Mazokak, Vitoria-Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azokak, errekor guztiak hautsi ditu bederatzigarren edizioan parte hartzeko interesa agertu duten 379 marrazkilarik egindako eskaerarekin. Azoka abenduaren 20tik 22ra izango da, Montehermoso Kulturunean, gaur goizean Gasteizko udaletxean egindako prentsaurrekoan iragarri den bezala.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Marta C. Dehesa Mazokako zuzendariak eta ekitaldia babesten duten erakundeen ordezkariek. Horietako batzuk izan dira Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotzi Maria Nanclares, Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Díaz de Corcuera, Ekonomiaren Garapeneko eta Berrikuntzako foru-zuzendari Ander Larrinaga eta Laboral Kutxako Komunikazioko lurralde-arduradun Kepa Ortiz de Urbina.
"Pozgarria da Gasteizko agendan ezinbesteko ekitaldia den hau berreskuratu ahal izatea. Bertan, sormen-industriak izango dira protagonistak. Mazoka jaialdi grafikoa da eta marrazkigintzan, ilustrazioan eta arte plastikoetan sortzen ari diren balio berriak ezagutzeko aukera emango digu. Horiek guztiek profesional ospetsuekin partekatuko dute espazioa", adierazi du Maria Nanclaresek.
Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, "Mazoka Gasteizko tokiko talentuarentzako topagunea, erakusleihoa eta tranpolina da eta horixe bera da Kultura eta Hezkuntza Sailaren zeharkako ardatzetako bat: tokiko artistak bultzatzea. Mazokak eskaintzen dituen bekei esker, mazokalari askoren ibilbideak gora egin du".
Antolakuntzak adierazi duenez, Azoka berezi horretan parte hartzeko eskaerak Espainia osotik iritsi dira: Kanariar uharteetatik, Menorcatik eta Mallorcatik, bai eta urrun dauden probintzietatik ere, hala nola Badajozetik, Jaenetik, Murtziatik edo
Galiziatik. 64 eskaera Araban jaio edo bizi diren pertsonenak dira, eta horrek esan nahi du igoera oso handia izan dela aurreko edizioekin alderatuta. Gainera, batez besteko adina oso gaztea da.
Nabarmendu beharreko beste bi datu nazioartetik iritsitako eskaerek izandako etengabeko gorakada da. Hori dela eta, Alemania, Iran, Nigeria, Italia, Kuba, Kolonbia, Suedia eta Argentina herrialdeak ere ordezkatuta izango dira besteak beste.