Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura eta sorkuntza garaikidea kanpoan proiektatzea du helburu. Eta helburu hori lortzen laguntzeko, inspirazio-iturri ditugun euskal artista eta sortzaileei eta euskarari eta euskal kulturari lotutako pertsona nabarmenei ahotsa emango dien ingelesezko podcasta abiatu du: BASQUE.
Elkarrizketa, narrazioa eta dokumental zatiak uztartzen dituen formatu batean, Oier Aranzabal kazetaria zinema, gastronomia, hizkuntza eta artearen munduko zenbait pertsona esanguratsuren etxera edo estudiora sartuko da, eta mikrofonoaren aurrekoan jarriko ditu.
Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira lehen denboraldiko protagonistak. Jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost ataletan, elkarrizketatuek euren ibilbide pertsonal eta profesionalen berri emango dute, baita hausnarketan murgildu ere nortasunari, arrakastari, artearen definizio eta funtzioari zein euskararen etorkizunari buruz, besteak beste. Guretik abiatutako hausnarketak izango dira, izaera unibertsaleko gaiekin bat egiten dutenak, eta nazioarteko audientziekin konektatzea bilatzen dutenak.
Ulu Mediarekin batera ekoiztutako BASQUE. podcastak euskal kultura eta sorkuntzari begiratzeko leiho berri bat zabaltzen du bere protagonistak erdigunean jarrita. Egungo kodeetara egokitutako kalitatezko edukiaren bidez, podcast honek euskal eszena artistikoa gure mugetatik kanpo ikusaraztea eta aintzatestea du helburu, baita euskal kulturarekiko pertzepzio globala indartzea ere. Horrekin batera, euskal kultura eta sorkuntza garaikideari buruz lehen pertsonan idatzitako narratiba bat eraikitzen lagundu nahi du, Euskal Herria nortasun propio bat eta hizkuntza berezi baten jabe den eta, era berean, kultura sortzaile eta erakargarri bat duen lurralde bezala proiektatzeko.
Podcasta, gorantz doan formatua
Azken hamarkadan hazkuntza handiena izan duen formatuetako bat da podcastarena. Audioak beti izan duen gertutasunak, storytelling molde berritzaileek eta streaming plataformen bidezko mundu osorako banaketak on demand audioa oso tresna erakargarria egiten dute Etxepare Euskal Institutuaren helburuak gauzatzeko.
BASQUE.-ren lehen denboraldia urriaren 15ean hasiko da Estibaliz Urresolari egindako elkarrizketarekin. Gainerako atalak bi astero plazaratuko dira urria eta azaroa bitartean hainbat podcasting plataformatan: Spotify, iVoox, Apple Podcast, Amazon Music eta Google Podcast. Etxepare Euskal Institutuaren webgunean ere entzungai egongo dira, etxepare.eus/eu/gaurkotasuna/podcast atalean.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartean proiektatzeko, eta horien bidez beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin harreman iraunkorrak eraikitzeko egiten du lan. Horretarako, kalitatezko jarduera artistikoak sustatzen ditu, eta kulturaren alorreko sortzaile, artista eta profesionalen mugikortasuna bultzatzen du. Euskal ikasketak ere bultzatzen ditu eremu akademikoan. Era berean, nazioarteko eragileekin lankidetza sustatzen du, bai kulturaren arloan, bai esparru akademikoan.