"Developpe Dantza" Nazioarteko Lehiaketa 2026

Bilboko BBK Sala nazioarteko dantzaren gune izango da beste behin 2026ko urtarrilaren 22tik 25era bitartean egingo den Nazioarteko "Developpe Dantza" II. Lehiaketaren eskutik. Lehiaketa hori Developpe Dantza Elkarteak antolatu du eta BBKk, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu dute. 2026ko edizioan jardunaldi eta sari gehiago egongo dira eta jarduera gehiago antolatuko dira aldi berean; hortaz, dantza klasikoaren esparruan erreferente gisa sendotuko da.

Lehiaketaren bigarren edizioan hainbat berritasun egongo da, hala nola sari berri bat, Lifar Saria, sortu izana; hala, kategoria berezi bat sortu da, eta hori urtarrilaren 22an, hots, hasiera-egun osoan, izango da. Sari horrek Serge Lifar dantzari eta koreografoa omentzen du –hiru hamarkada inguruz, Parisko Operako Balleteko lehen dantzari eta zuzendari izandakoa–, bere heriotzaren 40. urteurrena dela eta. Lifar Fundazioaren laguntza izango du sariak, 3.000 euroko diru-kopurua ere, eta Charles Jude dantzari eta koreografoak zuzenduko du. Charles Jude fundazio horretako presidentea da, baita Parisko Operako izarra eta Nureyev Fundazioko Zuzendaritza Kontseiluko kidea ere.

Lehiaketan ohiko kategoria indibidualak egongo dira: Haur kategoria (10 eta 12 urte artekoak), Junior kategoria (13 eta 15 urte artekoak) eta Kategoria nagusia (16 eta 19 urte artekoak). Eta, lehenengo edizioan bezala, taldeentzako bi sari berezi izango dira, beste estilo batzuetara irekiak eta adin mugarik gabe: Multzo Librea eta Euskal Dantzaren Multzoa. Garaikurrak eta diplomak ez ezik, guztira 12.000 euro ere banatuko dira saritan irabazleen artean, bai eta hainbat beka eta egonaldi ere Espainiako, Europako eta Amerikako ikastegi entzutetsuetan: María de Ávila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioa (Madril), Corella Dance Academy (Bartzelona), Dantza Konpainia Nazionala (Madril), Alberta Ballet (Kanada), Sodreko Ballet Nazionala (Uruguai), Academie Internationale d’Été (Niza) eta Jude & Mikhaelev Ballet Academy (Bordele), besteak beste.

"Developpe Dantza" Lehiaketaren bigarren edizioko epaimahaia nazioarteko talde profesional batek osatuko du berriz ere, Charles Jude epaimahaiburu dela. Gainerako epaimahaikideak hauek izango dira: Muriel Romero (Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendaria), Leire Ortueta (Royal Balleteko dantzaria eta Royal Ballet Schooleko irakaslea), Mónica Zamora (Birmingham Royal Balleteko dantzari nagusia) eta Mikel Gonzalez Pujana (Bizkai Folklore Taldeko kidea). Horiekin batera, Jesús Vallinas dantza-argazkilari aditua, zeinak beste sari berri bat emango duen: Irudi Eszeniko Onenari. Sari-banaketako ekitaldia azken egunean izango da, urtarrilaren 25ean, igandea, arratsaldean (goizean finala izango da), eta ekitaldian dantzari profesional gonbidatuen emanaldiak izango dira. Urtarrilaren 22tik 25era bitartean, lehiaketako jarduera guztietarako, sailkapen-faseetatik hasita amaiera-ekitaldira arte, txartelak egongo dira eskuragarri, jendeak ere parte har dezan.

Zabalik dago Nazioarteko "Developpe Dantza" II. Lehiaketan izena emateko epea, 2026ko urtarrilaren 15era arte. Baina, lehenago, aurtengo abenduan, antolatzaileen esanetan "Developpe Dantzaren mamia lehiaketaren egun zehatzetatik haratago hedatzea" xede duten jarduerak izango dira. Hala bada, abenduaren 9an, Aukeran konpainiak Aiurri pieza aurkeztuko du Bilboko BBK Salan. Ikuskizunean hamar bat dantzari arituko dira, Edu Muruamendiarazek zuzenduta, Xabi Aburruzagaren musikaren erritmora. Halaber, abenduaren 15etik 19ra bitartean, BBK Kunan Serge Lifarri buruzko (Ukraina, 1905-Suitza, 1986; frantses nazionalizatua) erakusketa bat izango da. Lifar dantzaria, koreografoa, maisua eta ballet klasikoaren ikertzailea da, funtsezko figura dantzaren historian, eta, besteak beste, Frantziako eskola berritzen lagundu zuena. Erakusketa horretan (sarrera doan) hainbat objektu egongo dira ikusgai (argazkiak, agiriak, jantziak...)., Lifarren jardunbidea eta nazioartean duen eragina ezagutarazteko.

Nazioarteko "Developpe Dantza" II. Lehiaketari buruzko argibide guztiak www.developpedantza.eus helbidean daude.

 

 

BBK Sala

Laburrean

  • Epea 2025(e)ko Azaroak 7(e)tik 2026(e)ko Urtarrilak 15(e)ra
  • EntitateaBBK
  • Deialdi-motaSariak eta lehiaketak
  • SektoreaArte eszenikoak
  • JardueraErakusketa eta programazioa
  • Deialdia OINARRIAK

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.