, ekintzailetza ere biltzen duen programazioarekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker; gainera, sektoreko startup disruptiboen sorta bat ere bilduko da BIME Start Up! ekimenean eta, horren barruan, StartUp Competition lehiaketari hasiera emango dio Antonio Garamendik, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioaren (CEOE) presidenteak.