"Haur eta gazte literatura irakur gida 2023"


Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sarean jarri du 2023. urtean euskaraz argitaratutako haur eta gazteei zuzendutako231 liburuen sailkapena biltzen dituen argitalpena: "Haur eta gazte literatura irakur gida 2023". 14 lagunek osatutako lantaldeak urteko argitalpen guztiak irakurri, aztertu eta hiru ataletan multzokatu ditu: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bana gehitu diete.

14 lagunek osatutako lantaldea

Gidaren hitzaurrean adierazi duten moduan, "gida hau talde baten lan jarraituaren eta liburu askoren irakurketaren emaitza da. Guraso, irakasle eta bibliotekarientzat lagungarri izan nahi du".  Bildumaren egileen iritziz, gida honek "ezin du irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketak sortzen duen plazerra bera ere, ez baita talde honek egiten duen irakurketaren adierazpena baino".

2023. urteko gida egiteko, haur eta gazte literaturarekin lotutako zortzi erakundetako 14 lagunek hartu dute parte, tartean, liburuzainek, eskoletako irakasleek eta Mondragon Unibertsitateko adituek. Hain zuzen ere, oraingo edizioko irakurle taldea osatu dute hurrengo lagunek: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Biblioteka), Laida Zubia (Bergarako Udal Biblioteka), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Biblioteka), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Biblioteka), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Biblioteka), Gurutze Urrutia, Edurne Urbiztondo, Aitziber Arrese eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Itziar Murua (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskolako irakasle ohia), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola), Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (Mondragon Unibertsitatea); koordinatzaile lanetan ibili da Mondragon Unibertsitateko Marikarmen Apraiz. Aurtengo azalaren diseinua Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko Maddi Martin ikasleak egin du.

Sailkapena: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia

Gidaren sarreran, egileek eurek azaltzen dituzte lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko erabili dituzten irizpideak: "Haur eta Gazte Literaturaz 2023. urtean euskaraz publikatu dena irakurri eta gero, gure irakurketak kontrajartzen ditugu. Balorazioa hainbat aldagai kontuan izanda egiten dugu; besteak beste: hizkuntzaren erabilpena, kalitate literarioa eta gaiari ematen zaion tratamendua”.Liburu guztiak irakurri ondoren, hiru ataletan multzokatu dituzte lanak: “Liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken horiei erreseina bat gehitzen zaie".

Adin-taldeka ere sailkatu dituzte liburuak, baina azaldu dute zenbaki hori "orientagarria" baino ez dela: "Sailkaezinak dira garapen-erritmoak, haurren zaletasunak, etab. Gure ustetan, haurrek liburuen aukeraketa librea egitea oinarrizkoa da, are gehiago, irakurketarako grina sortzeko funtsezkotzat jotzen dugu".

Bilduma eskertua da Haur eta gazte literatura irakur gida; horren erakusgarri, urtero, gida hau dela Mondragon Unibertsitateak argitaratzen dituen argitalpenen artean deskargatuenetarikoa. 2023-2024 ikasturtean landutako irakur gida argitaratuta, hurrengo literatur gidaren lanketarekin hasi da taldea dagoeneko.

1990. urtean hasi ziren Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Haur Liburu Mintegiko kideak literatura gida kaleratzen. Proiektua elkarlanean egiten dute fakultateko arduradunek, Debagoieneko udal liburutegiko eta ibarreko ikastetxeetako irakasleekin batera. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak, sarean jarrita daude.


  • DataUrriak 2
  • Gaia Literatura
  • ArgitalpenaIRAKURRI