Euskadiko Filmategiko "Euskal emakume zinemagileak" zikloaren 4. edizioak 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran jaiotako zuzendarien 11 film eskainiko ditu udazken honetan

  • Euskadiko Filmategiko

  • Urria eta abendua bitartean, besteak beste Maider Oleaga, Arantza Santesteban, Alauda Ruiz de Azúa eta Clara Bilbao zuzendarien filmak emango ditu Euskadiko Filmategiak Gasteizen eta Donostian
  • Gainera, Donostiako eta Cannesko zinemaldietan, Il Cinema Ritrovato (Bolonia) jaialdian eta Lyoneko Lumière Zinemaldian izan ondoren, Tasio (Montxo Armendariz, 1984) pantaila handian ikusteko aukera izango dugu Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Euskadiko Filmategiak antolatzen duen "Euskal emakume zinemagileak" zikloaren laugarren edizio honetan, 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran jaiotako emakumezko zuzendarien 11 film emango dira aurtengo udazkenean. Urritik azarora, egileek berek hautatutako dokumentalak eta fikzioak izango dira ikusgai Tabakaleran (Donostia) eta Artium Museoan (Gasteiz); egileetako gehienek beren lanak aurkeztuko dituzte bi hirietan.

Ikasturtea hasteko, euskal kulturako hiru figura garrantzitsuren erretratuak izango ditugu. Señales de vida: Néstor Basterretxea (Gentzane Martínez de Osaba eta Alejandro García de Vicuña, 2014) lanak eskultore bermeotarraren bizitza eta obra erakusten dizkigu; hain zuzen, duela ehun urte jaio zen artista. Maider Oleagak elkarrizketa bat proposatzen du Elbira Zipitriarekin (ikastolen bultzatzailea frankismoan) Muga deitzen da pausoa (2018) obran, eta Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk Eulalia Abaitua (aitzindaria izan zen argazkigintzaren munduan Bilbon, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran) nor izan zen erakutsi digute Norberaren gela (2021) lanean.

Dokumental pertsonalagoak ere badaude zikloan, hala nola Bost minutu (Amaia Nerekan, 2021): Galiziako kartzela batean preso dagoen aita bat emaztearengandik eta semearengandik bereizita nola bizi den erakusten du. Bestalde, Arantza Santestebanek, 918 gau (2021) obran, bi urte eta erdi kartzelan emateak eragin zizkionak kontatu ditu. Zarata (2023) lanean, aldiz, Tamara García Iglesiasek bi lagunen erlazioak erakusten ditu, eta Alauda Ruiz de Azúak amatasunaren erretratu zehatza egin du sari asko jaso dituen Cinco lobitos (2022) lanean.

Euskal emakume zinemagileak IV zikloan, gainera, bi istorio kolektibo programatuko dira: Nosotras, mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016), Euskalduna ontziola ixtea saihesteko borrokari buruzko filma, eta Cabeza y corazón (Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxea, 2021), gurpil-aulkian dabiltzan emakumeen Espainiako saskibaloi-ekipoari eta 2020ko Joko Paralinpikoetarako lortu zuten sailkapenari buruzko dokumentala.

Azkenik, La ama (Arantza Ibarra eta Luisje Moyano, 2016) filmak bondagearen, menderatzearen eta sadomasokismoaren munduan sartzeko proposatzen digu, eta Clara Bilbaok makien garaiari buruzko film beliko bat ekarriko du: Tratamos demasiado bien a las mujeres (2024); Carmen Machi, Antonio de la Torre eta Luis Tosar dira protagonistak.

Halaber, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984), Nafarrako ikazkinak (1981) dokumentalarekin batera ikusteko aukera egongo da Iruñean (urriaren 11n eta 18an -Nafarroako Filmategiak antolatzen ditu paseak-), Bilbon (azaroaren 9an eta 15ean -Zinebik antolatzen ditu proiekzioak-), Donostian (abenduaren 15ean) eta Gasteizen (abenduaren 22an). Tasiok 40 urte bete ditu aurten, eta Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza bati esker. Jaialdi hauetan ere ikusi dute aurten: Cannesko (maiatzean), Boloniako Il Cinema Ritrovato (ekainean), Donostiako (irailean) —han estreinatu zen, 1984an— eta Lyoneko Lumière (urrian) zinemaldietan. Nafarrako ikazkinak (Montxo Armendáriz, 1981) Euskadiko Filmategiak zaharberritu du.

Ikusi zikloa

filmoteka.eus

  • DataIrailak 30
  • Gaia Ikus-entzunezkoa