Hegoalde gizarte-etxean Berdintasunerako bide luzea: Euskadiko emakumeak XX. mendean izeneko erakusketa egongo da ikusgai bihartik, asteazkenetik, urriaren 31ra arte. Erakusketa Mario Onaindia Fundazioak bultzatu du eta emakumek XX. mendean eskubideen alde egindako borroka erakusten duen ibilbidea jasotzen du.
"Erakusketa honi esker, gure eskubideak lortzeko euskal emakumeek bizitzako errealitate eta prozesuak erakusten dituzten 102 argazki miretsi ahal izango ditugu. Argazkiak liburu batean ere bildu dituzte eta emakumeok bizi dugun desberdintasunaren inguruko gogoeta piztu nahi du argazkiak ikusten dituztenen artean", adierazi du Gasteizko Berdintasuneko zinegotziak, Ana López de Uraldek.
Irudiak lau aldi nagusitan antolatuta daude eta berdintasuna lortzeko bide luze horretan izandako lau fase islatzen dituzte. Lehenengoak XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan izandako lehen aldarrikapen feministak ditu oinarri.
Argazkiekin aurrera jarraituta, II. Errepublikan (1931-1939) emakumeen eskubideak aitortu zituzteneko garaia azaltzen da. Ondoren, frankismoaren negu luzea (1939-1975) dago jasota. Fase hartan, emakumeen eskubideen aitortzan atzerapena gertatu zen. Eta, amaitzeko, demokraziaren itzulera dago islatuta, berriro ere, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egin zen garaia. Aldi horietako bakoitzean, hiru ardatz tematiko jorratu dira: hezkuntza, eskubide politikoak eta lanaren mundua.