Hitz-irule, euskarazko irakurketa errazeko liburuak bultzatzea, sortzea eta argitaratzea helburu duen egitasmo berria

  • Hitz-irule, euskarazko irakurketa errazeko liburuak bultzatzea, sortzea eta argitaratzea helburu duen egitasmo berria

2018an ekin zion Irakurketa Erraza Euskadi elkarteak irakurketa errazera egokitutako klasiko unibertsalak euskaraz argitaratzeari. Euskarazko literatura errazeko liburuak sortzen eta argitaratzen jarraitzeko eta liburu horiei txoko propioa eskaintzeko asmoz, Hitz-irule jaio da orain. Lina Ugarte Sauretekin eta Nerea Aizpurua Iraolarekin hitz egin dugu egitasmo berriaren nondik norakoez.


Zer da irakurketa erraza, zehazki?

Irakurketa erraza (IE) testuen formatu bat da, idazteko modu bat. Ardura eta ildo bereziekin landutako liburuak eta dokumentuak dira, irakurmen- eta ulermen-zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertu ahal izan ditzaten.

Testu horiek sortzeko IFLA (Liburutegien Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioa) eta Inclusion Europe nazioarteko erakundeen arauak jarraitzen dira, testuen eduki, hizkuntza eta formari dagokionez.


Irakurketa Erraza Euskadi elkarteko kideak zarete biok. Zein dira elkartearen lan-ildo eta egiteko nagusiak?

Lan-ildo desberdinetan aritzen gara, hala nola, IE formatuko mota desberdinetako dokumentu ulergarriak sortzen edo egokitzen ditugu eta IE taldeak martxan jartzen eta dinamizatzen ditugu euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, gai hauen guztien inguruko formakuntzak ematen ditugu, eta aholkularitza ere eskaintzen dugu.

Azken finean, gure egiteko nagusia da irakurtzeko eta ulertzeko zailtasun-mota desberdinak dituzten pertsonei informazio eta testu ulergarrietara sarbidea ahalbidetzea. Eta, beraz, jorratzen ditugun testu-motak askotarikoak dira: administraziokoak, osasunarekin eta norberaren autonomiarekin zerikusia duten gaiak, hezkuntzakoak...

Noski, kulturaren eta literaturaren arloan ere lan asko egiten dugu. Euskadiko liburutegiekin elkarlanean aritzen gara, liburutegiak, kultur etxeak eta horrelako espazio publikoak pertsona guztiei irekita egon daitezen eta denek erabili ahal izan ditzaten. Hori, batez ere, aipatu ditugun IE taldeen bitartez lortzen dugu. Eta lan honetan guztian ere, azkenean euskarazko IE liburuak argitaratzera ere animatu ginen, eta bide horretan ere badaramatzagu urte batzuk.

(Intrigazko bost ipuin liburuko orrialde bat)


2013an elkartea jaio zenean, ez omen zegoen irakurketa errazeko materialik euskaraz. Zorionez, hori aldatuz joan da azken urteotan "Kalafate" bildumari esker. Zer-nolakoa da egungo egoera gaztelaniazko materialarekin konparatuta?

Badakigu zaila dela euskaraz orokorrean liburuak argitaratzea, eta, are eta zailagoa, euskaraz IEko liburuak atera ahal izatea. Zaila da, beraz, gaztelaniaz Lectura Fácil (LF) formatuan dauden liburu kopuruetara iristea euskaraz, hiztun eta irakurle gutxiago garelako. Gainera, estatu mailan ere lan asko egiten da zorionez, eta gero eta LF literatura gehiago dago.

Hala eta guztiz ere, ibilbidea hasi genuenetik euskaraz gero eta irakurle gehiago izatearen helburua betetzearekin oso pozik gaude eta, argitaletxe arrunta izan gabe ere, "Kalafate" bildumak izan duen arrakastarekin.

Gero eta euskarazko IEko irakurketa-talde eta irakurle gehiago ditugu. Ondorioz, gero eta liburu gehiago behar dituzte noski, eta orain material horiek eskaintzeko gai garela esan dezakegu. Horregatik guztiagatik, IEko literaturaren ibilbide hori sendotzen jarraitu nahi dugu.


Berriki, beste urrats bat egin, eta Hitz-irule proiektua sortu duzue. Zer da, zehazki? Zer helburu ditu?

Bai, euskarazko IEko literaturaren bidea sendotze horretan, 2024an Hitz-irule proiektua sortu dugu. 2016an, euskarazko IEko irakurketa-taldeei eta gure irakurleei ondo erantzun ahal izateko, erabaki genuen ospe handiko idazleen klasiko unibertsalen bilduma argitaratzea euskaraz, IE formatura egokituta: "Kalafate".

Ordutik, guztira 7 liburu argitaratu ditugu: Kapitain ausartak, Zentzua eta sentiberatasuna, Peter Pan, Basabizitzaren deia, Munduari bira 80 egunetan, Cantervilleko mamua eta Talismana, azken hori 2024aren hasieran.

Euskarazko "Kalafate" bildumaren arrakasta ikusita eta euskarazko IE liburuak sortzen eta argitaratzen jarraitzeko ilusioz, liburu horiei txoko propioa sortzea erabaki dugu. Txoko hori liburu askorekin eta bilduma berriekin imajinatzen dugu (genero literario askotakoak, klasikoak zein garaikideak). Gero eta pertsona gehiagok euskaraz irakurriz gozatzeko helburuz eta munduko edozein txokotako irakurleengana iristeko gogoz sortu dugu Hitz-irule.

Gainera, Hitz-irule abiatzearekin bat, "Bost ipuin" izeneko bilduma berria argitaratu dugu. Pasa den ekainean Intrigazko bost ipuin lehen liburua argitaratu genuen. Argentinako idazle esanguratsuen ipuinak biltzen ditu. Bilduma hau argitaratzeko Argentinako Lengua Franca elkartearekin ari gara lankidetzan: haiek Argentinako ipuin horiek Lectura Fácil formatura egokitu dituzte, eta guk euskarara itzuli ditugu.

(Talismana liburuko orrialde bat)


"Kalafate" bilduman argitaratu izan dituzuen liburuak (azkena, esan diguzuenez, aurten bertan, Walter Scotten Talismana) literatura unibertsaleko klasikoen itzulpenak dira. Euskarazko lan originalak argitaratzea planteatzen duzue? Zer gehiago darabilzue buruan?

Bai, buruan ideia asko ditugu, eta bihotzean, nahi ugari. Beraz, gustatuko litzaiguke euskarazko lan originalak argitaratzea IE ildoei jarraituz. Batez ere, guri gustatzen zaizkigun gaiei buruz aritu nahi dugu: kultura, toki eta pertsona desberdinen errealitatea, jakinduria, historia...

Oraindik ideia horiek definitu egin behar ditugu. Espero dugu 2025ean hasi ahal izatea lan horrekin ere.


Material berri hori oso erabilgarria izango zaie euskarazko irakurketa-taldeei. Zuen ustez, zer-nolako garrantzia dute irakurketa-taldeek? Sare hori zabaltzen jarraitzea garrantzitsua da, ezta?

Irakurketa errazeko liburu baten irakurketa konpartitzeko eta komentatzeko astero biltzen diren pertsonen taldeak dira. Saioetan zehar dinamika ezberdinak erabiltzen ditugu euskarazko mintzamena praktikan jartzeko eta euskarazko testuen ulermena lantzeko.

Beraz, saioek aukera ezin hobea ematen diete parte-hartzaileei eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko eta euren artean komunikatzeko. Gainera, asko gozatzen dugu taldeetan euskaraz, kulturaz eta irakurketaz. Esperientzia oso aberasgarriak bizi ditugu parte hartzen dugun guztiok, eta taldeetatik kanpo ere mantentzen diren lagun berriak egiten ditugu.

Liluratuta gaude euskara horren guztiaren erdian egoteaz eta horren guztiaren eragile izateaz. Beraz, arrazoi askorengatik, guretzat ezinbestekoa da euskarazko IE taldeek jarraitzea.


Zer ekarpen egiten diote irakurketa errazeko liburuek gizarteari eta zer leku dute hizkuntzaren erabileran eta normalizazioan aurrera egiten segitzeko?

Irakurketa errazeko liburuek ekarpen handia egiten diote gizarteari orokorrean, era askotako pertsonei zuzenduta baitaude. Irakurle-mota asko ditugu: euskara ikasten ari direnak, ikasketa- edo ulermen-nahasmen ezberdinak dituztenak (dislexia, arreta-nahasmenak...), desgaitasun intelektuala duten pertsonak, euskara ama-hizkuntza dutenak baina ez direnak euskaraz alfabetatuak izan...

Euskaraz idatzitako irakurketa errazeko literaturak aukera eman diezaieke pertsona askori lehenbizikoz beren hizkuntzan irakurtzeko. Euskara hizkuntza berri bezala ikasten ari direnei, berriz, euskara ikasteko prozesua arintzen eta indartzen laguntzen die. Gainera, euskarazko literaturaz gozatu eta gero, euskarazko formatu arruntaren irakurketara jauzi egin dezakete denek.

Irakurketaren bidez, gizartean hazi egiten da euskararen erabilera eta kulturaz gozatzen dutenen kopurua.


Zein dira Irakurketa Erraza Euskadi elkartearen erronka nagusiak? Eta Hitz-irule proiektuarenak?

Gure erronka nagusiak dira irakurle berriengana iristea, liburuak argitaratzen jarraitzea eta material- eta bilduma-mota desberdinak sortzea, eta baita ere IE taldeak mantentzea eta berriak martxan jartzea edo beste batzuei martxan jartzen laguntzea.

Gainera, aspalditik irakurle gazteenengana, haurrengana, iritsi nahi dugu euskarazko IE literaturarekin. Gure bildumak gazte eta helduentzat oso egokiak dira, baina irakurtzen hasten ari diren eta irakurtzeko ohitura hartzen ari diren haurrei euskaraz ondo erantzutea falta zaigu oraindik.

Urratsez urrats goaz. 2024a bukatu baino lehen, "Kalafate" bildumako 8. liburua argitaratuko dugu, klasikoen artean oso famatua izan den ikertzaile baten istorioak jasoko dituena. Eta 2025ean, "Kalafate" bildumarekin jarraitzeaz gain, "Bost ipuin" bilduma berriko bigarren liburuarekin jarraituko dugu. Ilusio handiz kontatuko dizuegu laster zein diren liburu horiek.


(2024ko urriaren 1ean argitaratutako Berezia)